Irakurriena
- 1. MONDRAGONeko kooperatibak protagonista, gizartearen erronkei erantzunak ematen
- 2. Mundukideko kooperanteen Topaketa Arantzazun
- 3. Gerodanek MONDRAGONen egoitza nagusiko ekipamendu proiektu berria garatu du
- 4. "Jaguar Land Roverrek funtsezko laguntzaile teknologikotzat hartzen gaitu"
- 5. Mondragon Unibertsitateak hamar titulu berri eskainiko ditu hastear den ikasturtean
- 6. Zabalik da Fagor Herrigintza lankidetza programaren deialdi berria
- 7. Laboral Kutxa, Espainiar estatuko bigarren banketxerik onena Forbes aldizkariaren arabera
- 8. LABORAL Kutxak 134 milioi euroko irabaziak lortu ditu 2024ko lehen seihilekoan
- 9. Felix Ormaetxea Uribetxebarria zendu da
- 10. MONDRAGONek bere urteroko Kongresua egin du Bilbon
Eguzkiaren bi aurpegiak
Udan, haurrek izaten dute eguzkiaren kalteak jasateko arrisku gehien, bi urtez azpikoek gehienbat, krema eta arropa egokiekin babestu ezean.
Fototipo jakin batzuk dituzten pertsonak ere zigortzen ditu eguzkiak:
- 1 fototipoa (larruazal oso argia) eta 2 fototipoa (larruazal argia) dutenak.
- eguzkiari alergia diotenek ere kontu handiarekin ibili behar dute,
- argi-erupzio polimorfoa dutenek
- eguzkia hartzeko debekua eragiten duten sendagaiak hartu behar izaten dituztenek, besteak bete antibiotiko batzuk (minoziklina eta tetraziklina) edo hipertentsioaren aurkakoak.
D bitaminaren iturri
Eguzkitik babestu beharra dagoela adierazi dugu, baina ez da ibili behar eguzkiari iheska, eguzkiak lagundu egiten baitu D bitamina xurgatzen, eta alderdi hori, bitxia bada ere, funtsezkoa da gorputzaren zahartze-prozesuari aurre egiteko. Hormona batek bezala jokatzen du bitamina horrek, erraztu egiten du kaltzioa xurgatzea -osteoporisia eragozten du-; immunologia mailan, organismoaren defentsak murriztea ekar dezake D bitaminaren faltak.
Udako eguzkiaren eraginez, gainera, hobera egiten dute zenbait eritasun dermatologikok: psoriasia, dermatitis atopikoa, aknea, bitiligoa edo alopezia areata. Are gehiago, psoriasiak okerrera egiten du udazkenean, eta alopezia areatarentzat medikuek gomendatzen dituzten tratamenduen artean, eguzkia modu dosifikatuan hartzea dago (helioterapia edo eguzki-sendabidea esaten zaio).
Hala ere, eguzkiaren onurak gutxitu ere egingo dira behar adina arreta-neurri hartzen ez bada. Hartu kontuan gomendio hauek:
- Apurka-apurka hasi eguzkia hartzen. Lehen egunetan ez jarri eguzkitan 20 minutu baino luzaroago. Gero, gehitu pixkanaka-pixkanaka eguzkia hartzeko denbora.
- Mendian edo hondartzan. Mendian, altuera dela eta, eguzki izpiek ez dute hainbeste iragazki pasatzen eta indar handiagoz harrapatzen dute azala. Hondartzan, urak eta hondarrak areagotu egiten dute eguzkiaren argia. Egun lainotuetan ere kontuz, eguzki izpiek zeharkatu egiten baitituzte hodeiak.
- Ordurik onenak eta txarrenak. Erretzeko arriskurik gabe eguzkia hartzeko ordurik onenak: goizeko lehen orduak eta arratsaldeko azkenak. Ez hartu eguzkirik eguerditik arratsaldeko laurak artean.
- Botikak hartzen ari bazara, galdetu medikuari. Zenbait botikak eguzkiarekin azaleko erreakzioak eragiten ditu. Eguzkitan ez erabili alkoholez egindako perfume, lurrin edo desodoranterik.
- Krema eman lehenago. Eman berariazko krema eguzkitan jarri baino ordu erdi lehenago, bere osagai aktiboak zeluletan eragiten hasteko astia izan dezaten. Ordu erditik behin eta bainu bakoitzaren ondoren, eman berriro krema babeslea. Babes-indize handiagoko kremak erabili atal sentikorretan: aurpegian, sudurrean eta ezpainetan. Eta kanpoko kirola egiten baduzu, neurri bereziak hartu.
- Arreta berezia jarri behar da larru-azal sentikorrekin eta haur, pertsona heldu, emakume haurdun eta adinekoen kasuan; hobeto babestea eta eguzkitan denbora gutxiago egitea komeni da.
- Ezpainak. Udan gehitu egiten dira ezpainetako herpesak, eguzkitarako babesik erabiltzen ez delako. Erabil itzazu ezpainetako eguzki-iragazkidunak.
- Begiak. Babestu begiak eta begi inguruak beira polarizatuko eguzkitarako betaurrekoak erabiliz.
- Gatza eta kloroa kendu. Eguzkia hartu edo itsasoan nahiz igerilekuan ibili ondoren, dutxatu ur fresko gezarekin, gatza eta kloroa kentzeko, azalari kalte egiten baitiote. Dutxaren ondoren, krema hidratatzailea edo after-sun erako lozioa eman, azalak eguzkiaren eraginez galdutako hezetasuna berreskura dezan.