Irakurriena
- 1. MONDRAGONek etorkizuneko negozioak eta gizarte inpaktua indartzeko estrategia berretsi du aurtengo Kongresuan
- 2. MLAKOOPek 60. urteurrena ospatu du eta etapa berri bati ekin dio etorkizunari begira
- 3. Beste bi urtez EU4Dual Europako proiektuaren lidertzan
- 4. Kreanek eraikiko du Lascaray-LEAren lantegiaren aro berria
- 5. Gutun irekia Arizmendiarrietari
- 6. Fagor Arrasatek HERPASAren ekoizpen-unitatea erosi du, altzairu herdoilgaitzezko deposituen espezialista
Debagoieneko bi energia komunitate berri babestuko ditu Fagor Taldeak
Energia berriztagarrien bidean urratsak egiteko eta gertuko komunitatearen ekinbideak babesteko konpromisoari heldurik darrai kooperatiba taldeak. Zehatz esanda, ekarpen ekonomikoa egingo die horiei, eta, orain, horren ingurukoak adosten dabil Debagoieneko bi energia komunitateeekin. “Esangura handiko erronka da energia trantsizioarena. Urrats berriak eskatzen ditu bideak, eta, hor, ez da egitasmorik soberan. Energia berriztagarriak, kooperatibagintza, komunitatearen ahalduntzea, autoeratzea… Asko dira energia komunitatearen egitasmoek barnebildurikoak. Ahal den heinean, bultza egin behar zaie halakoei, ahal dela, eragileen, erakundeen eta enpresen elkarlanetik”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.
Azken urteotan goraka doa energia komunitatearen aldeko hautua egiten dutenen kopurua. Debagoienean, esaterako, hiru daude aurkeztuta dagoeneko: Bergarako Beregener, Elgetako Ixotzen eta Leintz bailarako Ekiola -guztiak babesteko erabakia du hartua Fagor Taldeak-. Energiaren erronkari heldurik darraite hirurek, aurkezpen hitzorduetan azaldu izan duten moduan, autokontsumoaren, energia berriztagarrien, kontzientziazioaren… aldeko urratsak eginez.
Debagoiena 2030, elkarlanerako sarea
Fagor Taldea kide den Debagoiena 2030 iraunkortasun sareak Eraginez piztu egitasmoa du abiarazirik, eta, hura oinarri, energia trantsizioari loturiko bailarako zenbait egitasmoren bultzatzaileekin dabil elkarlanean. Azken hilabeteotan aurkezturiko energia komunitateak ez dira salbuespen. Hain zuzen ere, energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumoa sustatzea edo eraikinen energia kontsumoa murriztea helburu duten edota izaera transbertsalagoa daukaten proiektuak aurki daitezke Eraginez piztuzen.
Garapen iraunkorrerako helburuekin bat
Fagor Taldeak hasia du garapen iraunkorrerako helburuak erdiesteko bidea. Horri loturik, Fagor 2030 iraunkortasun estrategia onartu zuen 2021ean, datozen urteetan heldu beharreko erronken nolakotasunaz jakitun -hark, berrikuntza eta lehiakortasuna, gobernantza demokratikoa, pertsonen ongizatea, planetarekiko errespetua eta gizartearen auto-eratzea ditu ardatz nagusi-. Eta, hor, Debagoiena 2030 iraunkortasun sareak bezala, heldu beharreko erronka nagusienen artean du eredu energetikoa eraldatzearena. “Herritarren, komunitatearen eta sektore guztietako eragileen inplikazioa eskatzen duen erronka da”, argitu du Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Hain zuzen ere, horixe bera da energia komunitateek heldua duten erronka.