Irakurriena
- 1. Andoni Jimenezek hartu du Tajoren zuzendaritza nagusia
- 2. Gustavo Belizek eta Daniel Innerarityk MONDRAGON Esperientzia Kooperatiboa ezagutu dute Otaloran
- 3. Arrasateko Olandixo eremuaren berrurbanizazioa
- 4. Eroskik abian jarriko du ‘Rojo con Rosa’, enpresa lidergoaren erronka handiez gogoetatzeko bideopodcast berria
- 5. Silizio Karburoaren alorreko soluzioekin, erdieroaleen merkatuko eskaintza indartu du Fagor Electronicak
- 6. MONDRAGONek etorkizuneko negozioak eta gizarte inpaktua indartzeko estrategia berretsi du aurtengo Kongresuan
BIMEk eta Mondragon Unibertsitateak kultura eta sormen industriak sustatzeko jardunaldia antolatu dute urrian
Mondragon Unibertsitateko LEINN graduko bi proiektu ekintzaile hautatu dituzte BIME Startup lehiaketan parte hartzeko, BIMEren eta Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatearen arteko lankidetza-akordioari esker; Euskadiko kultura- eta sormen-industrietan (KSI) ekintzailetza sustatzea da akordio horren helburua. Horregatik, Mondragon Unibertsitateko taldeek —SONDBOX (Irun) eta Rename (Bilbo)— BIMEren hurrengo edizioan hartuko dute parte; hain zuzen ere, urriaren 27tik 30era bitartean Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den musika-industriaren nazioarteko topaketan. Kulturaren eta sormenaren alorretan nazioartean erreferentzia diren eragileak bilduko ditu ekitaldiak.
Kulturaren eta sormenaren alorretan nazioartean erreferentzia diren eragileak bilduko ditu ekitaldiak
Akordioak —bi erakundeek hilabeteak daramatzate jorratzen Bilboko Berrikuntza Faktorian (BBF)— kultura- eta sormen-industrietan ekintzailetza bultzatzea du xede, eta startupen, enpresen, inbertitzaileen eta sektoreko profesionalen arteko topagune nagusietako batera hurbiltzen ditu LEINNeko ikasleak. Lankidetza horri esker, laguntza, bultzada eta agerikotasuna ematen zaie hazteko eta inpaktua izateko gaitasuna duten ekintzailetza-proiektuei.
Mondragon Unibertsitatea BIME Startupen
BIME Startup ekimenari esker, hautatutako bi taldeek aukera izango dute beren ekimenak ekitaldiaren erakusketa-gunean aurkezteko, kultura- eta sormen-industrien ekosistemako nazioarteko eragileekin harremanetan jartzeko eta, horrela, beren proiektu ekintzaileen ikusgarritasuna eta garapen-aukerak handitzeko.
Zehazki, SONDBOX taldea intsonorizatutako kabinen proiektu bat ari da lantzen, musikako eta ikus-entzunezko proiektu berriek erabili ahal izan ditzaten; Rename taldea, berriz, plataforma bat ari da jorratzen, artista berriei finantzak autogestionatzeko ahalmena emateko.
Aliantza horren bidez, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak indartu egin du ekintzailetzarekin —eraldaketarako tresna den aldetik— eta kultura-sektorearen garapenarekin duen konpromisoa
Aliantza horren bidez, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak indartu egin du ekintzailetzarekin —eraldaketarako tresna den aldetik— eta kultura-sektorearen garapenarekin duen konpromisoa, Euskadirentzat esparru estrategikoa baita. Halaber, erreferentziazko eragileekin —BIME, kasu— duen lankidetza finkatu egin du, LEINNeko ekintzaileek merkatuarekin konektatzeko, aliantzak sortzeko eta beren proiektuei hazarazteko benetako aukerak izan ditzaten.