Irakurriena
- 1. MONDRAGONen Berdintasun Jardunaldiak aldaketa kulturala sustatuko duten lidergoak lantzeko deia egin du
- 2. MONDRAGON Hospitalityra batu da Orkli
- 3. Automozio Dibisioetako kooperatibek bazkide laguntzaile izateko akordioa sinatu dute MGEPekin
- 4. Domusa Teknik-ek eta MONDRAGONek Hotta-n inbertitu dute, bero-hondarra konfort bihurtzeko
- 5. Leire Mugerzak “Gipuzkoako enpresaburu onenaren” ASPEGI 2026 Saria jasoko du
- 6. Belaunaldi-erreleborik ezak eta kanpo-talentuaren hazkundeak eragin zuzena dute euskal enpresen ordainsari-politiketan
Berrikuntza eta iraunkortasuna bat eginik Fagor Ederlanen
Orotara, 7,5 milioi euroko inbertsioa du aurreikusirik -berrikuntzari eta iraunkortasunari loturiko hamabi plan ditu aurkezturik-.
Hainbaten artean, haren lan lekuen ingurumen inpaktuari begirako ekintzak ditu martxan jarriak Fagor Ederlanek. Eta ISO 14001 eta ISO 50001 ziurtagiriak eskuratzeko jardun du lanean azken urteotan. Horretan geratu barik, sei proiektu ditu aurkezturik Eusko Jaurlaritzak ingurumenaren babeserako dituen laguntzetara -guztira, 5,3 milioi eurokoa da horien inbertsioa-, eta 0,7 milioi euroko laguntza du jasoa -inbertsio osoaren %13-.
Plan horien bidez, ingurumen inpaktua murrizteko ekinbideak abiaraziko ditu Fagor Ederlanek Bergarako (gasen trataerarako sistema aluminiozko labean eta tratamendu termikoan), Arrasateko Uribarri auzoko (emisio bilketarako linea fundizio plantan), Eskoriatzako (amina eta karbono organiko partikulentzako iragazkiak burdin fundizioan eta taladrinak iragazteko sistema zentralizatua) eta Usurbilgo (amina eta karbono organiko partikulentzako iragazkiak burdin fundizioan) lantegietan.
Ostera, materialei balioa emateko eta haiek berrerabiltzeko planekin dabil Fagor Ederlan. Besteak beste, Hazitek 2022ko partaide da, eta Burdint, Sopol, Paeram, Hicore, Deskar30 eta Semfem planetan dabil parte hartzen, orotara, 2,3 milioi euroko inbertsioarekin. Horrekin, hondar-beroaren aprobetxamendua handitzeko, eraikuntza materialetan hondakinen balorizazioan eragiteko edo ingurumen inpaktu murritzeko osagai urtuak ekoizteko bitartekoak bilatzen dira.
Aztarna murrizteko lanean
2020an eta 2021ean karbono aztarna neurtu ostean, hura murrizteko ekinbideekin dabil Fagor Ederlan. Besteren artean, buru-belarri dabil energia berriztagarrien erosketa prozesuetan; aluminio-aleazioak erabiltzeko ekintzetan -bigarren mailako aluminioak berrerabiltzean eta bizi zikloa hobetzean oinarritzen da-; iraunkortasunari loturikoak hornitzaileetara zabaltzeko zereginean; eta online bilerak areagotzeko ahaleginean -tartean, lekualdatzeak eta emisioak murriztea dakartza horrek-.