Berener Bergarako energia komunitateko bazkide laguntzaile bihurtu da Fagor

Berriki sinatu duen hitzarmenarekin, Berenerren kapital sozialean 145.000 euroko ekarpena egiteko konpromisoa hartu du kooperatiba taldeak. Horrek, besteak beste, San Martin eskolako zein Osintxuko eta Labegaraietako zenbait etxebizitzetako teilatuetan eguzki plaken instalazioak jartzea ahalbidetuko dio energia komunitateari.
Card image cap
2025/05/09

Berener Bergarako energia berriztagarrien komunitateko bazkide laguntzaile bihurtu da Fagor. Berriki sinatu duen hitzarmenarekin, haren kapital sozialean 145.000 euroko ekarpena egiteko konpromisoa hartu du kooperatiba taldeak. Horrek, besteak beste, epe labur-ertainean, San Martin eskolako zein Osintxuko eta Labegaraietako zenbait etxebizitzetako teilatuetan eguzki plaken instalazioak jartzea ahalbidetuko dio energia komunitateari.

"Trantsizio ekosozialaren eta iraunkortasunaren bidean, sakon landu beharreko gaia da trantsizio energetikoarena"

Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak azaldu duenez, energia komunitateek ekarpen garrantzitsua egiten dute bide horretan: "Berriztagarrietan oinarritutako bidezko eredu bat bultzatzen dute, demokratikoagoa, herritarren ahalduntzerako baliabideak eskaintzen dituena... Halako egitasmoak laguntzeko erabakia du hartua Fagorrek".

2022an sortu zen Berener, eta, ordutik, hainbat urrats egin ditu energia berriztagarrietan burujabe izateko helburuarekin. Tartean, bergarar guztiei zuzenduriko bazkidetza kanpaina abiarazi zuen 2023an. Horri esker, 72 bazkide erabiltzaile eta hiru bazkide laguntzaile ditu gaur egun, eta gehiago izatea da helburua. “300 bazkide erabiltzaile inguru batzea da erronka, Berenerren eguzki plaken instalazioen ekoizpena ahalik eta etxebizitza gehienetara hel dadin“, aitortu du Arianne Kareaga Irazabalbeitia Berenerreko lehendakariak. Datorren astean Osintxun (maiatzak 12) eta Bergaran (maiatzak 13) egingo dituzten bilera irekiekin berrelduko dute bazkidetza kanpaina.

Era berean, argindarraren sorkuntzarako plaka fotovoltaikoak jartzen hasiko da. Azpiegitura horiekin, 175 kilowatt izango lituzke Berenerrek, alegia, 0,5 kilowatteko potentziako paketeekin, 335 etxebizitza eta negozio txiki hornitzeko beste. Behinik behin, uztailean jarriko lirateke San Martin eskolako plakak, eta, udazkenean, Osintxu eta Labegaraietakoak.

"Fagor moduko bazkide laguntzaileen figura ezinbestekoa da Berener moduko herri proiektu bat garatzeko"

Bazkide laguntzaileen garrantzia
Fagorren ekarpena eta bazkidetzea eskertu ditu Berenerreko lehendakariak: “Fagor moduko bazkide laguntzaileen figura ezinbestekoa da Berener moduko herri proiektu bat garatzeko. Bergarako Udala ere berriki bazkidetu da, eta Alet enpresa, hasiera hasieratik, eraketatik bertatik, da bazkide laguntzaile“. Bazkide laguntzaile bakoitzak haren rol eta funtzioak izango ditu: kapital sozialean diru ekarpena egiteaz aparte, Kontseilu Errektorean parte hartzeko eta kooperatibaren funtzionamenduan edota proiektu komunitarioetan duen jakintza partekatzeko konpromisoa hartu du Fagorrek. “Debagoiena 2030 iraunkortasun sarearen markoan, eskualdean dauden beste energia komunitateekin saretzen eta nolabaiteko lotura finkatzen ere lagunduko du“, gaineratu du Kareagak.

Energia komunitateei laguntza
Azken urteetan, Debagoieneko energia berriztagarrien komunitateak babesteko eta laguntzeko “apustu irmoa“ du egina Fagorrek. Hori horrela, bailaran sortu diren energia komunitate desberdinetako bazkide laguntzaile bilakatu da: Leintz Bailarako Ekiola (Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza), Ixotzen (Elgeta) eta Berener (Bergara). Bailarako beste zenbait proiektutan ere ari da era bateko zein besteko laguntza eskaintzen.

Zortzi kooperatibek osatzen dugu Fagor Taldea