Irakurriena
- 1. KIDEk Berriatuan elkartuko ditu bere produkzio lantoki guztiak 2022 urterako
- 2. Nola egin aurre krisialdi bati kooperatibismotik?
- 3. Mondragon Goi Eskolak diruz lagundutako 70 ikastaro baino gehiago emango ditu profesionalak prestatzeko
- 4. LABORAL Kutxak 87 milioi euroko irabaziak lortu ditu 2020an, eta kaudimen-lidergoa indartu du
- 5. Euspot lehiaketak “Nekazaritzatik bizi nahi dugu!” izango du hizpide
- 6. IKERLANek “garun” pertsonalizatu bat diseinatu du Pasaban Taldeko makinetarako
- 7. Energia berriztagarria sortzeko kooperatibak sustatuko dituzte KREANek eta Energiaren Euskal Erakundeak
- 8. Rosa Carabel, Eroskiko zuzendari nagusia
- 9. Fagor Ederlanek 1,5 milioi euro bideratu ditu gizarte egitasmoak laguntzera
- 10. Urssa negozioari eusteko ahaleginetan
Belaunaldi berrientzat erreferente

Gai horren inguruan egin diren ikerketek ondorioztatu dute, datuak aztertuta, emakumezkoek humanitateen arlora jotzeko joera dutela. Emakumezkoak kopuruz gehiago diren ikasketa alorrak zuzenki lotuta daude gizartean emakumeekin lotzen diren rolekin: zaintza, hezkuntza, elikadura edo gizarte arloarekin. Ingeniaritzetan eta arkitekturan, berriz, gizonezkoak dira gehienak. Ikasketa teknikoak dira, beraz, maskulinizatuenak.
Eustat Euskal Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera, 2016-2017ko ikasturtean ikasleen %54k aukeratu zuten prestakuntza zientifiko-teknologikoa. Batxilergoko ikasleak kontuan hartuta, Lehen Hezkuntzatik iritsitako emakumezkoen %9k baino ez dute aukeratzen zientzia, teknologia, ingeniaritza edo matematika arloa. Unibertsitatean, berriz, %31 dira.
Mondragon Unibertsitatearen matrikulazio datuek ere berretsi egiten dute emakumezkoen presentzia urri hori. Gaur egun, ingeniaritza alorreko bederatzi titulazio eskaintzen dituzte unibertsitate horretan, eta horietako hirutan bakarrik da emakumezkoen kopurua gizonezkoena baino pixka bat altuagoa edo parekoa: Industria Diseinuan (%54), Industria Antolakuntzan (%51) eta Ingeniaritza Biomedikoan (%55). Ingeniaritza Informatikoan, Energia Alorreko Ingeniaritzan eta Ekoteknologian behera egiten du emakumezkoen presentziak; %35en bueltan dabiltza hiruretan. Unibertsitateak emandako iazko datuak aintzat hartuta, Ingeniaritza Elektronikoan (%15), Mekanikoan (%15) eta Mekatronikoan (%7) dago emakumezko ikasle gutxien.
Kopuruz gutxiago izan arren, ordea, “ausardiaz”, gizonezkoenak diruditen lanbideetan euren tokia egiten ari dira hainbat emakumezko. Ainhoa Sarasola (Beasain, 2000) eta Maider Ormazabal (Beasain, 1987) dira horietako bi. Sarasola Ingeniaritza Mekanikoko gradua egiten ari da Mondragon Unibertsitatearen Goierri campusean, Ordizian. Batxilergoan “oso argi” zeukan ingeniaritza ikasketak egin nahi zituela; hala azaldu du Sarasolak berak. “Betidanik izan dut gogoko marrazketa teknikoa, eta ederki moldatzen nintzen”.
Ormazabalek ere Goierri campusean egin zituen Ingeniaritza Mekanikoko ikasketak, baina duela ia hamabost urte ekin zion bide horri, eta goi mailako ikasketekin osatu zuen curriculuma; materialen arloan espezializatu zen. Gaur-gaurkoz, fundizio arloko diseinu arduraduna da Ormazabal, Idiazabalgo Ampo enpresan, eta hark ere hasieratik “oso argi” zeukan zein bide hartu nahi zuen: “Matematiketan, marrazketa teknikoan eta teknologian ondo moldatzen nintzen, eta, alor horiek oso gustuko nituenez, Batxilergo Teknologikoa egin nuen Goierri Eskolan”. Ormazabal iritsi zenean, Goierri campusean Ingeniaritza eskaintza zegoen bigarren urtea zen artean. “Eta atentzioa eman zidan emakumezkoen kopuru urriak, bai batxilergoan, bai unibertsitatean ere”.
Ereduen falta
Ormazabalek jakinarazi duenez, unibertsitatera iristean, lehen ikasturtean, 70 ikasletik sei baino ez ziren emakumezkoak, eta gazteenak azaldu du argazki hori ez dela askorik aldatu. Ikasleen artean bakarrik ez, gainera, irakasleen artean ere nabarmena baita emakumezkoen presentzia urria. “Institutu garaian, irakasle gehienak emakumezkoak ziren. Unibertsitatera iritsita, berriz, gizonezkoak dira gehienak”.
Baina, zergatik? Emakumezko ingeniarien erreferente falta al dago? Sarasola eta Ormazabalen ustez, bai, unibertsitateko ikasketei ekin aurretik ez baitzuten ezagutzen emakumezko ingeniaririk. Bi goierritarrek azaldu dutenez, “ingurukoen babesa” izan zuten ikasketak aukeratzean; “nortasun handiko emakumeak” direla azpimarratu dute, gainera. Hori bai, ezagutzen dituzte etxean babes hori jaso ez duten emakumezkoak ere. Ormazabalek dioen gisan, “zientzia alorrean eta marrazketan trebeak izan arren, Arte Ederretara edo patroigintza ikastera bideratu izan dituzte ikasle asko, beste aukerarik eman gabe”.
Iturria: https://gipuzkoa.hitza.eus/