Arizmendiko ikasleak protagonista Arrasaten egingo den Piztu Plaza sormen jaialdian

Apirilaren 25ean, Arrasatek euskarazko sormen jaialdi berezi bat hartuko du: Piztu Plaza. Ikastolen Elkarteak bultzatuta, gazteak euskal kulturaren sortzaile aktibo bihurtzea da helburua. Bertan, Arizmendi Ikastolako ikasleek protagonismo berezia izango dute, egun osoko egitaraua gidatzeko ardura hartuz.
Card image cap
Argazkian, Piztu Plaza ekimena antolatzeko ardura izan duten ikasleak, irakasleak, Manex Fuchs antzerkigilea, Maider Morras Arrasateko alkatea eta Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakaria.
2026/04/14

Datorren apirilaren 25ean, Arrasateko kaleak, plazak eta gune kulturalak gazte sortzaileen eszenatoki bihurtuko dira 10:00etatik 19:00etara. Piztu Plaza egitasmoaren barruan, euskal kulturgintzak eta gazteen sormenak bat egingo dute. Ikastolen Elkarteak sustatutako proba pilotu honetan, Batxilergoko eta Lizeoko ikasleak izango dira protagonista nagusia.

Ekimena ikasturte osoko lanaren emaitza da. Urrian hasi zen prozesua, eta, ordutik, ikasleek sormen-tailerrak jaso dituzte kultur eragile profesionalekin (antzerkigile, musikari eta dantzariekin). Hala ere, eszenaratzea eta azken erabakiak gazteen esku egon dira erabat.

Arizmendiko gazteak, anfitrioi eta gidari

Euskal Herri osoko ikastolak hurbilduko dira Arrasatera euren sorkuntzak erakustera (Aranzadi, Bernat Etxepare, Ikasberri eta Ander Deuna), baina etxekoak, Arizmendi Ikastolako Almen eta Gaztelupeko ikasleak, izango dira egunari bizia emateko arduradun nagusiak.

Arizmendiko gazteek hartu dute beren gain jaialdiaren girotze orokorraren eta aurkezpen lanen ardura. Haiek emango diote hasiera eta amaiera ekitaldiari Herriko Plazan, gazteen arteko saretzea eta elkarrekintza bultzatuz. Euskal Herri osoko 70 ikasle inguru aritu dira antolaketa-lanetan eta egunean bertan 150 ikasle espero dituzte Arrasaten.

Ekimenaren xedea, Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak adierazi duenez, gazteei protagonismoa ematea da: "Plaza egitasmoarekin argi erakutsi nahi dugu gazteak ez direla soilik etorkizuna; oraina ere badira. Euskaraz sortu eta plazara ateratzeko baldintzak eskaintzen ari gara, eta gazteek erakusten ari dira aukera hori aprobetxatzen dakitela". Gazteak ikusle pasibo izatetik sortzaile aktibo izatera igarotzea bilatzen da.

Manex Fuchs antzerkigileak azpimarratu du "espazio libreak sortzeko aukera" ematen duela antzerkiak eta espazio horietatik "euskaraz bizitzeko eta euskaraz amesteko aukera" sortzen dela, baita "emozioak eta pentsamoldea euskaraz lotzeko" ere. 

Arizmendi ikastolako Batxilergoko bi ikasle ere izan dira aurkezpenean, Sara eta June. Esan dutenez, "herri ezberdinetako gazteak elkartzeko eta ezagutzeko aukera interesgarria" izango da jaialdia.

Bukatzeko, Maider Morras alkateak nabarmendu du euskarak, gazteek eta sorkuntzak bat egitea "herri txiki hau handi izateko" bidea dela eta gehitu du "lehen edizioa Arrasaten egiteaz harro" dagoela.

K25A9335.JPG

Komunitatearen eta Ausolanen babesa

Piztu Plaza gazteek gazteentzat sortutako jaialdia bada ere, publiko zabalari irekia dago. Biteri plaza, Herriko plaza edo Kulturola tunela herritar guztientzako kultur topaleku bihurtuko dira.

Proiektu handi honek, baina, bidelagunak behar ditu aurrera egiteko. Ildo horretan, antolatzaileek bereziki eskertu dute erakunde eta enpresen inplikazioa. Horien artean dago Ausolan kooperatiba, Arrasateko Udalarekin batera, jaialdia posible egiteko laguntza eta babesa eskaini baititu, euskararen eta tokiko komunitatearen garapenarekin duen konpromisoa berretsiz.

Egitaraua

Hona hemen apirilaren 25erako prestatutako ekintza nagusiak:

Herriko Plaza

  • 11:00 Hasiera ekitaldia (Arizmendi Ikastola)

  • 11:30 Elektrotxaranga (Ikasberri Ikastola)

  • 18:45 Musika kontzertua (Ander Deuna Ikastola)

  • 19:00 Amaiera ekitaldia (Arizmendi Ikastola)

Biteri Plaza

  • 12:00 Antzerkia (Aranzadi Ikastola)

  • 12:30 Antzerki musikatua (Bernat Etxepare Ikastola)

  • 13:00 Elektrotxaranga (Ikasberri Ikastola)

Kulturolako Tunela

  • 14:00 Herri Bazkaria

  • 16:30 Inprobisazio dinamikak

Irakaskuntza