Arizmendiarrieta, etorkizunerako ikasgaiak

2026an 50 urte beteko dira José María Arizmendiarrieta, Mondragoneko Esperientzia Kooperatiboa inspiratu zuen apaiza, hil zenetik.
Card image cap
2026/01/19

Bizkaian jaioa (Barinaga, Markina, 1918), Gasteizko apaiztegian ikasi eta 1941ean iritsi zen Arrasatera. Beste ezeren gainetik, ideia-ereilea eta ekintza-gizona izan zen, pertsonen gaitasun eraldatzailean fede itsua zuena. Liderra, ikuspegiduna eta pragmatikoa. Gazte zendu zen, 61 urterekin, baina gaur egun oraindik bizirik dirauen legatu itzela utzi zigun. Haren pentsamendura hurbildu nahi dugu, lehentasunak zein zituen aztertu eta etorkizunera begira zer berreskura dezakegun ikusteko. Izan ere, hamarkadak igaro diren arren, haren planteamenduak guztiz baliagarriak dira egungo gizartearen beharrei erantzuteko.

Pertsonen erabakitzeko ahalmena

Arizmendiarrietarentzat, ekonomiak pertsonen zerbitzura egon behar zuen, eta ez alderantziz. Pertsonei jabetza eta kudeaketa ematen dien ereduaren alde egin zuen; hau da, bakoitza bere patuaren erantzunkide izatea. Erantzunkidetasun horrek konpromisoa, partaidetza-sentimendua eta, batez ere, gizarte-kohesioa sortzen zituela ulertzen zuen. Egungo testuinguru globalizatuan —kapitalaren arauek agintzen duten honetan—, ikuspegi horrek inoiz baino indar handiagoa du. Ez da nahikoa zenbakietan eta proiektuetan haztea; ezinbestekoa da balioetan, sustraietan eta berdintasunean ere sakontzea. Proiektuek, beraz, dimentsio bikoitza izan behar dute: enpresariala eta soziala.

Hezkuntza, eraldaketaren motorra

Haren lehen proiektua Arrasateko Eskola Profesionala izan zen —egungo Mondragon Unibertsitatea—; izan ere, argi zuen prestakuntza zela gazteak ahalduntzeko eta gizartea oinarritik eraldatzeko gakoa. Gazteak trebatzen zituen komunitatearen erronkei erantzuteko, irtenbide kolektiboak sortzeko eta gizartean eragiteko tresnak emanez. Gaur egun ere, hezkuntza da palankarik eraginkorrena etorkizuneko liderrek prestakuntza integrala, etikoa eta teknikoa jaso dezaten. Horrela bakarrik gidatu ahal izango dute balioetan oinarrituta mundu global eta hiperkonektatu hau. Horrez gain, badugu beste erronka bat: prestakuntzak lan-ibilbide osoan lagundu behar die pertsonei.

Pertsonak, hezkuntza, lankidetza, berrikuntza eta aberastasunaren banaketa. Horiexek Arizmendiarrietaren proiektuaren zutabeak; kontzeptu inspiratzaileak, gaurkotasun betekoak eta ezinbestekoak etorkizuneko gizartea irudikatzeko. Eta horretan lanean jarraitzen dugu MONDRAGONeko kooperatibok. Aurrera beti!

Lankidetza lehiaren aurrean

Lankidetza (kooperazioa) funtsezko hitza izan zen Arizmendiarrietaren bizitzan, eta bere proiektu guztien oinarria. Hain zuzen, interkooperazioa da MONDRAGONeko kooperatiben ezaugarririk behinena. Kooperatibek elkarri laguntzen diote, baliabideak partekatzen dituzte eta krisietan babesa ematen diote elkarri. Hiperkonpetentzia, prekarietate eta gizarte-zatiketako garaiotan, eredu kooperatiboa elkartasunean, erantzunkidetasunean eta ongia komunean oinarritutako «beste bide bat» da. Maila desberdinetako lankidetza tresna adimentsua da enpresen eta gizartearen etorkizunari aurre egiteko.

Aberastasuna sortu, modu bidezkoan banatzeko

Arizmendiarrietak ez zuen inoiz eredu inozo edo asistentzialistarik proposatu. Alderantziz: kooperatibek enpresa lehiakorrak, berritzaileak eta errentagarriak izan behar dutela defendatzen zuen, baina eredu kapitalista tradizionalarekin oinarrizko desberdintasun bat markatuz: sortutako aberastasuna modu bidezkoan banatu behar da. Kooperatibetan, exzedenteak (irabaziak) bazkideen eta langileen artean banatzen dira, eta enpresan nahiz gizartean berrinbertitzen dira. Kooperatiba indartzea ezinbestekoa da etorkizuneko belaunaldiei legatu bat uzteko. Formula horrek desberdintasunik sortu gabe haztea ahalbidetzen du —Euskadi da desberdintasun-tasarik txikiena duen munduko eskualdeetako bat—, ekonomia inklusiboagoa eraikiz. Etorkizunerako gomendioa argia da: enpresaproiektu jasangarriak eta irabazien banaketa ekitatiboa, kooperatiben kapitalizazioa eta komunitatean duten eragin soziala indartuz. Azken batean, enpleguaren, zerbitzuen, hezkuntzaren, berrikuntzaren eta elkartasunaren bidez komunitate kohesionatuagoak eta jasangarriagoak sortzea da bidea.

Baliodun berrikuntza

Berritzaile sozial handia izan zen. Ez zion beldurrik aldaketari, eta bere garaiari aurrea hartu zion; ondo zekien enpresen lehiakortasuna berrikuntza teknologikoari lotuta zihoala ezinbestean. Arizmendiarrietak industria-enpresak, ikastegi teknikoak, I+G zentroak eta kudeaketa-egitura aurreratuak sustatu zituen, baina uneoro argi izan zuen helburua: pertsonen bizitza hobetzea eta komunitatea indartzea. Adimen Artifiziala eta digitalizazioa bezalako iraultza teknologikoen erdian gaudenean, ezinbestekoa da berrikuntza teknologikoa eta antolakuntzakoa bultzatzea ipar etikoa galdu gabe, betiere ongia komuna bilatuz.