Irakurriena
- 1. Eroskik itzulkinak emango ditu 15 urte eta gero
- 2. Erreka Medicalek Microliquid integratu du osasun arloan aurrera egiteko
- 3. Etorki eta Lana kooperatibek Europa hegoaldeko zerrategirik eraginkorrena inauguratu dute
- 4. Abian da Harrobia: Mondragon Unibertsitateko ikasleek dagoeneko izena eman dezakete proiektuetan
- 5. MONDRAGONeko Lanbide Heziketa: talentua barneko kooperatibetan geratzen da
- 6. “Kooperatibara HURBILTZEN” formazioa eskainiko du estreinakoz LANKI Ikertegiak
Arizmendi Ikastolak elkartasuna agertu nahi die Fagor Etxetresna Elektrikoak kooperatibako langileei
Arizmendi ikastolak bere bazkide eta ikastolako kideei igorritako adierazpenak honela dio:
"Gu gara, zu eta ni, euskaldun eta kooperatibista, euskal ekintza kooperatiboa praktikatzen dugu, zuk eta nik, geuk, hemen eta orain, Leintz Bailaran.
Arizmendi ikastola, MONDRAGON TALDEko kooperatiba da, hezkuntza-kooperatiba, hain zuzen ere. Ikastola garelako, hezkuntza-kooperatiba euskalduna izatea dugu ezaugarri bereizgarria. Geure seme-alabak, gure haur eta gazteak, geure ikasleak, alegia, lagundu nahi diegu, bizitzan sortuko zaien edozein egoerari aurre egiteko pertsona euskaldun konpetenteak izaten. Eta aldi berean, guk, helduok, ikastolako profesionalok, gurasook eta kolaboratzaileok geure burua hezten dugu, heziz elkarri laguntzen diogu, geure ikasleekin batera, geure inguruko eragileekiko interakzioan.
Une mikatzetan du abagunerik onena elkartasuna erakutsi nahi duenak, gozoetan ere ezinbestekoa dela ahaztu gabe. Fagor Etxetresna Elektrikoak kooperatiba, egoera larrian dugu, enpresa bera eta bertako langile den pertsona bakoitza. Arizmendi ikastola osoak bere elkartasuna agertu nahi du, bai Fagor Etxetresna Elektrikoak kooperatibako langileei, eta bereziki ikastolan bertan zuzen edota zeharka egoera larri honek eragiten dien guztiei.
Eta elkartasunarekin batera, Arizmendi ikastolak ekingo dio egoera larri horrek eskatzen dion erantzun eraginkorra bilatzeari, bai epe laburrera, bai epe ertainera, izan ere, gure ikastolak bere ikasleak hezi behar ditu edozein egoerari aurre egiteko, euskalduntasunetik eta kooperaziotik. Halaxe jokatu beharra dauka, hezkuntza-kooperatiba bezala, alegia, bere inguruan suertatzen zaizkion egoera guztien aurrean, beren ikasleek lekukorik onena izan dezaten hitzetan eta ekintzetan.
Animo, horretan saiatuko gara, zu eta ni, gu, eta erakutsi dezagun euskaldun eta kooperatibista izaten dakigula"
Sinatuta: Jokin Mujika, lehendakariak.