Arizariren, Haize Berriren eta Shifaren proiektuak lagunduko ditu Fagorrek, Fagor Herrigintza bidez

Arizari proiektuak lortu du 60.000 euroko laguntza. Ohi moduan, kooperatiba taldeko bazkideek aukeratu dituzte Fagor Herrigintza bidez lagunduko diren hiru proiektuak; 1.585 pertsonek eman dute euren bozka –deitutakoen %36–. 38 eragilek aurkeztu dute euren proiektua.
Card image cap
Saharako kanpamenduko eskola bat. Argazkia: Arizari hezkuntza elkartea.
2025/12/15

Bukatu da Fagor Herrigintza lankidetza programaren deialdi berriko prozesua. Dagoeneko zehaztuta daude haren bidezko laguntza jasoko duten hiru gizarte proiektuak: Arizari hezkuntza elkartearen Mugarik Gabeko Ikasgelak (60.000 euro), Haize Berriren Aniztasun funtzionala duten gazteekin aisialdi eta kultur ekintzak (40.000 euro) eta Shifa elkartearen Tindoufeko saharar errefuxiatuen kanpamenduetara espedizioa (20.000 euro). Fagorrek 120.000 euro banatuko ditu orotara. Ohi moduan, kooperatiba taldeko bazkideek aukeratu dituzte Fagor Herrigintza bidez lagunduko diren hiru proiektuak. Zehatz esanda, 1.585 pertsonek eman dute euren bozka –deitutakoen %36–. 38 eragilek aurkeztu dute euren proiektua.

"Inoizko handiena izan da bozka faseko parte hartzea. Gainera, beste urte batez, asko eta askotarikoak izan dira euren proiektua aurkeztu duten eragileak. Ekimen interesgarri ugari jaso dira, leku eta dimentsio desberdinetakoak. Horrek guztiak berresten du Fagor Herrigintzak baduela nolabaiteko erreferentzialtasuna. Pozik egoteko modukoa da hori", azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko iraunkortasun arduradunak. Deialdiko oinarrien arabera aztertu eta baloratu ostean, bederatzi izan dira bozka fasean izan diren gizarte egitasmoak –hiru, laguntza lerro bakoitzeko–.

Laugarren aldia

Aurten, laugarrenez egin da Fagor Herrigintza. Fagorrek komunitatearekin duen konpromisoa oinarri, euskal gizartetik sortutako ekinbideak laguntzeko eta eurekin elkarlanean jarduteko sortu zen 2022an. Haren bidez, Garapen Iraunkorrerako Helburuei erantzun propio eta berritzaileak eman guran ari diren proiektuak bultzatu nahi ditu Fagorrek. Bazkideek hala erabakita, honako proiektu hauek lagunduko ditu Fagor Herrigintzaren 2025eko deialdian:

  • 60.000 euro: Arizari hezkuntza elkartea (Arizmendi ikastolari dago lotuta). Hezkuntza-arloan baliabide digitalak sustatzea eta elkartasun teknologikoa bultzatzea du helburu. Horretarako, Euskal Herriko ikastetxeetan baja emandako ordenagailuak berritzen ditu, software librea instalatu eta Amazigh (Errachidia-Marokoko hego ekialdea), Saharar kanpamendu zein Senegalgo eskoletara bidaltzeko. Formakuntza ere eskaintzen die bertako irakasle eta ikasleei.
  • 40.000 euro: Haize Berri aniztasun funtzionalaren aisialdi elkartea. Aniztasun funtzionala duten gazteei aisialdirako aukera eskaintzea du helburu. Haize Berri elkarteak hainbat ekintza antolatzen ditu bide horretan –txangoak, tailerrak, jarduera kulturalak eta artistikoak, kirol jarduerak...–. Euskal Herriko beste edozein gazte taldek ohikotasunez egin arren, kolektibo honek, sarri, ez du halakoak egiteko aukerarik.
  • 20.000 euro: Shifa elkartea. Haren bidez, Tindoufeko (Afrika) saharar errefuxiatuen kanpamenduetara joaten dira 28 erizain eta zortzi mediku boluntario, arreta medikua eta material sanitarioa eramatera eta osasun beharrak dituzten pertsonak artatzera. Proiektu honen bidez, arreta sanitarioa hobetzea bilatzen da, osasun-ekipamendu eta material berriaren bidez.

Zortzi kooperatibek osatzen dugu Fagor Taldea