Ander Etxebarria: "Nire ustez gazteak erraz egiten dira kooperatibaren kulturara"

Ander, Korporazioko Hedapen Kooperatiboaren arduraduna da, Mikel Lezamizek erretiroa hartu zuenetik. Biekin egin dugu solasalditxoa, balorazioa zein erronka berrietaz hitz egiteko.
Card image cap
2016/04/14

Hedapen Kooperatiboaren arduraduna izan da Mikel azken 8-10 urteotan eta 2015eko abenduan hartu du erretiroa. Ander da ordutik arlo honen arduraduna. Biekin elkartu gara, orain arteko balorazioa egiteko eta aurrera begira dituzten asmoetaz hitz egiteko.

Aurkezpen gisa, laburtu zuen kurrikuluma. Nondik nora ibili zarete profesionalki?

Ander: Nik ingeniaritza teknikoa antolakuntzan ikasi nuen Eskola Politeknikoan eta ondoren soziologia Bilboko Deusto Unibertsitatean. Bertan ikasten nengoela, Otaloratik praktikak egiteko ikaslea eskatu zuten eta hiru ikaskideen artean ni aukeratu ninduten. Bertan egin nituen praktikak eta ondoren kontratatu bezala lanean hasi nintzen gabinete soziologikoan, kooperatibetako langileen gogobetetze inkestak egiten eta baita formazioaren alorrean ere. 2004an Ikerlanera joan nintzen eta bertan egon naiz pertsonal sailean 2015ko abendua arte. Horrez gain, Otalorako IKAS programa egin nuen eta ondoren Kooperatiben Aditu programa ere bai.

Mikel: Arrasatera etorri nintzen maestria industriala ikastera. Ondoren Alecopen egon nintzen hiru urtez lanean eta hezitzaile bezala Biteri egoitza nagusian. Gero Bilboko Deusto Unibertsitatean soziologia ikasi nuen eta han kooperatiba bat sortu genuen, Gabriel Aristi euskaltegia.

Ikasketak bukatuta Fagor Etxetresnetan hasi nintzen, 1981ean pertsonal sailean eta bi urte beranduago pertsonal buru izendatu ninduten. Handik Otalorara joan nintzen 1990ean, soziologia gabinetean, formakuntza eta hedapen alorrean. Azken 8-10 urte hauetan hedapen kooperatiboan zentratu naiz.

Mikel Lezamiz eta Ander Etxebarria

Zuek biok ibili zarete hainbat urtetan langileei gogobetetasun inkestak egiten. Zer nolako sentimenduak edo bizipenak dituzte kooperatibismoaz?

Ander: uste dut orokorrean pozik daudela kooperatibista izatearekin eta modu positiboan baloratzen dituzte gureak diren ia ezaugarri edo aspektu guztiak. Baina, era berean, gure inguru hurbilenarekin oso kritikoak garela somatu dut eta horregatik sustatu beharko genituzke gure autoestima igotzeko ekintzak, kooperatibista izatea harrotasunez bizitzeko.

Mikel: Egia da. Langile tenporalak baino askoz kritikoagoak gara, inkesten arabera.

Kooperatibismoaren sentimendua gureganatzea betidanik izan dugun kezka izan da eta gaur egun beharbada indar eta baliabide gehiago jarri beharko ditugu horretara.

Mundu mailan erreferenteak gara hainbat arlotan: lanaren subiranotasuna, langilearen dignitatea, ... baina egunerokotasunean ahaztu egiten zaizkigu. Horregatik, Otalora bisitatzea, kooperatibismoari buruzko formazioa eta antzeko ekintzak oso baliogarriak dira ezaugarri horiek gogorarazteko.

Mikel Lezamiz eta Ander Etxebarria

Sentimendu honetan adinak izango du eragina honetan, ezta? Nola ikusten dituzue gaurko gazteak?

Mikel: Soziologikoki esan daiteke gazteak oso kooperatibistak sentitzen direla lanera sartu eta lehen 5-8 urteetan, ondorengo urtetan gainbehera ematen da eta azken 10 urteetan berriro igotzen da sentimendua.

Egungo gazte gehienek lan esperientzia desberdinak izaten dituzte eta kooperatiba batera iristen direnean somatzen dute aldaketa. Orain dela 30-40 urte, berriz, kooperatibetan lanean sartzen zirenentzat lehen lan esperientzia izaten zen normalean eta ez zuten besterik ezagutzen.

Ander: nire ustez gazteak erraz egiten dira kooperatibaren kulturara eta horren adierazle da, esate baterako, errotazioa oso txikia dela langileen artean. Argi dago gaur egun ez dela militantziarik ematen (orain dela 40 urte bezala) eta inork ez duela aukeratzen lan bat kooperatiba batean delako, baizik eta lan eskaintza delako, besterik gabe. Baina transparentzia, demokrazia, solidaritatea, ... aspektu horiek oso ondo baloratzen dira gazteen artean. Eta aipatu dugunez modernizatu behar garela, aspektu berriak ere txertatu beharko ditugu kooperatibismoaren balioetan: ekologia, iraunkortasuna, jasangarritasuna, eta abar.

Mikel: gaineratu nahi nuke kooperatibista ez dela jaiotzen baizik eta bilakatu egiten dela. Beraz, gazteak gurera ekartzea gure esku dago.

Mikel, dagoeneko erreleboa eman diozu Anderri. Bada gomendio berezirik?

Mikel: Esango nioke mentalitate irekia izatea, malgua. Horrek, beste errealitateak hobeto ulertzen lagunduko dio. Horrez gain, esango nioke lan honek dedikazio eta inplikazioa handia eskatzen duela baina modu berean oso aberasgarria dela, asko ikasten dela.

Ander, zuk aspaldi ezagutzen duzu Mikel. Zein da zure gomendioa hasi berri duen etapa honi begira?

Ander: Jubilatu da baina oraindik ere gazte ikusten dut, dinamiko eta agenda beteta. Horrelaxe jubilatu nahi dut nik ere! Bide beretik jarraitzeko esango nioke: musika ikasten, kirola egiten, familiarekin disfrutatzen, ... eta badakit gainera lanean jarraitzeko asmoa duela: Mundukide edo ALEn. Miresgarria da benetan! Berak lehen aipatu du kooperatibista ez dela jaiotzen, bilakatu baizik. Nik gaineratuko nioke kooperatibista bat ez dela sekula jubilatzen!

Elkarrizketa hau bere osotasunean argitaratu da TU Lankide aldizkarian.