Abian da Aspegi erakundearen 'Sarituen ahotsa' foroa

Iragan astean egin zen foroaren lehen edizioa. Bertan izan ziren, besteak beste; Leire Mugerza, MONDRAGONeko kongresuko presidentea eta Nerea Aranguren, Danobatgroupeko zuzendari orokorra.
Card image cap
2026/03/31

Testuinguru gero eta konplexuagoan enpresen lehiakortasunari eusteko gakoak diren elementuak identifikatu dituzte Aspegin batzen diren gipuzkoako emakume enpresariek: teknologiaren bilakaera jarraitzea, lankidetzarako gaitasuna eta antolaketa-kulturaren eraldaketa dira gakoak. Hau guztia txikia izan arren zientziarekin eta teknologiarekin lotutako enpresa-ekimenak garatzen laguntzeko baldintzak dituen lurraldean.

Horiek izan dira Gipuzkoako Emakume Profesional, Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak (Aspegi) antolatutako ‘Sarituen ahotsa’ foroaren lehen edizioaren ondorio nagusiak. Egonkortzeko bokazioa duen gogoetarako gune bezala aurkeztu da foroa eta Gipuzkoako enpresa-ehunaren erreferente nagusietako batzuk bildu ditu, enpresen lehiakortasuna baldintzatzen ari diren faktore nagusiei eta abian jartzen ari diren ekintzei buruz eztabaidatzeko.

Egonkortzeko bokazioa duen gogoetarako gune bezala aurkeztu da foroa eta Gipuzkoako enpresa-ehunaren erreferente nagusietako batzuk bildu ditu

Gipuzkoako ekonomiaren buru diren eta 2016tik Aspegik antolatzen dituen sarietan aitortu dituzten emakumeen ikuspegia, posizionamendua eta gomendioak jasotzeko helburuarekin sortu da topaketa, orain zein etorkizunerako funtsezkoak diren enpresa - gaien inguruan duen haien ahotsa ikusarazteko.

Teknologia eta talentua, jomugan

Iratxe Pascual Aspegiko presidenteak moderatutako saioan, parte-hartzaileek beren erakundeek epe ertainean dituzten lehentasun estrategikoei buruzko gogoeta egin dute.  Teknologia, talentua, antolaketa-kultura edo ingurune arautzaile berriak izan dituzte hizpide, besteak beste.

Parte-hartzaileak bat etorri dira azelerazio teknologikoa, adimen artifiziala ardatz hartuta, enpresa-lehiakortasunean inflexio-puntu bat markatzen ari dela esatean, gaitasun horiek produktuetan eta prozesuetan ez sartzeak arrisku zuzena dakarrelako.

Testuinguru horretan, adierazi dute Gipuzkoak baldintza bereziki mesedegarriak dituela — ikerketa-zentroen sarea, STEM unibertsitateak eta industria-ehuna —, zientziari eta teknologiari lotutako enpresa-ekimen berriak garatzen lagun dezaketenak; hala ere,  lurraldearen tamaina txikiak enpresen arteko lankidetza sendotzera, aliantza publiko-pribatuak bultzatzera eta nazioarteko lankidetzara irekitzera behartzen du. Egoera horretan, enpresa teknologiko eta negozio-eredu berrien hazkundea enpresa tradizionalagoa dinamizatzeko aukera gisa ikusten da, gaitasun berriak sortuz eta berrikuntza-prozesuak bizkortuz.

Teknologian ez ezik, talentuan jarri dute arreta lehiakortasunaren beste ardatz nagusietako bezala. Lanaren inguruan espektatiba berriak sortzen ari diren testuinguru batean, enpresak beren gaitasunetan eboluzionatzeko beharra azpimarratu da, baina baita ere kudeaketa ereduetan, eredu malguago eta parte-hartzaileagoetarantz, lantaldeetan konpromisoa sortzeko gaitasuna duten proiektu erakargarrietarantz alegia. Ildo horretan, nabarmendu dute oso garrantzitsua dela entzute aktiboan, etengabeko komunikazioan eta koherentzian oinarritutako kultura bultzatzea, bai eta erdi-mailako kargudunen zeregina indartzea ere, lidergo eraldatzaileko prestakuntzaren bidez.

Teknologian ez ezik, talentuan jarri dute arreta lehiakortasunaren beste ardatz nagusietako bezala. Lanaren inguruan espektatiba berriak sortzen ari diren testuinguru batean, enpresak beren gaitasunetan eboluzionatzeko beharra azpimarratu da

Berdintasuna, enpresaren eta gizartearen erronka

Testuinguru horretan, aniztasunak eta berdintasunak enpresan duten zereginari heldu zaio eztabaidan. Aniztasuna elementu estrategikotzat hartu da, aukera ematen baitie erakundeei ikuspegi zabalagoak txertatzeko, erabakiak hobeto hartzeko eta jarduten duten inguruneekin hobeto konektatzeko. Berdintasuna, bestalde, ikuspegi zabalago batetik azaleratu da, oraindik egiteke dauden erronketako asko enpresaren eta gizartearen esparruan kokatzen baitira; besteak beste, emakumeek balio erantsi handiko sektore estrategiko jakin batzuetarako sarbidea izateari edo familia-zainketen banaketari dagokionez.

Aspegiko presidente Iratxe Pascualek adierazi duenez, foroa martxan jartzearekin "ahots kolektibo bat eraiki nahi izan dugu, gaur egun Gipuzkoan erabakiak hartzen ari diren emakumeen ikuspegia ekonomiaren eta enpresaren esparrura eramango duena. Haien esperientzia eta begirada funtsezkoak dira lurraldeko enpresen lehiakortasun-lehentasunak nola aldatzen ari diren ulertzeko. ASPEGIk foro hau pentsamendu estrategikorako eta posizionamendurako gune egonkor gisa jarri du martxan, denboran sendotzeko asmoz".

Foroan Aspegi Sarien hainbat ediziotan aintzatetsitako emakumeen ordezkaritza batek parte hartu du. Profil horiek ibilbide nabarmenak izan dituzte hainbat arlotan, hala nola industrian, berrikuntzan, aholkularitzan edo enpresa-kudeaketan. Zehazki, honako hauek izan dira bertan: Ana Belén Juaristi (Engranajes Juaristi), Isabel Busto Pozuelo (i68/Zucchetti Taldea), Isabel Azanza (Geminys), Nekane Arzallus (Donostiako Udala), Idoia Azaldegui (Polymat), Marisa Arriola (BIC Gipuzkoa Berrilan), Kontxi San Juan (Viralgen), Leire Etxetxikia Etxebeste (DHL Parcel Iberia), Izaskun Larrañaga Frías (LACOR-IBILI Taldea), Nerea Aranguren (Danobatgroup), Marijose Aranguren (Orkestra), Leire Muguerza (MONDRAGON Korporazioa) eta Eider Sánchez (Naru Intelligence).

Ekimen honekin, Aspegik beste urrats bat eman du Gipuzkoan lidergoa bultzatzeko lanean, hausnarketarako guneak sortuz, esperientziak partekatzeaz gain, lurraldeko eztabaida ekonomiko eta enpresarialean eragin ahal izateko.

Aspegiri buruz

Aspegi Gipuzkoako emakume enpresari, zuzendari eta profesionalen sarerik zabalena da. Elkartea 1998an sortu zen, eta enpresa-esparruan emakumeen talentua eta lidergoa sustatzeko lan egiten du, lurraldeko ekonomia-sarea indartzen laguntzeko. Prestakuntza, networkinga, ekintzailetza eta ikusgaitasuna ardatz dituzten programa eta jardueren bidez, Aspegik emakumeen garapen profesionala eta enpresen eta erakundeen buru diren profilen arteko lotura sustatzen ditu, eta, aldi berean, gizartean eragina duten ekimenak bultzatzen ditu.

2025ean, elkarteak 70 jarduera eta ekitaldi inguru antolatu ditu, 1.300 pertsona baino gehiagoren parte-hartzearekin, jardunaldi, topaketa eta erreferentziazko ekitaldien artean, hala nola Aspegi Sariak — ‘Enpresaria" eta "Zuzendaritza eta/edo Profesionala’ kategorietan emakumeen talentua aitortzen dutenak — edo Gipuzkoa Ekintzailea Sariak, emakumeek gidatutako enpresa-ekimen berrien bozgorailu gisa sortuak. 2019an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina jaso zuen elkarteak, Gipuzkoa bizitzeko eta lan egiteko leku hobea izaten laguntzeagatik.

 

 

MONDRAGON taldeko makina-erreminta dibisioa