“Kulturaren parte izatea komunitatea egitea da”

kultura-ekoizpenak euskal komunitatea indartzeko zer eginkizun duen aztertu zuten guztiek, beste gai batzuen artean. Era berean, fakultateak datorren ikasturtean eskainiko duen Euskal Kulturaren Eragiletzako master berria aurkeztu zen.
Card image cap
Irigoien, Sarrionandia, Inziarte eta Iguaran, mahai inguruaren une batean.
2023/04/27

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak euskal kulturarekin lotutako hainbat alorretako lau erreferente bildu zituen atzo Eskoriatzako campusean mahai-inguru batean, euskal kulturak musikaren, literaturaren, antzerkiaren eta bertsolaritzaren arloetan dituen erronkei buruz hitz egiteko. Zehazki, Joseba Sarrionandia idazleak, Olaia Inziarte abeslariak, Oihana Iguaran bertsolariak eta Mattin Irigoien antzerki-idazle eta kultur dinamizatzaileak hartu zuten parte solasaldian, eta kultura-ekoizpenak euskal komunitatea indartzeko zer eginkizun duen aztertu zuten guztiek, beste gai batzuen artean. Fakultateak datorren ikasturtean eskainiko duen Euskal Kulturaren Eragiletzako master berria aurkeztu zen ekitaldi horretan.

MUMahaiIngurua2023 2.jpg

Eneko Bidegain fakultateko irakasle eta ikertzaileak moderatu zuen hitzaldia, eta aurkezpenean izan ziren Jon Sarasua masterreko irakaslea eta Aitor Bengoetxea UEUko (Udako Euskal Unibertsitateko) zuzendaria ere. Horiek sarrera egin eta master berriaren helburuak azaldu zituzten. Titulu propio hori modalitate erdi-presentzialean emango da eta saio presentzialak egingo dira Eskoriatzako campusean asteazken arratsaldetan (18:00-21:00).

Bestalde, euskal kultura eremu profesionaletan eta kudeaketan bultzatzeak, euskarazko ekoizpenak, gizarte- eta herri-mugimenduaren ekarpenak, partaidetzako kulturak, esperientzia arrakastatsuek eta abarrek duten garrantzian sakondu zuten parte-hartzaileek.

Parte-hartzaile eta antolatzaileek esandakoak

Jon Sarasua, masterreko bultzatzailetarikoa

“Kulturgintzak, alegia, komunitatearen sorkuntza aparatuak erronka handiak ditu eta behar ditugu kultur eta hezkuntza eragileak sendo prestatu”.

Eneko Bidegain, masterreko bultzatzailetarikoa eta solasaldiko moderatzailea

“Kulturaren parte izatea komunitatea egitea da”.

Olaia Inziarte, abeslaria

“Komunitate baten kultura musikal minimo konpartitua zer den ez dago garbi.” “Kantuak errepresentatzen du zer bizitzen ari den edo zer pasatzen ari den lagun talde baten inguruan, bai eta indibiduo bezala zer diren”. “Euskal Rock Erradikalak islatzen zuen borroka giro bat, gaur egun, giro intimoagoa da, akaso, bizi garen mundua indibidualistagoa delako”.

Oihana Iguaran (bertsolaria)

“Nazio mailako egiturarik ez dagoenez, euskal komunitatea sustengatuta dago tokian tokiko ekintzetan”. “Nik neuk ez dut beldurrik lotzeko kontsumo hitza kultura hitzarekin”. “Kulturarekiko atxikimenduak eraman gaitu militantziara". 

Mattin Irigoien, antzerkigilea

“Kultura egitea da komunitatea egitea, ‘ni’ hori ‘gu’ hortan sartzen dugu eta ‘gu’ hori ‘ni’ hortan”. “Korrenteren kontra goazenok ere, ezinbestean kontsumitu behar ditugu kultura hegemonikoak”.

Joseba Sarrionandia, idazlea

“Idazle baten materiala hizkuntza da. Idazleak erabiltzen du hizkuntza komunikaziori eusteko baina baita komunitatea sortzeko ere”. “Euskaldunok beti berandu iristen gara; esaterako, 400 urte berandu ortografia adostera. Egun, kalitatezko literatura homologable batera iritsi gara, zeina erdal hizkuntzetara itzuli eta irakurtzen den, baina jendeak dagoeneko internetera jo du eta ez ditu liburuak irakurtzen”. “Ijitoak bezala, talde minorizatua gara, eta gainditu nahi ditugu arazoak gauzak ondo eginda, baina, ondo eginda ere, lortuko duguna da minoria baten interesa. Hutsunea politikan daukagu”.

Euskal kulturaren eragiletzako masterra

Kultura-eragileak prestatzeko masterra

Euskal kulturak maila askotako desafioak bizi ditu, eta horiei erantzuteko gai izango diren eragileak trebatzea beharrezkoa ikusi du Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak. Horregatik, kutur eragileen harrobia prestatzea da masterraren helburua. Hezkuntza arautuan eta ez-arautuan nahiz udaletako edota beste erakunde publiko batzuetako kultura-arloetan jardungo dute profesional horiek.

Nori dago zuzenduta?

Titulu berri hori arlo askotako graduatuentzat da, baina batez ere, honako hauetako ikasleentzat: Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako graduak, komunikazioarekin lotutako graduak (Ikus-entzunezko Komunikazioa, Kazetaritza, Publizitatea…), Humanitate Digital Globalak, euskal ikasketak, itzulpengintza, zuzenbidea… eta, jakina, euskal kulturan eragiteko interesa duen edozein gradudunentzat.

Edukiak

Masterreko gaiak sakonki landuta eta metodologia aktiboak erabilita, euskal kulturaren galdegai eta problematikei heltzera dator masterra: kultura-eragin globala metabolizatzeko moduak, transmisioa eta irekidura konbinatzeko moduak, gure sustraiak interpretatzeko sintesiak, hizkuntzaren lekua ulertzeko oinarriak, teknologiaren eraginak, komunitatea birsortzeko baldintzak, arte-arlo bakoitzaren desafioak…

Orain arte kulturgintzan egin denetik harago lan egingo dute master honetako parte-hartzaileek. Hala, alderdi hauetan sakonduko dute: nola antolatu kulturgintzaren transmisio ganorazkoa hezkuntza arautuan eta ez-arautuan, nola berregin herrietako eragiletza kulturaren arloan, zer oinarritatik hobetu euskal kulturgintzaren inguruko udal-politika publikoak, komunikazio-lanak edota ikerketa-bideak.

Prezioa eta izen-ematea

Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako dirulaguntzari esker, masterrak 4.800 €-ko prezioa du. Gainera, parte-hartzaileek FUNDAEren % 100eko hobaria jaso dezakete. Izen-emateari dagokionez, martxoaren 1etik aurrera egongo da irekita masterrerako izen-ematea, eta online egin daiteke: online inskripzioa.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa