“Kolektiboaren inplikazioa ezinbestekoa izan da 50 urte betetzeko eta euskara sustatzeko”

EIKAko presidente Iñigo Arrietarekin eta Karmele Goitiandia Etxebarrieta Kontseilu Sozialeko eta Euskara Batzordeko kidearekin izan gara, 50 urteko bidearen zein euskararen bilakaeraren inguruan hitz egiteko.
Card image cap
2023/08/21

Euskaratik mundura izan zitekeen EIKAren 50.urteurreneko eslogana. Orain 50 urte ondo baino hobeto errotu baitzituen sustraiak Lea Artibaiko eskualdean proiektu kooperatiboak eta ordutik hona, mundura egin du jauzia, sektoreko marka garrantzitsuenei zerbitzu eta soluzioak eskainiz Etxebarriatik eta kanpoko plantetatik. Eta hori guztia ahaztu gabe nondik datozen, eta lehenengo hitza, beti, euskaraz eginez.

Nola sortu zen EIKA? Zein helbururekin?

60ko hamarkadaren amaieran, Lea-Artibai eskualdea ahula zen ekonomikoki, arrantzan eta nekazaritzan baino ez baitzegoen oinarrituta. Baliabide naturalak ez ziren nahiko erakargarriak, eta, pixkana, herritarrak alde egiten hasi ziren inguru horretatik. Gazteak beste udalerri batzuetara joaten hasi ziren, lan eta aukera gehiago topatzeko asmoz. Testuinguru horretan sortu zen EIKA, 1973an, bi helburu garrantzitsurekin: inguruko ekonomia suspertzea eta emakumea lan-merkatuan sartzea.

Zenbat langilerekin sortu zineten?

1973ko abenduaren 22an, EIKA kooperatiba eratzeko akta 47 pertsonak sinatu zuten. 47 pertsona horiek ehuna mila pezeta jarri zituzten; garai hartarako dirutza ikaragarria. Hala, industria tradiziorik gabeko ingurunea ekonomikoki suspertu eta eskualdean lanpostuak sortzeko apustua egin zuten. Gaur egun 417 pertsonak osatzen dugu EIKA, Etxebarriako plantan, horietatik 202 emakume eta 215 gizonezko.

Egosketa elektrikoari zuzenduriko osagaiak fabrikatzen ditu EIKAk, ezta?

Bai, gaur egun, egosketa elektrikorako soluzio osoak eskaintzen ditugu: bero-sorkuntza, kontrola eta funtzio hori osatzen duten elementu osagarriak.

Merkatuan eta nazioartean hazi zarete.

Merkatuan ez ditugu soilik osagaiak eskaintzen, baita egosketa elektrikorako sistema integralak ere: EIKAk mundu osoan ezagunak diren sektoreko markentzat fabrikatzen ditu osagaiak. Merkatuan dauden bitrozeramiken %40k baino gehiagok daukate EIKA osagairen bat. Turkian, Mexikon eta Euskal Herrian ditugu lantokiak.

Euskara, komunikazio hizkuntza nagusia

EIKAren egoitza nagusia Lea Artibai eskualdean dago, non euskararen erabilera handia den. Egoera hori islatzen da kooperatiban?

Bai, EIKAn handia da euskararen ezagutza eta erabilera. Ezagutzari dagokionez, %99k ulertzen du euskara eta ahozko erabilerari dagokionez, %66 da euskararen erabilera orokorra; eta %77 da leialtasuna, hau da, euskaldunak euskaldunen artean %77k hitz egiten dute euskaraz.

Noiz jarri zenuten martxan euskara plana?

1999an euskararen egoeraren diagnostikoa egin zen. Orduan, nahiz eta kolektiboaren gehiengoa euskalduna izan, lana gaztelaniaz egiten genuen. Hala, 2000. urtean egoera hori apurka-apurka aldatzeko Euskara Plana jarri genuen martxan. Planak helburu argia dauka: EIKA Etxebarria lantokian, lan eta zerbitzu hizkuntza euskara izatea, euskal gizarte osoaren aurrean eredu izatea eta gizartearen eraldaketan modu proaktiboan eragitea.

Zeintzuk izan dira euskara sendotzeko eman dituzuen pauso esanguratsuenak?

Oso zaila da galdera horri labur erantzutea. Hiru pauso nagusi aipatuko nituzke: samurrenetik hasi ginen, eskaileraren beheko mailatik hasi eta apurka- apurka goranzko bidean. Euskaraz ez zekitenei euskara ikasteko aukera ematea izan zen lehentasunezkoa, eta euskara zekitenen artean euskararen ahozko erabilera sustatzea. Ondoren, enpresako paisaia linguistikoa euskaraz jarri genuen eta idatzi arruntak eta orokorrak euskaratu genituen. Apurka-apurka dokumentu teknikoak eta esparru informatikoa urratzen hasi ginen: tailerreko makinen aginte panelak eta dokumentazioa euskaratzen lan handia egin genuelarik.

Kontratazioa zaintzea izan zen bigarren pausoa.

Enpresako lanpostu bakoitzak bete beharreko euskararen ezagutza zehaztu genuen, eta langile berrien kontratazioan kontuan izan beharreko irizpideak markatu genituen. Eta azkenik, euskarak EIKAn izan behar duen presentzia, erabilera eta ezagutza arautu eta idatzi genuen. Nahiz eta oraindik hobetzeko daukagun, gaur egun, esan genezake, barrura begira EIKAn euskaraz egiten dugula lan (bilerak euskaraz egiten ditugu gehien bat, gure lan tresnak euskaraz dauzkagu eta tailerreko makinak ere euskaraz dauzkagu).

Argi eta garbi esan dezakegu, egin dugun ibilbidean, bai 50 urteko historian eta euskararen sustapenean, Euskara Plana baino garrantzitsuagoa kolektiboaren inplikazioa izan dela.

Nola ospatuko duzue urteurrena? Zeintzuk izango dira ekintza garrantzitsuenak?

Guztiok elkarrekin ospatuko dugu. Gaur egun, eta azken 50 urteetan EIKA osatu dugunok batzeko tartea hartu nahi dugu, eta horretarako baditugu hiru data seinalatu: maiatzaren 12an Emakumeen eguna ospatu genuen, eta EIKAtik abiatu zen emakumeen itzulia. Irailaren 9an, Ate Irekien eguna izango da. Gure etxekoek eta lagunek lantokia ezagutzeko aukera izango dute. Eta abenduaren 22an, ekitaldi nagusia ospatuko dugu. Aprobetxatu nahi dut gure kolektiboari eskerrak eta zorionak emateko, gure pertsonak izan dira eta dira proiektu honen protagonista nagusiak. Haiei esker gara.

Egosketa elektrikorako irtenbideak