Irakurriena
- 1. Danobatgroupek Enpresa Berrikuntzaren Saria jaso du lidergo teknologikoan egindako 70 urteengatik
- 2. MONDRAGON errotuago Katalunian, Barcelona Circular proiektuan parte hartuz
- 3. M&A operazioak, MONDRAGONen Finantza Foroaren IX. edizioaren ardatz
- 4. Lasterketa Solidarioaren X. edizioak inoizko parte-hartzerik handiena izan zuen
- 5. Dikar-ek Ternua erosi du, kooperatibaren hazkundea bultzatzeko eta marka Euskal Herrian errotzen dela bermatzeko
- 6. Kidek 50. urteurrena ospatu du
“Balio erantsi haundiagoko sektoreetara jauzia egin nahi dugu”
Eredu kooperatiboaren arloan lidertzak definitzeko eta kultura parte-hartzailea berrindartzeko sasoia izango da datorren hiru-urtekoa.
Batetik negozio estrategia, bestetik pertsonak, lidergoa eta eredu kooperatiboa. Arlo horiek guztiak dira garrantzitsuak etorkizuneko Goimek Kooperatiba eraikitzen jarraitzeko. Itziarren ditu instalazio nagusiak Danobatgroupeko enpresak, Gipuzkoako kostaldean. 90 lagunek osatzen dute lantaldea eta azken urtean 11,5 milioi euro inbertitu ostean, lantoki moderno eta funtzionalarekin egingo dio aurre datorren sasoi estrategikoari. Sozialki ere bada berezia Goimek, gaur egun lantaldearen %95 kooperatibako bazkide baita.
Ezer baino lehen, Aitor, zeintzuk dira Goimek-en erronka nagusiak datorren epealdi estrategikorako?
Plan estrategikoan jaso ditugu helburu guztiak, baina orokorrean esango nuke piezak mekanizatzeaz harago, ingeniaritza, diseinua eta garapena eskaintzen ditugula eta merkatuak hala pertzibitu behar gaituela. Fabrikatzeko gaitasuna dugu eta gure sektoreari balioa eransten diogu. Era berean, dibertsifikazioa eta nazioartekotzea sustatu behar ditugu.
Goimek-eko produkzio sistemari dagokionez, eredu propioa ezarriko dugu. Gure kooperatibako pertsona orok, bakoitzak bere eremuan, erabakiak hartzeko gaitasuna izan dezan. Estilo propioa bultzatu behar dugu, eredu kooperatiboaren bizipenean aurrera egingo duena. Pertsonak eta eredua birkonektatzen asmatu behar dugu. Beraz, bi multzo nagusitara mugatuko nituzke helburu nagusiak. Dibertsifikazioa eta balio erantsia batetik, eta pertsonak eta lidertza bestetik.
Dibertsifikazioa aipatu duzu. Non, zer eta nola?
Lau eremutan diardugu lanean. Danobatgroupeko enpresentzat batetik, eta beste hiru sektoretan: aeroespaziala, ekipo ondasunak eta energia. Kontua da zazpi alorretara eman nahi dugula jauzia. Tipologiagatik eta sektoreagatik bereizten ditugu zazpi arlo horiek.
Azken finean, balio erantsi haundiagoko sektoreetara jauzia egin nahi dugu. Sektoreei dagokienez; aeroespazialean, eolikoan, ekipo ondasunetan, makinaerremintan eta ontzigintzan egin nahi dugu eskaintza. Bezero tipologiari dagokionez, bi talde banatu ditugu: batetik hurbileko bezeroak (erabakiak Euskal Herrian hartzen dituztenak baina nazioarteko proiekzioa dutenak, eta balio erantsi eta bolumen handiko produktuak eskatzen dituztenak) eta bestetik gure taldeko, Danobatgroupeko enpresak.
“Zerbaitetan sinisten badut, buru-belarri jartzen naiz hura lortzeko”
Digitalizazioari nola ari zarete aurre egiten?
Digitalizazioa zeharkako helburua da eta ez da soilik barne efizientzia hobetzeko. Balio erantsiaren esparruan, gure eskaintzari gaineratzen diogun abantaila konpetitiboa da. Hau da, bezeroak online izan dezake proiektu-prozesuaren gaineko informazio guztia, exekuzioa gertatzen den aldi berean.
Zuen zerbitzu, produktu, balio eskaintzaren zehaztasunera joz gero, zer da Goimek- ek gaur eskaintzen duena eta etorkizunean eskaini nahi duena?
Soluzio osoak eta integralak eskaintzen ditugu. Era berean, diseinu fasean lankidetza teknikoaz eta aldibereko ingeniaritza zerbitzuaz arduratu gaitezke. Materialen erosketaren kudeaketa egiten dugu eta galdaketarako goi mailako bazkide propioa dugu, Sakana Koop. fundizioa. Era berean, planoen eta baldintza teknikoen araberako mekanizazioa egiten dugu. Azpimultzoen muntaketa, egiaztapen zerbitzua, ziurtagiria eta bermea eskaintzen dizkiegu gure bidelagun eta bezeroei.
Azken urteko inbertsioen inguruan, zer da horri esker lortuko duzuena?
Gure gaitasuna handitzen duten makinetan inbertitu dugu. Inbertsioek, dudarik gabe, hazkundea gauzatzea dute helburu. Eta aeroespazialerako gunearen indartzeak, sektorean espezializatzen jarraitzeko aukera emango digu. Orohar gaitasunetan hazi nahi dugu, sektore berrietan sartzeko aukera zabaldu, eta tamaina zein pisu handiagoko piezak mekanizatu, goi mailako kalitatearekin eta era integralean. Finean, azken belaunaldiko makina berri hauekin, ekoizpen gaitasunak handitzeko eta eskaintza dibertsifikatzeko aukera izango dugu.
Estilo propioa
Harreman estiloari erreparatuz gero, estrategia berria ezarri nahi duzue, ezta?
Motzera gure bezeroekin elkartu eta haiekin estrategiak moldatu nahi ditugu. Gaur egun estrategia malguak ezinbestekoak dira. Alternatibak bilatzen jakitea oso ona da. Esan daiteke, epe motzean egokitzeko gaitasuna dela estrategia. Gure makinek edozein sektorerako balio dute eta merkatuan presente egon behar gara. Azkartasunez, joerak ulertzen eta interpretatzen jakin behar dugu. Esaterako, aeroespaziala aukera bada eta eolikoak beherantz badoaz, argi dugu norantz moldatu behar dugun gure produkzioa.
Merkatua, produktua, joerak… alde batera utzi ditzagun eta arlo sozialaz, pertsonez, arituko gara. Arlo horrek ere asko kezkatzen zaitu, ez da horrela?
Talde guztia, pertsona guztiak, erabat lerrokatuta egon behar dugu proiektu kooperatiboarekin. Denok kontziente izan behar dugu proiektu hau partekatua dela. Kooperatibismoa egunerokoan, erabakietan, hartuemanetan eta espazio konpartituetan gauzatu behar dela jakitun izan behar gara. Proiektu honetan guztion konpromisoa eta lana ezinbestekoa da eta egunero, keinu txikienetan ere ikusaraztea gustatuko litzaiguke. Kultura parte-hartzailea bultzatu behar dugu. Enpresa, pertsonak, lana, ongizatea eta autonomia uztartuko duen kudeaketa bultzatu nahi dugu. Pertsona garatua askoz konprometituago dago bere proiektuarekin.
Definitu zure burua hitz batekin.
Zerbaitetan sinisten badut, buru-belarri jartzen naiz hura lortzeko.
Afizio bat.
Bat baino gehiago esango dizkizut. Mendia, sukaldaritza, zestapunta… Eta bestetik pertsonen garapenaren inguruko gaiekin ere asko disfrutatzen dut.
Mendian bakarka edo taldean?
Inspiratzen nau mendiak. Nahiago dut bakarrik aritzea.
Zer ez zaizu ezer gustatzen?
Garai hauetan ikusten ari garen nagusikerian zentratutako estiloa esaterako, ez zait batere gustatzen.
Liburu bat.
La Paradoja liburua oso ona da lidergo kontzeptua ulertzeko. Piramide transbertsalaren teoria planteatzen du. Liderra behean eta gainerakoak goian. Pertsonak garatzen lagundu behar dute liderrek. Zerbitzari izan behar dute, pertsonen garapenean arituko direnak, luzera begira. Entzutearen bertutea lantzen duten horietakoak. Robin Sharmaren El monje que vendió su Ferrari liburua ere gustuko dut.
Gipuzkoa eta Bizkaia arteko mugan bizi zara, Mutrikun, realzale edo athleticzale?
Bilbon jaio nintzen kasualitatez eta realzalea naiz. Edozelan be oso mutrikuarra naizela esango nuke. Pentsa, nire bigarren abizena Motriko da eta Kalbarixo egunean jaio nintzen.
Zinea?
Serie asko ikusten ditugu familian, gure momentuetako bat izaten da. Pelikula bat aipatzearren La lista de Schindler.
Oporretan zein plan gustukoen?
Autokarabana dugu eta Europan barrena ibiltzen gara familian (emaztea eta hiru seme). Portugal, Italia, Kroazia, Frantzia, Alemania… hori da gure aukera eta gehien gustatzen zaiguna.