Irakurriena
- 1. TFG-TFM MONDRAGON Sariek talentua saritu dute inoizko parte-hartzerik handienarekin
- 2. MONDRAGONek eta Fagor Electronicak Semi Zabalan inbertitu dute
- 3. Eroskik finantza egitura berrantolatu du, zorra merkeago birfinantzatuz
- 4. MONDRAGON Foroaren XIII. edizioak 400 lagun baino gehiago elkartu ditu Bilbon
- 5. Guido Agostinelli dibulgatzaile argentinarrak MONDRAGON bisitatu eta sareetan arrakasta lortu du milioitik gora ikustaldi lortuta
- 6. Azaroak Arizmendiarrieta ekarriko du gogora
‘Bizipoza Eskola’ zabalduko dute Debagoienean, Bizipoza eta Fagorren arteko hitzarmenari esker
Zehatz esanda, inklusioa eta aniztasuna oinarri, Bizipoza elkarteak sorturiko ekinbidea da Bizipoza Eskola. "Pertsona ororentzat izango den mundu baterantz egiteko heziketa baliabide eta tresnak (gida didaktikoa, heziketa materiala, egutegi berezia…) dira Bizipoza Eskolak biltzen eta eskaintzen dituenak”, argitu dute Bizipoza elkartetik. Maiatzaren 13an egin da hitzarmen sinatzea, Antzuolako herri ikastetxean. Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna, Joseba Labaka Eskudero Bizipoza elkarteko lehendakaria eta Leire Elizegi Beloki Bizipoza Eskolaren koordinatzailea izan dira bertan.
Oro har, hitzarmenaren helburua da Bizipoza Eskolaren programa didaktikoa Debagoienean zabaltzea, eta, horrekin, Bizipoza elkartearen eta Debagoieneko udalen, gizarte eragileen eta hezkuntza arautuko zein ez arautuko eragileen arteko elkarlanean oinarrituriko dinamika bat abiaraztea. Zehatz esanda, 2025-2026 ikasturtean zabalduko da Bizipoza Eskola Debagoienean -gaur-gaurkoz, uztaila bitarte, eskualdeko ikastetxe, eragile eta udalekin ari da harremanetan Bizipoza,egitasmoaren informazioa partekatu eta aurrera begirako dinamika eta antolaketa adosteko-.
"Fagor ez da alor sozioekonomikora mugatzen. Harago egiten du, besteak beste, ahal duen neurrian, bitartekoak eskainiz komunitateari gaurko eta etorkizuneko erronka desberdinetan eragiten segi dezan"
"Kultura-aniztasuna, familia-aniztasuna, dolua, gaixotasun larriak, aniztasun funtzionala eta gizartearen ertzetan dauden bestelako gaiak jarriko dira erdigunean. Urratsak egingo dira pertsona ororena eta pertsona ororentzako behar lukeen Debagoiena inklusiboa eraikitzeko, elkarrekin, euskaratik eta euskaraz", argitu du Leire Elizegi Beloki Bizipoza Eskolaren koordinatzaileak. Ostera, ekarpenaz mintzo, Fagorrek eskualdearekin eta komunitatearekin duen konpromisoan jarri du mira Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak: "Fagor ez da alor sozioekonomikora mugatzen. Harago egiten du, besteak beste, ahal duen neurrian, bitartekoak eskainiz komunitateari gaurko eta etorkizuneko erronka desberdinetan eragiten segi dezan. Gaur egun, gizartearen erronka nagusien artean da inklusioa, eta Bizipoza erreferente da alorrean. Sinatu berri den hitzarmenari esker, ekarpena egingo zaio Debagoieneko hezkuntza komunitateari, eta, oro har, gizarte osoari".
Bere aldetik, Fagorren ekarpena eskertu du Joseba Labaka Eskudero Bizipoza elkarteko lehendakariak. "Aniztasuna, inklusioa... Hitz handiak dira. Hitz handiak, eta behar ugari dituzten alorrak. Horregatik da garrantzitsua gaia elkarrekin eta elkarlanetik, Debagoiena mailan, lantzea erabaki izana", azaldu du. Debagoieneko lanketarako, Bizipoza elkarteak lagungarri du Lasarte-Oriako eta Bilboko Uribarri auzoko Bizipoza Eskoletan pilaturiko esperientzia.