2,7 milioi euroko ekarpena egin die Fagor Taldeak gizarte ekimenei 2022. urtean

Urteko irabazien %12 bideratu du kooperatiba taldeak gizartearen auto-eratzea bilatzen duten barne mailako, Debagoieneko (Gipuzkoa), Euskal Herriko eta nazioarteko egitasmoetara.
Card image cap
2023/04/03

2022. urtean zehar, 2.782.280 euro bideratu ditu Fagor Taldeak Gizarte Funtsetik Garapen Iraunkorrerako Helburuak lortzea helburu duten ekinbideak sustatzera eta laguntzera. “Fagor Taldea sortzetik dago komunitateari loturik, eta konpromiso sozialez dihardu. Ulertzen du, unean uneko beharrak eta erronkak identifikatuta, haiei aurre egiteko bitartekoak jartzea eta baldintzak sortzea dagokiola. Orain, Garapen Iraunkorrerako Helburuak ditu erdigunean jarririk, eta, horietan sakontzeko, beharrezkotzat du gizartearen auto-eratzean sakontzen segitzea”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.

Besteren artean, kooperatiba taldeko komunitateari begirako ekinbideak bultzatu ditu Fagorrek 2022. urtean, orotara, 663.043 euro bideratuta. Ohi moduan, euskararen normalizazioa oinarri, kooperatibetako euskara planetara eta haren bueltan abiarazitakoetara bideratu da zatirik handiena (578.362 euro), Fagor Taldeko langileei euskaraz lan egiteko aukera bermatze aldera. Horrez gain, 54.584 euroko ekarpena egin zaio boluntariotza eta gizarte egitasmoak bultzatzeko sorturiko Fagor Elkarrekin tresna sortu berriari; eta, 30.097 eurokoa, lanerako bidean mugikortasunerako bide iraunkorren erabilera (bizikleta, garraio publikoa, auto partekatua…) sustatu nahian dabilen Fagor Mugi aplikazioari.

Ostera, gertuko komunitateari ekarpena egiteko konbikzio horretan, 1.733.107 euro bideratu ditu Fagor Taldeak Debagoieneko bestelako ekinbideetara. Hain zuzen ere, Debagoiena 2030 iraunkortasun sareak jaso du laguntza handiena -937.860 euroko ekarpena jaso du, haren sustatzaile eta bultzatzaile nagusi baita kooperatiba taldea-. Haren bidez, Fagorrek lankidetzan dihardu eragile publiko eta komunitarioekin, eskualdeak iraunkortasunerantz egin beharreko trantsizioan haren ekarpena eginez. Horretarako, Debagoiena 2030eko organo eta dinamiketan parte hartzeaz gain, diruz lagundu ditu bertatik sorturiko zenbait proiektu -horien artean da trantsizio energetikora begirako ekimenak barnebiltzen dituen Eraginez Piztu egitasmoa-. Era berean, 602.460 euro bideratu ditu Gizabidea Fundaziora, hark, bailarako hezkuntza eragile kooperatiboen ekinbideak babes ditzan. Fagor Taldea da Fundazioaren patrono fundatzaile nagusia, eta, haren bidez, besteak beste, Arizmendi Ikastolaren Torrebaso 2030 proiektua eta Hirekin berrikuntza zein ekintzailetza zentroa lagundu ditu 2022an. Horiez gain, Taldeko kooperatibak leku hartuta dauden bestelako eragileak ere lagundu dira, orotara, 192.787 eurorekin.

Eta Euskal Herriko beste lekuetara begira ere badabil Fagor Taldea. Kasu horretan, 145.146 euroko ekarpena egin du 2022an, laguntza nagusiak, Garapen Iraunkorrerako Helburuei erantzun propio eta berritzaile bat eman guran sortu berri duen Fagor Herrigintza lankidetza programaren bidez bideratuz. Zehatz esanda, guztira, 120.000 euroko laguntza poltsa zuen sorturik kooperatiba taldeak deialdi ireki bidez banatzeko. Eta, helburuen betetze mailaren eta bazkideen bozkaren araberako balorazioa eginda, Zaporeakera (60.000 euro), Itsas Salbamendu Humanitariora (40.000 euro) eta Seaska Ikastolara (20.000 euro) bideratu du laguntza poltsa. Bestetik, 25.146 euro bideratu ditu Euskal Herriko bestelako ekinbideetara.

Era berean, Fagor Taldeak aintzat ditu hartuak nazioarteko bestelako egitasmoak. Hori horrela, ohi moduan, Mundukide Fundazioa eta Garabide elkartea lagundu ditu 2022an. Zehatz esanda, 230.984 euroko ekarpena jaso du horietan lehenak, garapen bidean diren herrialdeetan garapen komunitarioa sustatzen segi dezan; eta, 10.000 eurokoa, bigarrenak, euskararen normalizazioan duen esperientzia hizkuntza gutxituen berreskuratze prozesuan dauden komunitateekin partekatzen jarraitzeko.

Zortzi kooperatibek osatzen dugu Fagor Taldea