Gauza konplexuak modu errazean azaltzeko artea

Kooperatibok badakigu lan on bat egiten, baina historikoki erronka bera izan dugu beti: zaila egiten zaigu gure burua saltzea eta egiten dugun hori kanpora begira balioestea. Hala ere, komunikatzea, ezer baino lehen, transmititzea da. Eta helburua ikerketa teknologikoa gizartera hurbiltzea denean, gauza konplexuak modu errazean azaltzeko arte bilakatzen da.
Card image cap
Edurne Unzueta , Ikerlaneko Komunikazio arduraduna
2026/05/25

Horrela, komunikazioa gure ereduaren zutabe bihurtu da: merkatuan kokatzeko ezinbesteko tresna izateaz gain, gure barne-lotura indartzeko motorra ere bada.

Ikerlan zentro teknologikoan oso argi dute hori. Badakite komunikazioa dela identitate sendoa sortzeko, konfiantza irabazteko eta langile zein bezeroak erakundearen helburuekin bat egiteko gakoa. Makineria horren atzean lan hau pasioz bizi duten pertsonak daude. Horietako bat da Edurne Unzueta Madariaga (Arrasate, 45 urte). Publizitatean eta Harreman Publikoetan trebatua eta bi hamarkadako eskarmentuarekin, 2022an iritsi zen Ikerlanera, aspertzeko astirik ematen ez duen saila gidatzeko.

Kaosaren barruan ordena bilatzen

Zentro teknologiko bateko komunikazio saila erabat dinamikoa da. Edurnek, bere burua pertsona metodikotzat badu ere, aitortzen du askotan "desordenaren barruan ordena" bilatu behar izaten duela, ezustekoen aurrean planifikatutakoa etengabe egokitzeko.

Baina bere benetako erronka Ikerlaneko ikerketa konplexuak gizarteari ulertaraztea da: "Gure lana proiektu bakoitzaren muina deskubritzea da, gizarteari zer balio ekartzen dion ulertu eta mezu argi, ulergarri eta humano bihurtzeko. Konplexua dena erraz azaltzeko, adibideak eta metaforak dira gure tresnarik onenak"

Albisteen ehizan

Ikertzaileekin harreman estua izatea ezinbestekoa du. Batzuetan, Edurneren taldea joaten da albiste bila; besteetan, ikertzaileak beraiek hurbiltzen dira euren lana kontatzeko gogoz. Informazioz gainezka gauden garai honetan, gakoa da asmatzea zer den benetan albiste: "Irakurlearen jakin-mina piztuko duen amu hori aurkitu behar dugu, titularretik haratago irakurtzen jarrai dezan".

Adimen Artifiziala: mehatxua baino, aliatua

Berrikuntzaren munduan, teknologia berriak aldeko dituzte. Edurnek ez du Adimen Artifiziala (AA) mehatxutzat hartzen, aliatu estrategikotzat baizik. Ikerlanek barne-erabileran ere AA bultzatzen du, eraginkorragoak izateko. "Adimen artifizialak ez gaitu ordezkatuko, baina gure lan egiteko modua goitik behera eraldatuko du, digitalizazioak bere garaian egin zuen bezala".

Taldea, pasioa eta deskonexioa

Ontzi hau gidatzeko, epe luzerako ikuspegia, exijentzia eta malgutasuna uztartu behar dira. Baina Edurnerentzat garrantzitsuena taldeari ilusioa transmititzea da; bere lantaldea profesionalki hazten ikustea da gogobetetze handiena ematen diona.

Hala ere, sormena isurtzeko, batzuetan pantailak itzali egin behar dira. Non aurkitzen du bakea Edurnek? Mendian, familian eta lagunartean. "Naturarekin bat egiteak izugarri ematen dit. Mendian baretasuna eta azaltzen zaila den energia aurkitzen ditut", aitortzen du. Azken finean, hobeto pentsatzeko, batzuetan gelditu eta entzun egin behar da.

Barne-komunikazioa: pertsonak lotzen dituen hari ikusezina

Kooperatibak zerbaitek bereizten baditu, barnekomunikazioak duen pisuagatik da. Ikerlanen, talentua erakartzeko eta mantentzeko, Pertsonen eta Komunikazioaren zuzendaritza pertsona beraren esku dago. Horrek bermatzen du kanpora saltzen den irudia eta langileek barruan bizi duten errealitatea koherenteak izatea, konfiantza indartuz.

Edurnerentzat nola kontatzen den zer kontatzen den baino garrantzitsuagoa da, batez ere langile berrietara iristeko. Bere hitzetan, barne komunikazioa “pertsonak enpresarekin konektatzen dituen hari fin bat da, askotan ikusezina”.

Ikerketa zentro teknologikoa