Irakurriena
- 1. Eskuratu TERNUA produktu sorta
- 2. Abian da Mondragon City Challenge Nazioarteko Lehiaketaren laugarren edizioa
- 3. Lieder Automotive martxan da Borjan
- 4. Lander Beloki Mondragon Unibertsitateko errektore izendatua izan da
- 5. NanoSPharm jaio da, sektore biomedikoko enpresa berria, MONDRAGONen eta i+Meden arteko aliantza kooperatiboaren eskutik
- 6. MONDRAGON Hospitalityko lau kooperatibak parte hartu dute Ibis Styles Zumaia-Zestoa hotelean
Mondragon Unibertsitateak eta Egibidek Ingeniaritzako lehen maila eskainiko dute Gasteizen 2027tik aurrera
Mondragon Unibertsitateak eta Egibidek lankidetza-hitzarmena sinatu dute Ingeniaritzako unibertsitate-ikasketak Gasteizera hurbiltzeko. Hitzarmenari esker, 2027-2028 ikasturtetik aurrera, Arabako ikasleek Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritzako graduetako lehen maila Egibide-Jesus Obrero ikastetxean egin ahal izango dute, ohiko bizilekutik urrundu beharrik gabe.
Eskaintza berria Batxilergotik zein Lanbide Heziketako goi-mailako heziketa-zikloetatik datozen ikasleei zuzenduta egongo da, bakoitzaren aurreko prestakuntzara egokitutako ibilbideekin. Hasierako eskaintzan 80 plaza egongo dira, bi taldetan banatuta: bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Bi erakundeetako irakasleek emango dituzte eskolak.
Eskaintza berria Batxilergotik zein Lanbide Heziketako goi-mailako heziketa-zikloetatik datozen ikasleei zuzenduta egongo da. Hasierako eskaintzan 80 plaza egongo dira, bi taldetan banatuta: bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz.
Hitzarmenaren berrikuntza nagusietako bat da Lanbide Heziketako zenbait ziklotatik datozen ikasleek Ingeniaritzako ikasketak hiru urtean amaitzeko aukera izango dutela, aurretik egindako ikasketen eta aukeratutako graduaren arabera. Horretarako, gehienez 60 ECTS kreditu aitortzea aurreikusten da. Batxilergotik datozen ikasleek, berriz, lau urte beharko dituzte ikasketak amaitzeko.
Lanbide Heziketaren eta unibertsitatearen arteko lotura indartzeko
Hitzarmena urriaren 8an sinatu zuten, Egibideko Jesus Obrero campusean. Ekitaldian parte hartu zuten Albert Verges Vidalek, Diocesanas-Jesús Obrero Fundazioa (Egibide) fundazioko Patronatuko Batzorde Betearazleko presidenteak; Xabier Egibarrek, Mondragon Unibertsitateko Errektore Kontseiluko presidenteak; eta Iker Alberdik, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Errektore Kontseiluko presidenteak.

Lankidetza horren bidez, bi erakundeek Lanbide Heziketaren eta unibertsitate-ikasketen arteko lotura estutzeko apustua indartu dute. Helburua da ikasleen prestakuntza-ibilbideei jarraipena ematea eta Arabako enpresek behar dituzten profil tekniko eta teknologikoei erantzutea.
Ekimena Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritzako graduak berrantolatzeko prozesuaren barruan kokatzen da. Prozesu horren helburua da ingeniaritzaren oinarriak lehen mailatik indartzea eta prestakuntza-ibilbide desberdinetatik datozen ikasleen sarbidea erraztea.
Prestakuntza duala eta Arabako enpresekiko lankidetza
Eskaintza akademiko berriaz gain, hitzarmenak beste lankidetza-ildo batzuk ere jasotzen ditu. Horien artean daude prestakuntza duala sustatzea eta ikasleek Gradu Amaierako Lanak Arabako enpresetan egiteko aukerak bultzatzea.
Bi erakundeek 1.500 enpresa eta erakunde laguntzaile baino gehiagoko sare bateratua dute. Sare horri esker, hezkuntza-arloaren eta Arabako enpresa-sarearen arteko harremana estutzea eta ikasleen prestakuntza-prozesuan bertan talentu tekniko eta teknologikoa enpresetara hurbiltzea ahalbidetuko da.
Era berean, hitzarmenak profesionalentzako etengabeko prestakuntza espezializatuko ekintzak garatzea, Arabako eta Euskadiko sektore estrategikoei lotutako graduondoko proposamen berriak aztertzea eta ikerketa- zein ezagutza-transferentziako proiektuak sustatzea aurreikusten du.
Aliantza horren bidez, Mondragon Unibertsitateak eta Egibidek Gasteizen goi-mailako prestakuntza-aukerak zabalduko dituzte, hezkuntza-erakundeen eta enpresen arteko lankidetza indartuz. Horrela, profesional kualifikatuak prestatzen, ikasleen prestakuntza-ibilbideei jarraipena ematen eta Arabako enpresa-sarearen beharrei erantzuten lagundu nahi dute.