Arizmendiarrieta Gunea zabalik da Otaloran

Arrasateko Esperientzia Kooperatiboaren sustatzailearen heriotzatik 50 urte betetzen diren honetan, Arizmendiarrietaren bizitza, pentsamendua eta gaurkotasun beteko legatua ezagutzeko aukera eskaintzen du Otaloran prestatu den espazio berriak.
Card image cap
Ezkerretik eskuinera: Patxi Olabarria, Iratxe Lasa, Leire Mugerza, Eider Mendoza, Pello Rodriguez, Jesus Mari Arizmendiarrieta, Gari Iturbe, Maider Morras, Lourdes Idoiaga eta Rosa Lavín
2026/06/17

Gaur goizean inauguratu da Jose Maria Arizmendiarrietaren (Markina, 1915 – Arrasate, 1976) omenez sortutako gune berria, Otaloran (Aozaratza, Aretxabaleta). 

Arizmendiarrietaren izena hartzen duen espazio berri honek, Markinan (Bizkaia) jaio zen apaizaren pentsamenduan sakontzen du, eta ikuspegi bat oso argiki azpimarratzen: duela 70 urte inguru gizarte kohesionatu bat eraikitzeko hasitako proiektuaren oinarri utopiko haiek bizirik dirautela oraindik, garai hartako kezka eta erronka beretsuen inguruan baitabil oraindik gaurko gizartea ere: izan hezkuntza, izan kontziliazioa, emakumea eta lana, berrikuntza edo euskara. Eta nola ez, lankidetzaren indarra, bere legatuaren oinarri nagusia.

Ekitaldian, Arizmendiarrieta familiaren ordezkari izan den Jesus Mari Arizmendiarrieta ilobaz gain, hainbat herri-erakunderen ordezkariek hartu dute parte, hala nola, Eider Mendozak, Gipuzkoako Diputatu Nagusiak; Gari Iturbek, Aretxabaletako alkateak; Maider Morrasek, Arrasateko alkateak; eta Iratxe Lasak, Markina-Xemeingo alkateak; MONDRAGONen izenean ere Pello Rodriguez presidentea, eta Leire Mugerza, MONDRAGONen Kongresuaren presidentea bertaratu dira. Konfekoopen ordezkari Rosa Lavin presidentea etorri da, Mikel Larrea zuzendari nagusiarekin eta Kooperatiben Kontseiluko Patxi Olabarria ere gerturatu da, besteak hainbat gonbidaturen artean.

_M6A7650.jpg

Pello Rodriguezek, MONDRAGON Korporazioaren presidenteak, honela nabarmendu du: “MONDRAGONek eta kooperatibek negozio errentagarri, sendo eta indartsuak eraikitzeaz harago, zertarako eta zergatik lan egiten dugun MONDRAGONen ere etengabe aztertzen dugu. Hori da Arizmendiarrietaren legatua. Gune honen bidez, ondare hori indartu eta etorkizunera proiektatu nahi dugu". Halaber, gogorarazi du iaz 3.000 pertsona baino gehiago etorri zirela kanpotik bisitan, eta 1.700 lagun kooperatibetatik, eta horregatik uste du gune honek “legatu horren transmisioa eta proiekzioa sendotzeko balio behar duela, bai kooperatiben barruan eta baita gizarte osoan ere”

“MONDRAGONek eta kooperatibek negozio errentagarri, sendo eta indartsuak eraikitzeaz harago, zertarako eta zergatik lan egiten dugun MONDRAGONen ere etengabe aztertzen dugu. Hori da Arizmendiarrietaren legatua"

_M6A7642.jpg

Arizmendiarrieta gertutik

Espazio berriak hainbat atal ditu, Arizmendiarrietaren figura modu integralean ulertzeko diseinatuak. Bertan jasotzen dira omenduaren bizitzako datu esanguratsuak eta haren ibilbide oparoko mugarri nagusiak: 1915ean Markinan jaio eta 1976an zendu arte, pentsalari praktiko eta ikuspegi handiko persona gisa nabarmendu zen, eta, hezkuntza, lana eta elkartasuna ardatz hartuta, gizarte-eraldaketa bultzatu zuen. Bere ibilbidean, Arrasatera iritsi eta gazteekin egindako lana, Eskola Profesionalaren sorrera edo lehen kooperatiben sustapena gisako gertakari gogoangarriak ere ikus daitezke.

Halaber, bere pentsamenduaren oinarriak ere jasotzen ditu guneak: gizarte-kohesioa, hezkuntza, finantza etikoak, berrikuntza, formazio duala, eta emakumea eta lana bezalako kontzeptuak, guztiak ere elkartasun praktikoan eta aukera-berdintasunean oinarrituak. Arizmendiarrietak defendatzen zuenaren arabera, gizarte justuago bat eraikitzeko bidea lankidetzan eta ezagutzaren sozializazioan zegoen, eta ideia horiek gaur egun ere indarrean jarraitzen dute.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiaren hitzetan: “Arizmendiarrieta Gunea baloreen eta legatuaren edukiontzia da. Balore horiek ez ditugu betirako barneratuta; etengabe elikatu behar dira konpromisoaren, ekintzaren eta parte-hartzearen bidez. Horrela, gure herriak hazten jarraitu ahal izango du, elkartasunetik eta inor atzean utzi gabe”.

“Arizmendiarrieta Gunea baloreen eta legatuaren edukiontzia da. Balore horiek ez ditugu betirako barneratuta; etengabe elikatu behar dira konpromisoaren, ekintzaren eta parte-hartzearen bidez. Horrela, gure herriak hazten jarraitu ahal izango du, elkartasunetik eta inor atzean utzi gabe”

_M6A7710.jpg

Bisitak eta edukiak

Bestalde, tokian bertan orain arte Jose Maria Arizmendiarrietaren inguruan egin diren ikus.entzunezko laburren bilduma ikusi ahal izango da, Horrez gain, bitrina batean haren objektu pertsonal original zenbait eta bere lanaren erakusgarri diren dokumentuak daude ikusgai, bere bizitzaren lekukotasun zuzen gisa. 

Azkenik, espazio honek Arizmendiarretaren pentsamenduaren inguruan urteetan zehar argitaratutako liburuak ere jartzen ditu bisitarien eskura, interesa dutenek ezagutu ditzaten.

Arizmendiarrieta Gunera egingo diren bisita guztiak MONDRAGON Korporazioaren Hedapen-taldeak kudeatuko ditu, eta bertaratu nahi izanez gero, beharrezkoa izango da aldez aurretik hitzordua eskatzea. Momentuz, kooperatiben eskaerei emango zaie lehentasuna eta bisitariek, hileroko bisita gidatuak baliatu ahalko dituzte Arizmendiarrieta Gunea ikusteko.