Arizmendi ikastola, 20 urte

Historiak aurrera egin ahala konturatzen gara zein garrantzitsua den lekukotzak jasotzea, ondare inmateriala galtzen ez uztea eta grabatzea. Ahotsek eta testigantzek jartzen dutelako balioan sasoi baten egindako lana. Hala egiten ari da Arizmendi Ikastola bere 20. urteurrenean.
Card image cap
2024/04/03

Ikastola kooperatiboaren sorrera, oraina eta etorkizuna jasotzen duten testigantzak grabatzen ari da; jatorria, bidea eta gaurko egoera nola mamitu den galdu ez dadin.

Axun Garai, Itziar Gurtubai, Felix Ormaetxea, Txaro Iraeta eta Javier Pagaldai parez pare jarri eta testigantza dotoreak jasotzen aritu da Arizmendi Ikastola. 70eko hamarkadan, herrietan ikastolen sorrera eman zenetik Arizmendi Ikastolaren jaiotzara arteko ahotsak grabatu dituzte. Hazia jarri zutenen hitzak, historia bizi izan zutenena eta oraina zein etorkizuna eraikitzeko zutabeak jarri zituztenen testigantzak Arizmendi Ikastolaren webgunean ikusi eta entzun ahal izango dira.

Herrietako ikastolen sorreratik Arizmendi Ikastolaren jaiotzara

20 urteko ibilbidea egin du Arizmendi Ikastolak. Eta aurrekoek egindako bideagatik gaur da Arizmendi Ikastola. Aurrekoek sentitu, pentsatu eta egin zutenagatik. Amets egin zutelako, amets hori irudikatu zutelako eta aurrera eraman zutelako. 1970. urte inguruan sortu ziren San Frantzisko Xabier Ikastola Arrasaten, Loramendi Ikastola Aretxabaletan eta Jose Arana Ikastola Eskoriatzan. Haien eraginez, urte gutxira euskaldundu ziren Almen, San Viator eta Umezaintza. Guztien arteko elkarlana bideratzeko Hezibide Elkartea sortu zen. Eta haren ekarpen nagusia, ikastola guztiak bilduz, egungo Arizmendi Ikastola kooperatibo integrala eratzea izan zen orain 20 urte.

Hazia jarri zutenen hitzak, historia bizi izan zutenena eta oraina zein etorkizuna eraikitzeko zutabeak jarri zituztenen testigantzak Arizmendi Ikastolaren webgunean ikusi eta entzun ahal izango dira.

Pertsona kooperatiboaren garapena

Ariketa konplexua izan zen. Etapa asko, ikastola asko, lanerako kultura desberdinak… Ikastetxe haiek guztiak identitate eta antolaketa bateratu batera ekartzea izan zen lehen urteetako eginkizun nagusia. Eta 2009an ikastolak urrats garrantzitsua eman zuen bateratze pedagogiko mailan. Haurra ulertzeko eta haurrarekin esku hartzeko modu berria zekarren planteamendu pedagogiko eta arkitektoniko berri batekin jarduten hasi ginen Haur Hezkuntzako guneetan; pertsona kooperatiboa garatzen laguntzea helburu zuen hezkuntza-planteamendu berritzailea.

Haur Hezkuntzako planteamendu berri hura gainerako etapetara eraman ahal izateko marko pedagogikoa eraiki zuen Arizmendi Ikastolak 2015ean, Konfiantzaren Pedagogia. Hura ere mugarri garrantzitsua izan zen. Ikastolako etapa guztietan pertsonaren, pertsonaren garapenaren eta esku hartzearen gaineko ikuspegi partekatua eta jarduteko modu bateratua ezarri zituelako.

Nola eta zertarako?

Beste jauzi bat eman zen ondorengo urteetan. Nola jardun zehaztetik zertarako jardun argitzera iritsi zirelako. “Ikastola garen aldetik, geure egiteko nagusia egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko barne sendotasuna duten pertsona euskaldun, kooperatibo, eraldatzaile eta ekintzaileak garatzen laguntzea dela, alegia. Horixe dela gure enkargua”. Bereizgarri horiek garatzen laguntzeko testuinguru berriak sortu zituzten ikasleentzat; eta horrek aldaketak ekarri zituen irakasleen, egutegien, ordutegien eta beste zenbait arloren antolaketan. 10-14 urte bitarteko gazteak biltzen dituen BATU egitasmo pedagogikoan hasitako bidea gainerako egitasmoetara zabaltzea da ikastolaren hurrengo urteotako eginbehar nagusia, jarduna identitatearen ispilu izan dadin, eta identitatea jardunaren gidari.

Horrekin batera erronka potoloa du Arizmendi Ikastolak esku artean, ikastola kooperatiboaren oinarriak indartzea eta hezkuntza-komunitatea horretan ahalduntzea. Izan ere, ikastola kooperatiboaren ereduak haizea alde ez duen garai hauetan argi du Arizmendik ereduak zentzua eta gaurkotasuna izaten jarraitzen duela, euskal hezkuntza-sistema osatzen duten guztiek ekarpena egiten diotela, bakoitzak beretik onena emanez.

Irakaskuntza