Irakurriena
- 1. Fagor Arrasatek HERPASAren ekoizpen-unitatea erosi du, altzairu herdoilgaitzezko deposituen espezialista
- 2. Orbea saritua izan da 2026ko Euskadi GJHen sarietan
- 3. Ruben Gabilondo, Orbeako presidentea: “Orbeako urte onenetako batzuk bizitzea tokatu zait”
- 4. Bazkide eta birkokatuentzako birkualifikazio programa amaitu du Fagor Ederlanek
- 5. Arizmendiarrieta Gunea zabalik da Otaloran
- 6. Eroski Taldeak 17,8 milioi euroko emaitza positiboa izan du 2026ko lehen hiruhilekoan
Badator Mundukideren XI. lasterketa solidarioa
Mundukide Fundazioak antolatuta, urriaren 18an ospatuko da XI. Lasterketa Solidarioa. Kirola eta elkartasuna uztartzen dituen hitzordu honek, aurten ere, pertsonak, kooperatibak eta familiak bilduko ditu helburu berarekin: lanaren eta lankidetzaren bidez mundu bidezkoago bat eraikitzen jarraitzea. Munduan bizi diren gatazka armatuen testuinguruan, irteera baino lehen bakearen aldeko ekitaldia egingo da. Gerrateen aurkako jarrera adieraziz eta elkartasuna aldarrikatuko da bakea eraikitzeko bide gisa.
Keinu sinboliko horren bidez, Mundukidek mezu argia zabaldu nahi du: gerren alternatiba; elkartasuna, lankidetza eta pertsonentzat aukerak sortzea. Bigarren berrikuntza Athlon kooperatibaren eskutik etorriko da. Irteera baino lehen, parte-hartzaile guztientzat beroketa gisa zumba saio dinamikoa eskainiko da, lasterketari giro alaia, osasungarria eta parte-hartzailea emateko.
Lankidetza ez da laguntza ematea soilik; pertsonak gaitzea, tokiko erakundeak indartzea eta denboran iraungo duten aukera ekonomikoak sortzea ere bada
Mundukideren lankidetza 100.000 pertsonek jasotzen dute
Lasterketa Solidarioari esker, Mundukidek Brasil, Ekuador, Kolonbia eta Mozambiken tokiko erakundeekin batera egiten duen lana babesten da. Lan hori kooperatibismoa, nekazaritza garapena eta enplegua sustatzean oinarritzen da, tokiko komunitateekin elkarlanean.
2025ean lortutako emaitzek argi erakusten dute lankidetza eredu horren eragina:
- 20 kooperatibarekin eta 60 talde eta elkarterekin elkarlanean dihardu.
- 20.000 nekazari familiari ematen die laguntza, 100.000 onuradunetara iritsiz.
- 61 laguneko lantaldea du: 12 kooperante, 49 tokiko langile eta 80 aldi baterako kolaboratzailerekin.
- Lau lan-ildo nagusitan aritzen da: aholkularitza kooperatiboa, pertsonen trebakuntza, nekazaritza garapena eta laguntza teknikoa.
- Kooperatiben eta nekazarien lanari esker, 3,6 milioi euroko irabazi gehigarriak sortu dituzte nekazari eta kooperatibek; komunitateetan geratzen diren baliabideak, bizi-baldintzak hobetzeko eta garapen ekonomikoa sendotzeko.

Emaitza horiek erakusten dute lankidetza ez dela laguntza ematea soilik; pertsonak gaitzea, tokiko erakundeak indartzea eta denboran iraungo duten aukera ekonomikoak sortzea ere bada.
Lehen ediziotik, Mundukideren Lasterketa Solidarioa kooperatibismoaren, elkartasunaren eta konpromiso sozialaren erreferente bihurtu da
Euskal Herriko kooperatibei gonbidapena
Lehen ediziotik, Mundukideren Lasterketa Solidarioa kooperatibismoaren, elkartasunaren eta konpromiso sozialaren erreferente bihurtu da. Urtez urte, ehunka lagunek erakutsi dute MLSaren bidez ere mundua eraldatzen lagun daitekeela. Iaz ospatutako X. Mundukide Lasterketa Solidarioak 435 parte-hartzaile eta 30 kooperatiba bildu zituen eta aurten ere ez da gutxiago espero.
Iazko edizioan, hamargarrenean, 435 parte-hartzaile eta 30 kooperatiba bildu zituen Lasterketa Solidarioak
Horregatik, Mundukidek gonbidapen zabala egiten die bereziki kooperatibetako bazkideei eta elkartasunaren indarrean sinesten duten pertsona guztiei, XI. Mundukide Lasterketa Solidarioan parte hartzera.
"Etorri korrika egitera, ibiltzera edo, besterik gabe, elkartasuna indartzera. Zure parte-hartzeak aukera berriak sortzen laguntzen du Brasilen, Ekuadorren, Kolonbian eta Mozambiken, milaka familiaren etorkizuna hobetzen lagunduz. Aurten ere, erakuts dezagun Euskal Herriak baduela mundu bidezkoago, solidarioago eta baketsuago baten alde korrika egiteko indarra", adierazi dute antolatzaileek.