Irakurriena
- 1. Arizmendiarrieta Gunea zabalik da Otaloran
- 2. Eroski Taldeak 17,8 milioi euroko emaitza positiboa izan du 2026ko lehen hiruhilekoan
- 3. LKS Next-ek 85 milioi euroko langa gainditu du 2025ean eta % 19ko bilakaera izan du 2026ko hasieran
- 4. "Kooperatibismoari kontakizuna falta zaio. Ez istorio faltagatik, baizik eta kodeak ez direlako gaur egungoekin bat etortzen"
- 5. Batzek 69 milioi euroko finantzaketa sindikatua itxi du 2032ra arteko hazkundea sustatzeko
- 6. MONDRAGONek 11.322 milioiko salmentak lortu zituen 2025ean, eta 1.346 enplegu berri sortu
Ruben Gabilondo, Orbeako presidentea: “Orbeako urte onenetako batzuk bizitzea tokatu zait”
Aurtengo Batzar Nagusian jasotako aitortzak (txalo zaparrada eta eskerron publiko sakona oholtza gainean) itxi du ziklo baten kapitulu nagusietako bat. Bere lidergoaren pean, Orbeak hazkunde eta eraldaketa sakonak bizi izan ditu, kooperatibaren izaera eta nazioarteko proiekzioa uztartuz. Orain, etapa berri baten atarian, atzera begiratzeko eta aurrera irudikatzeko unea da.
13 urte lehendakaritzan ez dira nolanahikoak. Zer balantze egiten duzu etapa honetaz? Zer izan da politena, eta zer kostatu zaizu gehien?
Esango nuke oso balantze positiboa izan dela. Egia esan, Orbeako urte onenetako batzuk bizitzea tokatu zait. Topikoa dirudien arren, nire ibilbidean zehar oso garai onak bizi izan ditugu.
Bereziki azpimarratuko nuke lankideen aldetik jaso dudan babesa eta konplizitatea. Azken finean, halako kargu batean zaudenean, pertsona talde baten ordezkari zara, eta funtsezkoa da harremana konfiantzazkoa izatea. Benetan sentitu dut nigan konfiantza jarri dutela, eta nik ere haien babesa sentitu dut une oro.
Alderdi zailena, agian, hasieran nire eguneroko lana eta lehendakaritzaren rola uztartzea izan zen. Kooperatibetan ez gara gure lanpostutik “liberatzen” halako ardura bat hartzen dugunean, eta horrek egokitzapen bat eskatzen du. Denborarekin, ordea, karguak bere dimentsioa hartu zuen eta neurria hartzea lortu nuen. Beti saiatu naiz nire langile rola ez galtzen, enpresaren errealitatearekin kontaktuan egoten.
Zure lehendakaritzako urteetan, nola aldatu da Orbea barrutik? Zer dauka gaurko Orbeak duela hamahiru urtekoak ez zeukana?
Nire ibilbidean zehar saiatu naiz Orbearen esentzia eta balioak mantentzen, eta uste dut hori lortu dugula. Baina hortik aparte, ia dena aldatu dela esango nuke: bazkide kopurua, langile kopurua, fakturazioa, instalazioak… ikaragarri hazi gara.
Datuei erreparatuta, aipagarria da nire lehendakaritza urteetan zehar bazkide kopurua 3,5 biderkatu dela, eta kooperatibaren fakturazioa 5 aldiz handiagoa dela hasi nintzenean baino.
Aipagarria da nire lehendakaritza urteetan zehar bazkide kopurua 3,5 biderkatu dela, eta kooperatibaren fakturazioa 5 aldiz handiagoa dela hasi nintzenean baino.
Harremanak ere asko aldatu dira. Askotan metafora batekin azaltzen dut bizi izan dugun eraldaketa: lehen Orbea herri txiki bat bezalakoa zen; denok ezagutzen genuen elkar, konfiantza handia zegoen. Azken urteotan, ordea, herri izatetik hiri izatera pasatu gara. Hirietan gertatzen den bezala, harremanak ere ez dira hain globalak, eta auzoka antolatzen dira. Guri ere antzeko zerbait gertatu zaigu, eta erronka handia dugu konfiantzazko harreman sare horiek berreraikitzen eta gertutasun hori ez galtzen.
Bestalde, hazkunde hori ez da soilik nazioartekotzean eta langilegoan islatu; hemen bertan ere apustu sendoa egin dugu, tokiko instalazioetan inbertsio handiak eginez. Garrantzitsua izan da hazkundea kanpora begira garatzeaz gain, Mallabian bertan sustraituta jarraitzea eta gure gaitasun industriala indartzea. Horren adibide argia da OQUO: gurpilak hemen bertan garatu eta ekoizteko egin dugun apustu estrategikoa, balio erantsi handiagoko produktu propio baten alde eginez.
Horrez gain, zalantzarik gabe, gure produktuak berak ere bilakaera handia izan du. Bizikleta asko hobetu da, eta gaur egun merkatura beste modu batera iristen gara: ikusgarritasun handiagoarekin eta nazioarteko presentzia sendoagoarekin.
Zure lehendakaritzan zein izan dira une edo erabaki zailenak?
Kooperatiba gehienetan bezala, pertsonak tartean dauden erabakiak dira zailenak: lankideak, bazkideak… Horrelakoetan hartu behar izaten dira benetan gustukoak ez diren erabakiak.
Pandemia garaian ere une konplexuak bizi izan genituen. Gaur egun perspektibarekin ikusita, pandemia garai ona izan zen Orbearentzat, baina hasieran ziurgabetasun handia zegoen, eta erabaki estrategikoak hartzea ez zen batere erraza.
Hala ere, lehen esan dudan bezala, zorte handia izan dut. 13 urte hauetako bilakaera beti izan da positiboa, eta etengabeko hazkundean egon gara.
Zorte handia izan dut. 13 urte hauetako bilakaera beti izan da positiboa, eta etengabeko hazkundean egon gara.
Diozun moduan, azken urteotako hazkundea ikusgarria izan da. Digestioa ondo egin duzue?
Ez da bakarrik hazkundea izan, baizik eta hazkunde hori oso denbora gutxian etorri dela. Hain epe motzean hainbeste haztea ez da erraza, baina uste dut, zailtasunekin bada ere, ondo kudeatu dugula.
Ahulgune gisa esango nuke gertutasuna galdu dugula neurri batean. Batzuetan oso estu ibili gara, baina gaur egun egoera onean gaudela uste dut.
Asko kezkatzen nau nik jasotako legatua ondo transmititzeak. Azken 7-8 urteetan bazkide berri asko sartu dira (hirutik bi berriak dira) eta erronka handia da horiei guztiei Orbearen balioak eta egiteko modua transmititzea. Azken urteetan dena oso ondo joan denez, jende berri askok ez du garai zailik ezagutu, eta ardura ematen dit etorkizunean une txarrak etorriz gero ere kooperatibaren balioei eusteko gai izango ote garen.
Asko kezkatzen nau nik jasotako legatua ondo transmititzeak. Azken 7-8 urteetan bazkide berri asko sartu dira (hirutik bi berriak dira) eta erronka handia da horiei guztiei Orbearen balioak eta egiteko modua transmititzea
Marka globala bihurtzeak hazkundea ekarri du, baina askotan tokiko identitatea arriskuan jartzen du. Nola uztartzen dira nazioartekotzea eta kooperatiba izaera?
Prozesu gradual bat izan da. Duela 10-15 urte konturatu ginen gure dimentsioa txikiegia zela merkatuan lehiatzeko, eta handitu beharra geneukala.
Gainera, gure produktua pertsonengandik oso gertu dago. Bizikleta industrialki egiten dugu, baina azken hartzailearengana zuzenean iristen den produktu bat da. MONDRAGONeko kooperatiba gehienek, batez ere industria esparrukoak, ez dute harreman zuzen hori kontsumitzailearekin, eta gure kasuan marka, produktua eta gertutasuna lantzea funtsezkoa da.
Internetak eta plataforma digitalek ere asko lagundu digute. Garai batean katalogoak eta euskarri fisikoak behar ziren; gaur egun, berriz, askoz errazago iristen gara jendearengana.
Hazkundean Europan eta Estatu Batuetan egin genuen apustu sendoa izan da giltzarrietako bat. Bizikleta ere gero eta produktu globalagoa da, eta guk gure nortasuna galdu gabe egin dugu jauzi hori.
Hazkundean Europan eta Estatu Batuetan egin genuen apustu sendoa izan da giltzarrietako bat. Bizikleta ere gero eta produktu globalagoa da, eta guk gure nortasuna galdu gabe egin dugu jauzi hori.
Gobernantzaren ikuspegitik, nola ikusten duzu gaur kooperatiba eredua?
Kooperatibismoak asko lagundu digu, barruan “egiteko beste modu bat” dagoela ulertzen delako. Kanpora begira, ordea, askotan zaila da hori azaltzea.
Hala ere, bezeroekin eta dendekin gertutasunez lan egiteko aukera dugunean, eta Orbearen filosofia azaltzen dugunean, kooperatiba izatea balio erantsi gisa ulertzen dute. Sare sozialetan edo webgunean hori transmititzea zailagoa da, baina gertuko harremanean oso ondo ulertzen da eta estimagarria da.
Belaunaldi berriek benetan erosten dute kooperatibaren errelatoa?
Erronka handia da, ez bakarrik Orbearentzat, baizik eta kooperatiba guztientzat. Gure kasuan badugu abantaila bat: bizikleta produktu erakargarria da gazteentzat, eta horrek talentua erakartzen laguntzen digu.
Gure kasuan badugu abantaila bat: bizikleta produktu erakargarria da gazteentzat, eta horrek talentua erakartzen laguntzen digu.
Nik ikusten dut kanpotik datozen gazte askok asko baloratzen dituztela hemen dauzkagun lan egiteko moduak eta kooperatibismoak dakartzan elementuak, adibidez irabazien banaketa.
Gainera, duela gutxi egin dugun Batzar Orokorrean oso datu esanguratsuak izan genituen: %94ko parte-hartzea izan genuen ordezkaritzak kontuan hartuta, eta %70ek presentzialki parte hartu zuten. Aipatzekoa da, era berean, larunbat goiz eguzkitsu bat zela, eta hala ere bertaratze hori egon izanak erakusten du jendeak kooperatiban sinesten duela. Eta bazkide horietako asko gazteak dira.
MONDRAGONeko organoetan ere aritu zara, Batzorde Iraunkorrean, hain zuzen. Zer eman dizu esperientzia horrek?
Oso aberasgarria izan da. Beste ikuspegi batetik ikusten dituzu kooperatibak eta MONDRAGON ekosistema bera, eta gainera aukera ematen dizu esperientzia handiko pertsonekin harremanak izateko eta beste kooperatiba batzuen errealitateak ezagutzeko.

2030era begira, nolakoa irudikatzen duzu Orbea?
Orain ari gara 2030eko plan estrategikoa lantzen, eta etorkizuna positiboki ikusten dugu. Egia da merkatua nahiko aldakorra dela, baina uste dut bizikleten munduan daukagun posizioa ona dela.
Azken urteetan iritsi garen tokian modu jasangarrian mantentzeko gai izango garela uste dut. Ez gara eskailera gora igo gero berriro jaisteko, baizik eta goian egonkortzeko. Erronka asko izango ditugu, baina baikor ikusten dut etorkizuna.
Ez gara eskailera gora igo gero berriro jaisteko, baizik eta goian egonkortzeko. Erronka asko izango ditugu, baina baikor ikusten dut etorkizuna.
Aurtengo Batzar Nagusian jasotako aitortza oso hunkigarria izan zen. Zer sentitu zenuen?
Batzarrean zehar oso lasai egon nintzen, baina agurtzeko unea iritsi zenean eta hitz egiten hasi nintzenean, emozioak gainezka egin zidan. Jendearen erantzuna barruraino iritsi zitzaidan, eta ez dut sekula ahaztuko. Oso maitatua sentitu nintzen.
Gainera, nire alaba zaharrena batzarrean zegoen, Orbean baitago lanean; bere lehen batzarra zen, eta nire azkena. Nire alaba hor ikusteak ilusio berezia egin zidan. Asko hitz egiten dugu hemen legatuaz, eta alaba Orbean geratzeak nolabait nire zatitxo bat hemen geratuko dela sentiarazten dit.
Nik beti esaten dut guztiok gaudela hemen epe mugatu baterako, eta gure egitekoa dela kooperatiba guk aurkitu genuena baino hobeto uztea.
Nik beti esaten dut guztiok gaudela hemen epe mugatu baterako, eta gure egitekoa dela kooperatiba guk aurkitu genuena baino hobeto uztea.
Nola ikusten duzu erretiroaren etapa berria?
Atzera begira geratzea ez da oso erabilgarria. Hemen etapa bat amaitzen da eta beste bati hasiera ematen diot. Nire helburu nagusia da etapa berri hau osasunez bizitzea, nire buruari eta familiari denbora gehiago eskainiz.
Eta hemendik aurrera? Trikitixa gehiago? Bidaiaren bat? Eta amets bat?
Bidaiaren bat egingo dut seguru, baina oraindik ez dut ezer pentsatuta. Trikitixa nire afizio handietako bat da, baina orain pixka bat baztertuta daukat; seguru berreskuratuko dudala. Musikari seguru helduko diodala, eta baliteke instrumentu berriren bat ikasten hastea. Mendia, kirola… horretarako denbora gehiago hartu nahi dut.
Egunen batean aitona izatea da nire ametsa. Gustatuko litzaidake nire denbora librearen zati handi bat etorkizunean nire bilobekin partekatzea.