2017-12-12T11:06:58+01:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Autoeraketaren erronkak aztertu dituzte Kooperatibagintzaren III. Topaketan

2015/07/15

Lankiren eskutik, kooperatibigintzaren hirugarren topaketak izan dira gaur Humanitate eta Hezkuntza Zientzia Fakultateak Aretxabaletan duen campusean. Jardunaldiak bi zati nagusi izan ditu: Bartzelonako Universitat Autonoma/IGOPeko aditua den Joan Subirats Humets-en hitzaldi esanguratsua, batetik; eta pertsona, komunitatea eta jasangarritasuna erdigunean jartzen dituzten Euskal Herriko lau ekimenen arteko mahainguru aberats eta anitza.
Autoeraketaren erronkak aztertu dituzte Kooperatibagintzaren III. Topaketan

Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak eman die ongietorria Humanitate eta Hezkuntza Zientzia Fakultateko aretoa bete duten lagunei. Errektore nagusiak MONDRAGONen esperientzia kooperatibotik harago ere ezagutzeko eta jakintza partekatzeko interesa agertu du.

Horren ostean, Mondragon Unibertsitateko Lanki Ikertegiko Eneritz Pagaldayk hartu du hitza eta gizartearen aldaketa nagusiak gainbegiratu ostean, ekonomia sozial eta solidarioaren esparruak aldarrikatu ditu, komunitate eta herrigintza logikak estrategikotzat hartuta eta bizitzaren jasangarritasuna erdigunea jarrita.

Jarraian Bartzelonako Universitat Autonoma / IGOPeko ikertzaileari eman dio hitza. Gobernantza, kudeaketa publiko eta politika publikoaren aztertzean aditua da bera eta hausnarketa oso interesgarriak egin ditu.

Kostu eta irabazien banaketa politika berraztertu

Bizi dugun azken iraultza honetan Internet jarri du jomugan eta honek ekoizpen banaketa ahalbideratzen duela azpimarratu, jabetzaren kalterako. Lankidetza ere izan du presente, eta horren bitartez garatutako berrikuntza gaindiezintzat hartu du.

Kooperatibismoari dagokionez, honek luzaroan erresistentziaren papera jokatu duela gogoratu zuen, baina erresilientziarako gaitasun handia duela nabarmendu. Eta kostu eta irabazien banaketa politika berraztertzeko proposamena egin du.

Atsedenaldiaren ostean, pertsona, komunitatea eta jasangarritasuna erdigunean jartzen dituzten Euskal Herriko lau ekimenen arteko mahainguru berezia gauzatu da, bertsolariak bailitzan Lankiko Naroa Elortzak puntuak jarrita.

Subjektu politikoa bihurtu

REASeko Carlos Askunzek ekonomia sozialaren kontzeptuan sakondu du eta pertsona eta lurraldea erdian jartzearen premia aldarrikatu du, subjektu politikoa bilakatuz.

Taldea, hausnarketa prozesuan

Fagor Taldeko Joxean Alustizak 2013an Fagor Etxetresna Elektrikoaren ateen itxiera izan du interbentzioaren ardatz nagusi; eta hortik abiatuta aurreratu du Taldearen barruan dimentsioa, elkartasuna, errentagarritasuna eta sarea moduko kontzeptuen gainean zabal hausnartzen ari direla.

Ekonomia sozial Eraldatzailea

Olatukoop-eko Beñat Irasuegik berak ordezkatutako sareak Ekonomia Sozial Eraldatzailearen eredua, eraldaketa gehituta, duela gogorarazi du; eta berau sortzerakoan kooperatibismoaren oinarriak eta software librearenak uztartu zituztela.

Pertsona eta herri-mugimendua erdian

Azkenik, Argia komunikazio proiektuko Estitxu Eizagirrek nabarmendu zuen berorrek pertsona eta herri-mugimendua erdian jartzen dituela; eta azken urteotan parte-hartze eta banaketaren alde egin dituzten aldaketak zerrendatuta, adibide praktiko asko ekarri ditu mahai gainera.

Ikusi jardunaldiaren argazki galeria.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak