Vicente Atxa: "Berrikuntza arloan erreferente izaten jarraitu behar du Mondragon Unibertsitateak".

Ikasturte hasierako ekitaldian egin ditu adierazpenok Vicente Atxak, Mondragon Unibertsitateko errektoreak.
Card image cap
2020/09/18

Mondragon Unibertsitateak ekitaldi bikoitz bat egin du gaur. 2020/2021 ikasturte akademikoari ofizialki hasiera emateaz gain (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Eskoriatzako campusean), Dorleta eraikinaren birmoldaketaren eta handitzearen inaugurazioa egin da. Bertan, egin da, hain zuzen, ekitaldi akademikoa. Aurtengo ikasturte-hasiera ezohikoa izan da COVIDaren ondorioz; izan ere, pertsona talde txiki baten aurrean egin da, segurtasun-distantzia eta edukiera bermatzearren, baina streaming bidez ere jarraitu ahal izan da.

Foto apertura curso MU 4

Ikasturte akademikoaren hasieran eta eraikin berriaren inaugurazioan parte hartu dute, errektoreaz gain, honako hauek ere: Iñigo Urkullu lehendakari jaunak, ikasturteari hasiera ofiziala eman dionak; Begoña Pedrosa Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak, ekitaldia eraikin berriari buruzko xehetasun batzuekin hasi duenak; Idoia Peñacoba Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusiak, joan den ikasturteko memoria akademikoa azaldu duenak; eta Nagore Ipiña Ikerketa eta Transferentziako zuzendari eta doktoreak, “Hezkuntza testuinguru digitaletik eraldatzen” irekitze-hitzaldia irakurri duenak. Ekitaldian izan dira, halaber, Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburu berria, Mikel Álvarez Mondragon Unibertsitateko presidentea eta politikaren nahiz irakaskuntzaren arloko beste agintari batzuk.

COVID19ra egokitzea

Ikasturte akademikoaren hasieran, Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak azaldu du unibertsitateak oso azkar (asteburu batean) egokitu behar izan zuela COVIDaren ondorioetara, eta Mondragon Unibertsitateko 5.500 ikaslek baino gehiagok aurrez aurreko prestakuntzatik online prestakuntzara igaro behar izan zutela, prestakuntza digitalaren oinarriak dagoeneko ezarrita zeudelako. Era berean, adierazi du erronka hori, ikasle, irakasle eta langileen lan gogorrean oinarrituz, eta ahalegin ekonomiko handia egin ondoren, egundoko aukera bihurtu zela unibertsitatearen hezkuntza-eredu berritzailea, etengabeko ebaluazioa eta prestakuntza praktikoa are gehiago indartzeko eta egokitzeko.

Era berean, ikasturte berri honetarako zehaztu diren protokoloei buruz hitz egin du, unibertsitateak aztertu dituen eta gerta litezkeen agerleku guztiak kontuan hartuta. “Prest gaude jarduera aurrez aurre eta modu seguruan garatzeko; eta egoerak hala eskatzen badu, baliabide digitalekin egingo dugu jakina, gure jarduera zati batean edo guztiz online garatzea ahalbidetuko diguten baliabide digitalak erabiliz”.

COVIDak protagonista izaten jarraitzen du egunerokotasunean, baina errektoreak etorkizunean oinarritu nahi izan du bere diskurtsoa, “ikus dezakegun moduan, oso azkar aldatzen da dena”. Mondragon Unibertsitatearen kasuan, asmo handiko Plan Estrategiko berri batek markatuko du etorkizuna, eta erronka hau izango du: “Euskadiren gizarte- eta enpresa-eraldaketan inpaktu handiagoa izatea eta unibertsitate berritzaile gisa nazioarteko erreferente bihurtzea, munduko onenekin lehian jardun ahal izateko”. Datuek erakusten dutenez, unibertsitatea bide onetik doa, eta hala adierazi du Vicente Atxak: “Azken lau urteetan % 25 handitu da ikasle kopurua, eta % 29 enpresekin egiten dugun I+G jarduera; oinarri ezin hobea da ikaskuntza-esperientzia pertsonalizatua eskaintzen duen unibertsitate berritzaile gisa erreferente bihurtzeko”. Izan ere, U-Multirank ranking ezagunaren arabera ―goi-mailako hezkuntzan erreferentea da eta mundu osoko 2.000 unibertsitate baino gehiago ebaluatzen ditu―, Mondragon Unibertsitatea Espainiako 5 unibertsitate onenen artean dago.

Oinarriak

Errektoreak nabarmendu du Mondragon Unibertsitatearentzat erronka berri bat dela ikasturte bakoitza, hezkuntzarekiko, ikasleekiko eta gizartearekiko konpromisoa berritu egiten baita aldiro, are gehiago gaur inauguratuko den ikasturte honetan.

Gizartearekiko konpromisoa argi eta garbi islatzen da unibertsitate honen ezaugarrietan, eredu dualean liderra baita; % 60 titulu dualak dira, eta duela 50 urtetik baino gehiagotik dira aitzindariak eredu horretan. Unibertsitatearen etorkizuna eraikitzen duten zimendu horien artean, sortzen ari diren sektoreetako (hala nola, ekoteknologiako, energiako eta ingeniaritza biomedikoko) graduak sendotzen ari direla azpimarratu du, baita gradu eta master berriak ere: Business Data Analitics gradua, Humanitate Digital Globalak, LEINNen eskaintza Alemanian edo Zibersegurtasuneko, Robotikako edo Marketin Digitaleko masterrak, besteak beste, betiere enpresen beharrak kontuan hartuta, horiek baitira erakunde akademikoaren nortasun-ikurra. Ez du ahaztu Basque Culinary Centerrek eta haren Berrikuntza Zentroak lau urte hauetan izan duen bilakaera, Gastronomia Zientzietan munduko lehen doktoretza abian jarri ondoren. Unibertsitateak 17 gradurekin eta 15 unibertsitate-masterrekin abiarazi du ikasturtea; horien artean, formatu dualean eskainiko dira 10 gradu eta 7 master.

Lau urte hauetan, Unibertsitateak sekulako jauzi kualitatiboa eman du Euskadin, lankidetza publiko-pribatuari esker. Unibertsitateak 1.550 ikasle berri izango ditu ikasturte honetan, hau da, joan den urtean baino % 5,5 gehiago; horrez gain, azken lau urteetan 24.000 profesional baino gehiagorentzako eskaintza izan du, horiek gero eta aldakorragoa den lan-merkatura egokitu daitezen. Gainera, % 29ko hazkundea izan du Ikerketa eta Transferentziaren esparruan; enpresa pribatuek finantzatu dute % 50, unibertsitateak egindako lanari esker.

Foto apertura curso MU 2

Etorkizuna

Vicente Atxak dagoeneko martxan dagoen 2020-2024 Plan Estrategiko berriari egin dio erreferentzia, “asmo handiko” plan bat, ikasle gehiago prestatzeko, profesionalei zerbitzu hobea emateko eta ezagutza handiagoa eskaintzeko helburuarekin, hala, enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta horiek sortzen duten inpaktua handitzeko. Unibertsitateak dagoeneko 10 campus ditu Euskadin eta 7 laborategi EAEtik kanpo, eta horiei Bilboko campusa (AS FABRIK) gehituko zaie Gabonetan. Lau urtetan, 800 ikasle berri prestatzea espero da ikasturteko, eta Unibertsitatearen beste trakzio-elementuetako bat izango da. 

Errektorearen arabera, “lan egiten jarraitzen dugu, unibertsitate berritzaile gisa, nazioartean erreferente bihurtzeko, eredu izateko eta munduko onenekin lehian jarduteko”. Eta hori lortzeko, Plan Estrategikoaren bost lehentasunak aipatu ditu bere diskurtsoarekin amaitzeko:

  1. Hezkuntza-berrikuntzan liderrak izatea, ikasle guztien esperientzia pertsonalizatua indartuz.
  2. Unibertsitate global bat izatea, nazioartekotzeko prest egongo dena.
  3. Aldaketa digitalerako trantsizioa sustatzea, presentzialtasuna areagotuko duen hezkuntza-ereduari eutsiz.
  4. Ikerketaren eta Transferentziaren unibertsitate gisa finkatzea.
  5. Unibertsitatearen proiektu kooperatiboa sustatzea.

Bost lehentasun horiekin lortu nahi da unibertsitate praktiko bat sustatzea eta sendotzea, graduatuen enplegagarritasun-tasa altuak izango dituen unibertsitate bat, herrialdearen beharretara bideratutako prestakuntza izango duena eta titulu berriak ezarriko dituena.

Eraikin berria

Ikasturteari hasiera emateko ekitaldiaren aurretik, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Eskoriatzako campuseko Dorleta eraikinaren birmoldaketa eta handitzea inauguratu da. Begoña Pedrosa Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak eman dio hasiera ekitaldiari, eraikin berriari buruzko hitz batzuekin. Eraikina hezkuntza-komunitatearen parte-hartze eta ekarpen-prozesu baten emaitza da, eta 6 milioi euroko inbertsioa egin behar izan da.

Eraikina handitzeko eta birmoldatzeko proiektu horren baitan, Dorleta eraikinaren barrualdea berritu da (1976an eraikia), espazio berriak sortu dira eraikinaren fatxadaren eranskin batean, 1.800 metro karratuko oinplanoko lokal berri bat eraiki da eraikinaren ondoan eta inguruko espazioak birmoldatu dira. Proiektu pedagogiko berritzaile bat eratzea izan da birmoldaketaren helburua, sorkuntzarako, esperimentaziorako eta ikerketarako espazio berriak egokituz, lankidetzarako plataforma gisa. Eraikinak hezkuntza-laborategi bat du gizarte digitalerako (KoLaborategia), eta bertan etorkizuneko joerak detektatuko dira; haren bidez, hezkuntza digitala sustatu nahi da, espazio aldakorrekin eta moldakorrekin, jasangarriekin eta irekiekin, ikasle berriei lekua egiteaz gain. Hori guztia, dekanoak azpimarratu duen moduan, “unibertsitateko esperientzia bizi-esperientzia bat izan dadila lortzeko: ikasteko, hausnartzeko... eta fakultatea sorkuntzarako eta esperimentaziorako leku bihurtzeko”.

2019/2020 ikasturteko memoria

Bestalde, Idoia Peñacoba Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusiak 2019/2020 ikasturteko Memoria Akademikoa aurkeztu du. Azpimarratu duenez, Mondragon Unibertsitateak 16 gradu-titulu eta 15 master ofizial eskaini zituen guztira, eta Business Data Analytics gradua jarri zuen abian. Gradu hori aitzindaria izan da Euskadin eta joan den urtean jarri zen martxan, Bilbon. Gainera, gogorarazi du gaur hasiko den ikasturte honetan, Unibertsitateak gradu-titulu berri bat eskainiko duela, Humanitate Digital Globalak gradua (Bilbon); horrez gain, adierazi du Ingeniaritza Mekatronikoko gradua Bilbon ere emango dutela (Arrasaten eskaintzen zen dagoeneko), formatu dualean. Ikasturte honetan, Unibertsitateak 17 gradu eta 15 master eskainiko ditu; horien artean, formatu dualean emango dira 10 gradu eta 7 master.

2019/2020 ikasturteko matrikulazioei buruzko azterketa baten arabera, 5.455 ikaslek eman zuten izena, aurreko ikasturtean baino % 6,4 gehiagok, eta graduondoko ikasleen kopurua gehituz gero, ikasleen zifra 5.965 izango litzateke guztira. Profesionalen prestakuntzari dagokionez, joan den ikasturtean 7.000 langilek baino gehiagok egin zuten unibertsitateko ikastaro, master edo tituluren bat, aurreko ikasturtean baino % 6,5 gehiagok.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa