Irakurriena
- 1. Kreanek eraikiko du Lascaray-LEAren lantegiaren aro berria
- 2. Gutun irekia Arizmendiarrietari
- 3. Fagor Arrasatek HERPASAren ekoizpen-unitatea erosi du, altzairu herdoilgaitzezko deposituen espezialista
- 4. Orbea saritua izan da 2026ko Euskadi GJHen sarietan
- 5. Ruben Gabilondo, Orbeako presidentea: “Orbeako urte onenetako batzuk bizitzea tokatu zait”
- 6. Bazkide eta birkokatuentzako birkualifikazio programa amaitu du Fagor Ederlanek
Beste bi urtez EU4Dual Europako proiektuaren lidertzan
Mondragon Unibertsitateak beste bi urtez jarraituko du prestakuntza dualeko EU4Dual Europako proiektua gidatzen. Europan prestakuntza duala sustatzeko asmoz sortutako unibertsitateen aliantza da EU4Dual, eta Europar Batzordeak bi urtez luzatuko du egitasmoari eskaintzen dion babesa, ekimena hedatzeko eta Europako goi-mailako hezkuntzan duen eragina indartzeko asmoarekin.
Mondragon Unibertsitateak gidatzen du EU4Dual proiektua sorreratik, 2023tik, prestakuntza dualean liderra baita Estatuan eta Europan; izan ere, Unibertsitatea 1966tik ari da ikaskuntza-modalitate hori lantzen. Prestakuntza duala baliatuz Europako goi-mailako hezkuntzaren kalitatea hobetzea eta Europako eta munduko erronkei erantzutea da aliantza horren helburua.
Europan prestakuntza duala sustatzeko asmoz sortutako unibertsitateen aliantza da EU4Dual
Etapa berrian, aliantzaren osaera aldatu egin da apur bat: Portugaleko Portalegreko Institutu Politeknikoa partzuergora batu da. eta Hungariako John Von Nuemann University, berriz, aliantzako kide izatetik unibertsitate elkartu izatera igaro da.
Era berean, proiektuaren luzapen-fasean, erreferentziazko erakunde eta enpresa elkartuak batuko dira egitasmora. Mondragon Unibertsitatearen aldetik, proiektura batuko dira Unibasque, MONDRAGON Korporazioa, DanobatGroup, LABORAL Kutxa, CAF eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila. Halaber, aliantzako gainerako unibertsitateek 20 enpresa elkartu inguru ekarriko dituzte ekimenera; tartean, Nokia, Sophia Genetics, Infineon Technologies, Hilty Szerszam eta Dassault Systems.
Mondragon Unibertsitatearen aldetik, proiektura batuko dira Unibasque, MONDRAGON Korporazioa, DanobatGroup, LABORAL Kutxa, CAF eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila
Prestakuntza dualari bultzada
Europako Unibertsitate Duala sortzea izan da programa europarraren aurrerapauso nagusietakoa, eta horrek 2026ko irailean eskainiko ditu lehenengo ikasketak, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa buru dela. Zehazki, Fabrikazio Digital eta Jasangarriko Ingeniaritzako Europako Baterako Masterra jarriko dute martxan —partzuergoko lau unibertsitatetan eskainiko da—. Ikasleek seihilekoen eta espezialitateen arabera aukeratu ahal izango dituzte unibertsitateak.
Gainera, ekonomia berdearen (green economy) inguruko beste master dual bat eskaintzeko lanean ari da aliantza. Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza fakultateak hartuko du parte ekimen horretan, Europako beste unibertsitate batzuekin batera. 2027-2028 ikasturtean jarriko da abian, aurreikusita dagoenez.
Eredu duala Mondragon Unibertsitatean
Mondragon Unibertsitatea aitzindaria da Estatuan prestakuntza dualari dagokionez. Gaur egun, Mondragon Unibertsitateko titulazioen % 60 —unibertsitateko 12 gradu eta 15 master— dualak dira, eta ikasleen % 30ek eredu horretan ikasten dute. Datozen 5 urteetan eredu hori sendotzen jarraituko du unibertsitateak, eta aurreikusten du ikasleen erdiak dualak izatea 2028rako.
Kalitatezko prestakuntza duala bermatzeko, 900 enpresa eta erakunde laguntzailek baino gehiagok osatutako sare zabala du Mondragon Unibertsitateak. Esperientzia duala bizitzen duten ikasleen % 26 esperientzia hori izan duen enpresa berean geratzen da lanean.