ULMA Embedded Solutions, hamar urte industriarako zerbitzu aurreratuak eskaintzen

2009an sortu zen ULMA Embedded Solutions. Hamar urteren ondoren, 34 laguneko enpresa eta proiektu sendoa da.
Card image cap
2020/01/10

ULMA Embedded Solutions (UES) 2009. urtean sortu zen ULMA Taldearen Sustapen Berrien baitan, sistema elektronikoen prototipoez haratago zerbitzu espezializatuak eskaintzeko helburuaz. Gaur egun produktu elektronikoaren bizi zikloan zehar ingeniaritza zerbitzuak eskaintzen ditu, kontzeptutik hasi eta diseinu, garapen, test, produkzio eta mantentzeraino.

Aktibitatea: Industriarako zerbitzu aurreratuak. Gaur egun 34 pertsonak osatzen dute organizazioa eta egoitzak ditu Oñatin, Bilbon eta Madrilen. 

Hasieran Sistema Txertatuen garapenera zuzendu zuen bere eskaintza enpresa oñatiarrak; software garapenetan oinarrituta. Urteek aurre egin ahala beste behar batzuk identifikatu eta proiektu elektronikoak garatzeaz gain, bezeroei beste era bateko balioak, zerbitzuak eskaintzen dizkie. Bilakaera horren ondoren, gaur egun lau negozio unitate ditu ULMA Embedded Solutions-ek: Produktu elektronikoen garapena; Sistemen ingeniaritza eta erreminten integrazioa; Neurtze, balioztatze eta kontrolerako sistemen garapena eta IoT soluzioak industria 4.0 Industria alorrerako.

Aro berrian, askotariko zerbitzuak eta produktuak eskaintzen dituzte, sektore ezberdinetan, besteak beste: Trena, osasuna, industriala, energia, automozioa edo aeroespazioaren sektorean. Hala, gaur egun Euskal Herriko, Estatuko eta Europako bezeroak dituzte eta askotariko garapenak egiten dituzte haientzat guztientzat.

Bind 4.0

Gaur egun Flythings izeneko Galiziako Tekonologia Institutuko enpresa batekin harreman estua du ULMA Embedded Solutions-ek. Galiziarrek, Industria 4.0 arloan sartu nahi duten enpresei prozesua asko errazten dieten plataforma dotorea garatu dute eta UESek datuak jaso eta plataformarekin konektatzeko soluzioa eskaintzen du. Hartu-eman horren bitartez, merkatu horretan ondo kokatu da UES.

Bulego nagusiak Oñatin baditu ere, (ULMA Taldearen instalazioetan), Bilbon ere badu bulego operatibo bat eta lau lagun ditu Madrilen, bi komertzial arlokoak eta beste bi ingeniari, Estatuko merkatuan indartsu egin nahian. “Gaur egun bezeroak ditugu Estatuan, naiz eta Euskal Herrian gara indartsuak. Espainia eta Portugalen indartu nahi dugu gure proiektua”, adierazi digute oñatiarrek.

 “Gaur egun bezeroak ditugu Estatuan, naiz eta Euskal Herrian gara indartsuak. Espainia eta Portugalen indartu nahi dugu gure proiektua”

Hamar urteko bidea

2019 berezia izan da ULMA Embedded Solutions-entzat, izan ere, hamar urte bete ditu jada. Harro egoteko moduko bidea egin du, izan ere, 2009an lau ingeniari izan ziren egitasmoaren sortzaile. ULMA Taldearen baitan sortu zen, spin offl gisa, eta hamar urteren buruan, gorabehera ugari gainditu ondoren, 34 pertsona dira eta hurrengo hiru urteetan plantilla bikoizteko aurreikuspena dago. “Sortu ginenetik fakturazioa hirukoiztu egin dugu eta bezero kopuruak ere dezente egin du gora. Orain pertsonen arloan baditugu erronka ugari, egitura aldetik ere egokitu beharko baitugu gure enpresa”.

Enpresaren Argazkia: bertakoa, euskalduna eta berdintasunean lanean diharduena.

Enpresaren enplegatuen jatorriari dagokionez, gehienak debagoiendarrak badira ere, Euskal Herriko txoko desberdinetako jendea dago bertan, baita Madril eta Espainiako zenbait tokitako jendea ere. Beste berezitasun bat euskararen erabilera da, eta emakumeen presentzia. Euskarari dagokionez, Oñatiko bulegoan euskara plan aktiboa dute eta oso talde euskalduna osatzen dute. Gizon eta emakumeen parekotasunari dagokionez, eta nahiz eta sektorea oso maskulinoa izan, “gurean emakume asko gaude, sektoreko batez bestekoarekin alderatuta askoz emakume gehiago daude hemen. Madrilen, esaterako, bi ingeniariak dira emakumeak”, esan digu Itsaso Letamendi, komunikazio eta marketin sailekoak.

ULMA Embedded Solutions

Banan-banan

Julen Barrena Alzelai Ingenieria eta proiektu garatzailea

Julen Barrenak hamar urte egin ditu UESen, “lehenengo kontratatua izan nintzen, oker ez banago”. Gaur egun enpresa sendo bilakatu da eta Julen proiektu kudeatzaile gisa ari da, baina enpresa txiki guztietan gertatzen den bezalaxe, beste askotariko lanak egitea ere tokatzen zaio, “komertzial lanak ere egiten ditut, eta garatzaile naizen aldetik, hainbat esparru eta teknologia garatu behar izaten ditut”. 

Erabiltzaileentzat interface grafikoak garatzen eta QT teknologiarekin lanean ari da Julen, sistema eragileekin eta hizkuntza ezberdinetan programatzen. Esan daiteke gaur egun ULMA Embedded Solutions ari dela teknologia berriak industria arlora ekartzen. “Esaterako, garbigailu industrial baten touch pantaila garatu dugu, interface grafiko aberatsarekin eta funtzioen ikuspegitik garbigailua beste dimentsio batera eraman dugu”.

Arlo soziala: euskara

Ingeniari lanaz gain, Barrena Euskara Batzordean dago, eta hasiera hasieratik euskara plana sustatzen eta garatzen aritu da. “Gurean aberastasun handia dago eta hor ere bidea egiten ari gara. Funtsean, inguruko kooperatiba euskaldunena sortzeko eta garatzeko ahalegina egin dugu eta harrotasunez diogu”. Barneko zein kanpoko harremanetan euskarak sekulako presentzia dauka ULMA Embedded Solutions-en. Ziklo guztia, hasieratik, eskaintza garatu eta amaierara arte, euskaraz garatzeko aukera dagoenean behintzat, “euskaraz egiten dugu”.

ULMA Embedded Solutions

Itsaso Letamendi Lizaur Komunikazio eta marketin arloak

Sei urte daramatza enpresan Itsasok. Oñatiarra da eta Enpresagintza Ikasketak egin zituen Mondragon Unibertsitatean. "Urte hauetan alor desberdinetan aritu naiz, enpresatik atera gabe eta askotariko lanak egiteko eta frogatzeko aukera izan dut, oso aberasgarria izan da". Gaur egun komunikazio eta marketin arloan ari da.

Egunerokoan, Sare sozialak eta webgunea elikatzen eta kudeatzen ditu, ekitaldi eta azokak prestatzen ditu, partner eta hornitzaile sarearekin harremanak mantentzen ditu, eta arlo komertzialari laguntza ematen aritzen da. “Arlo komertzialean ari diren lankideek beharrak izaten dituzte; bideo, katalogo eta gainerako erramintak erabiltzeko eta horiek prestatzen ditut”.

Etorkizunera begira gustatuko litzaioke komunikazio plan estrategia ondo definitzea, “helburu konkretuekin komunikazio plan bat egin behar dugu. Indarra hartzen ari gara, eta komunikazio estrategiak gure misio, bisio eta helburuei erantzun behar die”.

IMG_1521

Iñaki Idigoras Igartua Enpresa sortzailea eta Software arloan diharduena

“Lehenengo fasean, hasiera-hasieran, lau tekniko hasi ginen eta enpresa sorkuntza inongo esperientziarik gabe hasi genuen. Ikastaroak egin genituen eta laurok zuzendari karguarekin atera ginen, ni neu pertsonen zuzendari hasi nintzen”. Hastapen prozesua era gordinean definitzen du Iñaki Idigoras sortzaileak. UESen sorrerak denboran bat egin zuen Txomin Garcia ULMA Taldeko presidentea Laboral Kutxara joan zen garaiarekin. “Hark sinisten zuen proiektuan baina etorri berriek ez zuten hain argi ikusten. Eta horren ondorioz, umezurtz geratu ginen eta gure negozio aukera kolokan egon zen”.

Edozelan ere, enpresak aurrera egin zuen eta lehenengo gerentea jubilatu zenean, Josetxo de Frutos jarri zen gidari, eta ondoren Asier Olaguenaga. “Kanpoko elementuen menpe egon dira gure zikloak baina zorionez ULMA Taldearen bederatzigarren kooperatiba bilakatuko gara laster (2020an)”.

Arlo teknologikoan ondo kokatuta dago UES eta hamar urteko bidean ULMA izenak lagunduta gorpuztu egin da

Arlo teknologikoan ondo kokatuta dago UES eta hamar urteko bidean ULMA izenak lagunduta gorpuztu egin dute euren posizioa.

“Etorkizunera begira, pertsonen gestioan egingo nuke indarra. Pertsonak oinarrizkoak dira gure negozioan, eta gure erronka da pertsonen inplikazioa. Bolumena hartu dugu eta pertsonen gestioan dugu erronka nagusia”, dio Iñaki Idigorasek.