Irakurriena
- 1. Mondragon Assemblyk ATP erosi du, packaging sektorean hazteko
- 2. Orbik Cybersecurity, Pedro Sanchezekin batera joan da Indiara, AI Impact Summit 2026era
- 3. MONDRAGONen Berdintasun Jardunaldiak aldaketa kulturala sustatuko duten lidergoak lantzeko deia egin du
- 4. MONDRAGON Hospitalityra batu da Orkli
- 5. Automozio Dibisioetako kooperatibek bazkide laguntzaile izateko akordioa sinatu dute MGEPekin
- 6. Domusa Teknik-ek eta MONDRAGONek Hotta-n inbertitu dute, bero-hondarra konfort bihurtzeko
ROBOOSTek nazioarteko erreferente bihurtu du Danobat industriarako etorkizuneko robotgintzan
DanobatGroupen etorkizunerako apustu handienetako bat da ROBOOST. Proiektuak ia 50 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du datozen hiru urteetan; horietatik 35 milioi euro baino gehiago I+G eta garapen teknologikora bideratuko dira. Gainera, 500 lanpostu berri sortzea aurreikusten da —200 zuzenak eta 300 zeharkakoak—, baita profil profesionalen bilakaera ere, espezializazio teknologiko handiagorantz. ROBOOST Eusko Jaurlaritzaren Euskadi 2030 Industria Planaren esparruan kokatzen den bigarren proiektua da, eta Danobatek gidatzen du, enpresa traktore moduan eta doitasun handiko fabrikazio-soluzioetan nazioarteko erreferente gisa.

Proiektuari esker, Euskal Herrian belaunaldi berriko eta errendimendu handiko robot industrialak garatuko dira, makina-erremintaren doitasuna, egonkortasuna eta zurruntasuna robotikaren malgutasunarekin uztartzeko gai izango direnak. Paradigma berri honek ohiko sistemen mugak gainditzen ditu, eta fidagarritasun handiena eskatzen duten aplikazio kritikoetarako bidea irekitzen du, industria-sektore estrategikoen lehiakortasuna indartuz.
Proiektuaren eragile nagusi gisa, Danobatek 18 enpresa txiki eta ertain aktibatuko ditu eta balio-kate sendo bat egituratuko du tokian tokiko ingurunean, soluzio teknologiko berri honen inguruan. Klusterrekiko lankidetzak —AFMren lidergoarekin Fabrikazio Aurreratuan eta HEGANen parte-hartzearekin Aeronautika eta Espazioan— ekimenaren izaera kolaboratibo eta industriala indartzen du.
Garapen teknologikoak, halaber, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) 10 zentro teknologiko eta eragileren parte-hartzea izango du, IDEKO buru dela —hau ere MONDRAGONeko kooperatiba eta ikerketa aplikatuan erreferentea— arlo zientifiko-teknologikoan. Enpresa, ezagutza eta kooperatiba-sarearen arteko aliantza hau proiektuaren balio bereizgarri nagusietako bat da, interkooperazioaren adibide argia, finean.

MONDRAGONen, Danobaten, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak Roboost-en aurkezpen ekitaldian
Aurkezpen-ekitaldian parte hartu dute MONDRAGONeko presidente Pello Rodriguezek, Danobatgroup eta MIA dibisioetako zuzendari nagusi Nerea Arangurenek, Danobateko CEO Xabier Alzagak, kooperatibako presidente Julian Aizpuruk, Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik.
ROBOOSTen bidez, MONDRAGONek industria-eraldaketarekiko konpromisoa indartzen du, Danobat eta IDEKOren bidez, lidergo pribatu eta babes publikoarekin garatutako proiektu baten bitartez, kooperatibak nazioarteko erreferente bihurtuz errendimendu eta doitasun handiko robotikan, eta fabrikazio aurreratuaren etorkizunean funtsezko eragile gisa kokatuz.
Danobati buruz
Danobat, MONDRAGONeko kooperatiba, 70 urte baino gehiagoko ibilbidea duen nazioarteko erreferentea da doitasun handiko fabrikazio-soluzioetan. Artezketa, torneaketa eta doitasuneko robotikan espezializatua, I+G+b eta nazioartekotzearen aldeko apustu sendoa egiten du. Datorren astetik aurrera, bere azken berrikuntzak aurkeztuko ditu Bilbon egingo den Makina-erremintarean 2026ko biurteko azokan.