Irakurriena
- 1. Kreanek eraikiko du Lascaray-LEAren lantegiaren aro berria
- 2. Gutun irekia Arizmendiarrietari
- 3. Fagor Arrasatek HERPASAren ekoizpen-unitatea erosi du, altzairu herdoilgaitzezko deposituen espezialista
- 4. Orbea saritua izan da 2026ko Euskadi GJHen sarietan
- 5. Ruben Gabilondo, Orbeako presidentea: “Orbeako urte onenetako batzuk bizitzea tokatu zait”
- 6. Bazkide eta birkokatuentzako birkualifikazio programa amaitu du Fagor Ederlanek
Parte-hartze errekorra Euspot-en, euskarazko publizitate lehiaketan
Honakoa lehiaketaren zortzigarren edizioa da eta dagoeneko Euspot da Euskal Herriko eta euskarazko erreferentziazko publizitate lehiaketa erreferentzia.
Hastapenetan burutazio bat izan zenak, gaur egun bere sortzaile eta bultzatzaileek irudikatzen ez zuten oihartzuna dauka. 2012an izan zen sorrera, hainbat eragileren eskutik: Arteman komunikazio agentziak, Mondragon Unibertsitateak eta Aretxabaletako Udalak jarri zuten martxan, publizitate alorrean ingelesak eta gaztelaniak zuten pisuaren aurrean, euskarazko publizitate sormena indartzeko. Hasiera apala izan zuen, baina poliki-poliki gorantz joan da eta erreferente bilakatu da.
Euspot-ek formazio tailerrak eskaintzen ditu eskola, ikastola eta ikus-entzunezkotako zentrotan, eta horietan 500 lagunetik gora hartu dute parte.
Aldundia, musika editoreak...
Lehiaketa hazten eta hazten joan zen. Hala, eragile gehiago gehituz joan dira: lehenengo batu zen Madrilen egoitza duen Audio Network musika editorea, Espainiako Estatuko publizitate sektorean hornitzaile garrantzitsuenetakoa dena eta bere musika katalogoa Euspot-en eskura jarri zuen. Ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundia batu zen euskara publizitate alorrean indartzea bere lehentasunen artean jarriz. Eta azken eragile garrantzitsua Arizmendi Ikastola izan da, gazteek, harrobiak, ere euskarazko ikus-entzunezkoen alde egin dezan.
Gaur, zortzigarren edizioan, Euspot-ek ia 100 lan jaso ditu, eta horretan zeresan handia izan dute Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezkoen fakultateak eta Arizmendi Ikastolak. Gainera, aurkeztutako bideoak Euskal Herriko leku askotatik etorri dira, Tuteratik Bilboraino: Hernani, Sopela, Zarautz, Oñati, Gasteiz, Aramaio, Donostia, Aretxabaleta, Fontellas, Eskoriatza, Eibar, Durango, Ordizia, Hondarribia, Zaldibia, Ondarroa, Tolosa, Arrasate, Urretxu, Zumarraga, Andoain, Bergara…
Ikusleen botoa eta saria
Ikus-entzunezko gustukoena aukeratzeko bidea zabalik dago jada lehiaketaren webgunean https://euspot.eus/ eta botoa emateko azkeneko eguna maiatzaren 21, asteartea, izango da. Sari banaketa maiatzaren 30ean izango da Aretxabaletan, Arkupe kultura etxean.