Irakurriena
- 1. Berrikuntza eta Teknologiako Bilkura egin du aurten ere MONDRAGONek
- 2. MONDRAGON Hospitality Summit: sektore soziosanitarioa hizpide
- 3. Nerea Aranguren: “Konfidantza sortu, nor garen egiaz kontatu eta gazteei egitasmo humanistak eskaini behar dizkiegu”
- 4. Aliantza estrategikoa egin du Fagor Ederlan Groupek Duoli Automotive Technology txinatarrarekin
- 5. AMETS Power Electronics sortu dute MONDRAGONek eta Artechek potentzia-elektronika sustatzeko
- 6. Coprecik bere identitate korporatiboa berritu du
Montxo Armendarizek Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria jaso du

Montxo Armendariz zinemagile nafarrak 2017. urteko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria jaso du Iruñeko Kondestablearen jauregian, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariaren eta Txomin Garcia Laboral Kutxako lehendakariaren eskutik.
Epaimahaiak nabarmendu du Montxo Armendariz «azken 30 urteotako funtsezko zine zuzendaria» dela eta bere lanak «tokikotik haratago joan eta nazioarteko publiko zabalarengana iristea lortu» duela.
Nafar hiriburuan egin den ekitaldian Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariak eta Txomin Garcia Laboral Kutxako lehendakariak izan dira Armendariz saritzeko ardura izan dutenak.
Armendarizen esanetan, bere lan profesionala aitortzeaz harago, zinemak komunikaziorako tresna eta giza adierazpen gisa duen garrantzia azpimarratzen du sariak. Hori dela eta, eskerrak eman ditu.
Bere hitzaldian, Jean Renoir zinemagile frantziarraren hitzak aipatu ditu Armendarizek: "Niretzat garrantzitsuena ez da pelikula perfektuak egitea, zubiak eraikitzea baizik".
Ibilbide luzeko pertsona
Montxo Armendariz zinegileak ibilbide luzea du egina, film nabarmenez osatua, besteren artean, Tasio, Historias del Kronen, Las cartas de Alou, No tengas miedo, Obaba edo Secretos del corazón. 1986an Donostiako Zinemaldiko Zilarrezko Maskorra jaso zuen 27 horas filmagatik. Gainera, beste hainbat sari jaso izan ditu, besteren artean, Príncipe de Viana Saria (1998) edo Zinemako Sari Nazionala (1998). Epaimahaiak nabarmendu duenez “azken 30 urteetako ezinbesteko zinema-zuzendarietako bat da” eta bere filmek “Euskal Herriaren alderdi bisualak, kulturalak eta etnografikoak islatzen dituzte".