Irakurriena
- 1. FIRST LEGO League Euskadi-MONDRAGON finala, boluntario bila
- 2. Orbik Cybersecurity, kooperatiba mistoa bihurtu den lehen start-up teknologikoa
- 3. 2024ko urtekaria: urtebete iruditan
- 4. Ministroen Kontseiluak LagunAro BGAEren berezitasuna onartu du
- 5. MONDRAGONek bisitarien errekorra hautsi du: 3.196 lagun 2024an
- 6. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 7. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 8. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 9. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 10. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
Mondragon Unibertsitateak ikasturte hasiera ofiziala egin du Basque Culinary Center-en
Vicente Atxak Mondragon Unibertsitatearen gertaera garrantzitsuenak aipatu eta hiru ardatz estrategikoren inguruan egituratu du bere hitzaldia: ezagutza, berrikuntza eta talentua. Horiek omen dira Euskadiren lehiakortasunerako oinarriak, eta unibertsitateak horiexetan izan nahi du eragile.
Unibertsitateko hezkuntza-berrikuntzan liderrak izatea, nazioartera irekitzea eta enpresekin elkarlaneko ikerkuntzan aitzindari izaten jarraitzea da MUren helburua
Atxak eskerrak eman dizkie Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiei eta Udalei, haien babes instituzionalagatik, eta bereziki MONDRAGONi eta bere kooperatibei, haien baldintza gabeko laguntzagatik.
Unibertsitateak, martxan jarri duen plan estrategikoarekin, funtsezko garaia bizi duela gogoratu du errektoreak bere hitzaldiaren atal batean. Eta, gogoeta horren harira, garrantzizko hiru erronka azpimarratu ditu: unibertsitateko hezkuntza-berrikuntzan liderrak izatea, nazioartera irekitzea eta enpresekin elkarlaneko ikerkuntzan aitzindari izaten jarraitzea. Atxaren hitzetan, MUk motorra, liderra edo, behintzat, liderretako bat izan nahi du etorkizuneko euskal gizartean; izan ere, ez da gizarte aurreraturik egongo bere unibertsitateak anbiziorik ez badu".
Oraingo etageroko erronkak
Mondragon Unibertsitateko errektoreak gogoratu duenez, “herrialde batek, lehiakorra izango bada, gazte eta profesional trebatuak behar ditu, hain zuzen ere ezagutzak, balioak, trebetasunak eta gaitasunak dituzten gazteak eta profesionalak. Horretarako, ikaskuntza maximizatu egin behar dugu hezkuntza-maila guztietan, eta, nola ez, Unibertsitatean. Horixe da gure erronka nagusia, horrexetan ari gara indarra egiten eta indar handiagoa egingo dugu epealdi estrategiko berrian”.
Ildo horretan, “Mondragon Unibertsitatean uste dugu unibertsitateak askoz eginkizun garrantzitsuagoa bete behar lukeela herrialdearen lehiakortasunerako”, azpimarratu du.
Haren iritzian, euskal unibertsitatea ezinbesteko zutabea izan behar da balio erantsi handiko lanpostuetan oinarritutako euskal ekonomia sendotzeko eta ekonomia hori mundu zabalean lehiatzeko. Eta ekonomia horren baliabide nagusia giza kapitala izango dela nabarmendu du errektoreak.
Bigarren erronkak, nazioartera zabaltzeak, unibertsitatearen inplikazioa eskatzen du hasiera-hasieratik, enpresak mundu zabalean lehiatu daitezen. Izan ere, “Mundu osoan lehiatuz, hemen enplegua sortzen duen enpresa-sarea eduki nahi du Euskadik. Horretarako, nazioarteko esperientzia duen tokiko talentua behar dugu, baita Euskadik erakartzen duen nazioarteko talentua ere. Bi aukerak aldi berean eskaintzea da gure erronka”.
Zentzu horretan, Atxak azaldu duenez, nazioarteko ikasleak erakarriko dituzten graduak, masterrak eta doktoregoak garatu behar ditu Mondragon Unibertsitateak haien espezializazioa, bereizkuntza eta erreferentzialtasunari esker, ikasleek nazioarteko esperientzia bat baino zerbait gehiago ikus dezaten gure unibertsitatean, “aukera gaitzatela ezberdinak garelako eta balioa eta esperientzia emango dizkien prestakuntza eskaintzen diegulako”.
Hirugarren erronka garrantzitsuak zerikusia du ikerkuntzaren hobekuntzarekin eta horrek Euskadiko enpresa eta erakundeetan duen eraginarekin. “Garai honetan, inor ez da ausartzen krisialditik irten garen ala ez esatera; guztiok esaten dugu hobeto goazela, baina zuhurtasun handiz. Baina agerian dago etorkizunari begira enpresa-sare lehiakorragoa eduki behar dugula, Euskadi lehiakorragoa eraiki behar dugula”, ohartarazi du errektoreak.
Bikaintasuna eta eraginkortasuna
Mondragon Unibertsitateak elkarlaneko ikerkuntza-eredua du oinarri. Halere, hezkuntza-erakunde hori ez da lortutako helburuekin konformatzen; aitzitik, ezagutza eta prestakuntza hobetzen jarraitu nahi du, haien aplikazioa zein den argi izanda.
Bi ezaugarri bete behar omen ditu zientzia-unibertsitatea binomioak. Alde batetik, bikaintasuna, hau da, munduko aurreratuenen parean egotea. Unibertsitateak bere zientzia jarri behar du Euskadik behar duen horretan, hori baita euskal enpresak eta gizartea munduko onenen artean egoteko modu bakarra. Eta, beste aldetik, eraginkortasuna. Hau da, zientzia transferitu egin behar da, gure gizartean eragina izan dezan.
Zentzu horretan, honako hau esan du Atxak: “Ez da erraza arlo guztietan bikaina izatea, baina, gure kasuan, argi dugu ikerkuntzan eta transferentzian bikainak eta erreferentziak izan nahi dugula, horiek gure indarrak baitira eta, gainera, bat etortzen baitira herrialdearen apustu eta beharrekin. Hori dela eta, gure plan estrategikoaren helburua estatuko eta nazioarteko erreferentziazko unibertsitatea izatea da, gutxienez fabrikazio aurreratuko ingeniaritzan, energia eta osasunean, hezkuntza-berrikuntzan, ekintzailetzan, gestio-eredu aurreratuetan, gastronomian eta, nola ez, kooperatibismoan”.
Beraz, errektorearen hitzalditik ondorioztatu daitekeenez, berrikuntzari egiten dizkion ekarpen nagusiak honako hauek izan behar dira: ikerkuntza enpresen beharrekin eta herrialdearen apustuekin lerrokatzea; langileen prestakuntza bultzatzea; ezagutza sortu eta mundu osoan zabaltzea, enpresek beren negozioetan txertatzeko; eta gure enpresa eta erakundeak eraldatzeko gai diren gazteak prestatzea.
Laster izango diren hauteskundeak direla eta, prestakuntza eta ikerkuntza bultzatzeko hitzarmen bat sinatu beharra dagoela iritzi dio Atxak, hau da, unibertsitateen aldekoa, ezagutzan oinarritutako ekonomia eraikitzeko funtsezko zutabeak baitira: “Nire ustez, inbertsiorik onena da Euskadi industriala eraikitzeko, pertsona trebatuak eta balio erantsi handiko enplegua dituena, hau da, etorkizuneko Euskadi eraikitzeko”.
Iaz 9.700 ikasle eta aurten zertxobait gehiago
2015/2016 ikasturtearen balantzea
Ekitaldi ofizialean, errektoreaz gain, Idoia Peñacoba Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusiak hartu du parte. Horrek 2015-2016 ikasturteko Memoria Akademikoa aurkeztu du. Gainera, Elena Urdaneta Basque Culinary Center – MUren Gastronomia Zientzien Fakultateko I+G zuzendariak inaugurazio-ikasgaia eskaini du, honako izenburu honekin:“Sukaldaritza, bizitza osorako osasuna lortzeko tresna eta bidea”.
Ikasturte honetan, Mondragon Unibertsitateak graduko 15 titulu eskaini ditu guztira: bederatzi ingeniaritzan, bi enpresa-zientzietan, bi hezkuntzan, bat ikus-entzunezko komunikazioan eta bat gastronomia-zientzietan. Horretaz gain, informatikako eta telekomunikazioko gradu bikoitza eta 13 unibertsitate-master ere eman ditu, horietako bi berriak.
2015-2016 ikasturteko matrikulazioen azterketaren arabera, guztira 4.226 ikaslek eman dute izena. Horietatik, 3.598 graduko titulazioetan eta 628 unibertsitate-graduondokoetan matrikulatu dira.
Gero eta gehiago dira, gainera, prestakuntza atzerrian burutzen duten ikasleak. Iazko ikasturtean 688 ikasle izan ziren, aurreko urtean baino % 13 gehiago. Horietatik % 22k praktikak eta karrera-amaierako proiektuak burutu ditu atzerriko unibertsitateetan eta enpresetan. Bestalde, atzerriko 236 ikasle izan ditugu gure artean.
MUk I+G alorrean izan duen jarduerari dagokionez, Unibertsitatearen ustez bere hiru jarduerak (irakaskuntza, ikerketa eta transferentzia) biltzea da irakaskuntzaren kalitatea areagotzeko eta gizarte-konpromisoa betetzeko modurik eraginkorrena.
Guztira 427 ikerketa-proiektu eta transferentzia-jarduera burutu ditu Unibertsitateak 2015-2016 ikasturtean.
Hala, Mondragon Unibertsitatearen elkarlaneko ikerketa-ereduaren printzipioa ikerketa lerrokatzean oinarritzen da, oinarrizko ikerketa bideratutik berrikuntzaraino hain zuzen, hiru eragile garrantzitsuren parte-hartzearekin: unibertsitatea, teknologia-zentroak eta enpresak.
Donostiako Easo Abesbatzak eman dio amaiera ekitaldiari.
Azpimarratzekoa da 2015-2016 ikasturtean sendotuz joan dela ikerketa-jarduera, enpresekin egindako proiektuen ondorioz etorritako diru-sarrerei esker. Ikerketa-jarduera horrek guztiak bultzada handia eman dio hirugarren zikloari. Zehazki, 2015/2016 ikasturtean 148 lagunek hartu dute parte doktorego-programetan.
Ekitaldiko argazki guztiak, argazki bilduman.