Loramendik ‘Made in Euskadi’ saria jaso du Euskal Enpresaren Gauean

Arabako kooperatibak nazioarteko erreferente gisa egindako ibilbidea aitortu dute, bost hamarkada baino gehiagoz galdaketa-industriarako soluzio teknologikoak garatzen eta mundu osoko merkatuetara esportatzen egindako lanagatik.
Card image cap
Joseba Goitia, Loramendiko zuzendari nagusia (ezkerraldean) eta Ibon Imaz, AMPOko zuzendari nagusia (eskumaldean)
2026/11/03

Loramendik ‘Made in Euskadi’ saria jaso du Euskal Enpresaren Gauaren XXXV. edizioan. Gasteizko kooperatibak euskal industriaren nazioartekotzean eta berrikuntzan egindako ekarpena aitortu nahi izan du sariak.

Euskal Enpresaren Gaua Gizarte eta Euskal Enpresa Fundazioak antolatu du, Kutxabanken babes nagusiaz eta Dinof eta Inbisa enpresen laguntzaz. Sari-banaketa Guggenheim Bilbao Museoan egin da, eta Loramendiren izenean Joseba Goitia zuzendari nagusiak jaso du aitortza, Ibon Imaz Ampoko zuzendari nagusiaren eskutik.

Bost hamarkadako ibilbidea eta nazioarteko erreferentzia

Loramendi euskal industriak nazioartean lehiatzeko duen gaitasunaren adibide da. Bost hamarkada baino gehiagoko ibilbidean, galdategietarako soluzio teknologikoen diseinuan eta hornikuntzan munduko erreferente bihurtu da, Euskadin garatutako ingeniaritza munduko fabrika nagusietara eramanez.

Bost hamarkada baino gehiagoko ibilbidean, galdategietarako soluzio teknologikoen diseinuan eta hornikuntzan munduko erreferente bihurtu da, Euskadin garatutako ingeniaritza munduko fabrika nagusietara eramanez.

Agustín Aranak sortu zuen enpresa Gasteizen, 1973an. Euskal industriaren nazioartekotzean aitzindaria izan zen, eta 1980ko hamarkadan ekin zion kanpo-merkatuetara zabaltzeari. Gaur egun, BMW, Mercedes-Benz, Volkswagen, General Motors eta Toyota bezalako automobilgintza-enpresa handientzako hornitzaile teknologikoa da.

Kooperatibak 200 profesional inguru ditu eta 50 milioi euro inguruko fakturazioa. Bere ekoizpenaren % 95 esportatzen du, Europako, Asiako, Amerikako eta Afrikako bezeroentzat proiektuak garatuz. Hala ere, erabakitzeko gunea, ingeniaritza, garapen teknologikoa eta ekipoen fabrikazioa Gasteizen mantentzen ditu.

Berrikuntza da Loramendiren lehiakortasunaren beste zutabeetako bat: fakturazioaren % 5 bideratzen du horretara. Horren adibide da BMWrentzat garatutako soluzio teknologikoa, prozesu inorganikoen bidez 3Dn inprimatutako hondar-arroen fabrikazioa seriean automatizatzea ahalbidetu duen lehen industria-soluzioa.

Aurrenak kooperatibarekin batera, gainera, nazioarteko merkataritza-sare bateratua du, Detroit, Saltillo, Reims, Düsseldorf, Pekin, Pune eta Lurmutur Hiriko bulegoekin, eta hainbat herrialdetan banatutako 87 merkataritza-agenteekin.

Gainerako sarituak

Euskal Enpresaren Gauaren edizio honetan beste hiru aitortza ere banatu dituzte. ‘Euskal Enpresaririk Onena 2025’ saria ex aequo jaso dute Lointek enpresaren sortzaile Serafín, Javier eta José Antonio Loroño anaiek, enpresa laguntzaile txiki batetik nazioarteko erreferentziazko talde industriala eraikitzeagatik. ‘Enpresa Berrikuntza’ saria Added Value Solutions (AVS) enpresari eman diote, ezagutza zientifikoa eta ikerketa teknologikoa soluzio industrial aurreratu bihurtzeko egindako lanagatik. Azkenik, ‘Euskal Makila’ saria Pferd Rüggeberg-ek jaso du, sei hamarkada baino gehiagotan Arabako industria-sareari egindako ekarpena aitortzeko.

DSC_0925.JPG