Leire Mugerza Aspegi Sariarekin aitortua, bere lidergoagatik

Donostian ospatutako sarien 11. edizioan 'Zuzendari/Profesional' kategorian saritu dute MONDRAGON Kongresuko presidentea. Saria jasotzerakoan, Mugerzak benetako berdintasuna lortzeko "kultur aldaketa sakon baten" beharra aldarrikatu du.
Card image cap
Eider Sánchez eta Leire Mugerza, aitortza ekitaldia bukatu ostean.
2026/02/20

Leire Mugerza, MONDRAGON Kongresuko presidentea, aitortua izan da Aspegik (Gipuzkoako Emakume Profesional, Enpresaburu eta Zuzendarien Elkartea) ematen duen Zuzendari/Profesional Sariarekin. Aitortza hau Donostiako Gipuzkoako Parke Teknologikoan ospatutako 11. edizioan jaso zuen atzo, lurraldeko talentua eta emakumeen lidergoa ospatzeko 200 lagun baino gehiago bildu zituen ekitaldi batean.

Aquí, cuentas. Hemen, bazara lelopean, aurtengo edizioak bi emakume erreferente saritu ditu: alde batetik, Leire Mugerza; eta bestetik, Eider Sánchez, Naru-ko kofundatzaile eta CEOa (Enpresaburu Saria). Iratxe Pascual Aspegiko presidenteak azpimarratu zuenez, bi saridunak "ibilbide inspiratzaileak eta erreferente handiak dira, emakumeek gizartean duten lidergo-gaitasuna eta inpaktua ezin hobeto erakusten dutenak".

Kultur aldaketa, benetako berdintasunerako gakoa

Saria jasotzerakoan, Leire Mugerzak enpresa-sarea eta gizartea eraldatzen jarraitzeko ekintza-dei irmoa egin zuen. Legeetatik eta berdintasun-planetatik haratago, MONDRAGON Kongresuko presidenteak aldaketa kultural sakon baten beharra jarri zuen erdigunean:

"Asko egin dugu aurrera: legeak daude, berdintasun-planak eta gizarte-kontzientzia handiagoa. Baina erronka nagusia kulturala da. Emakumeek libreki erabaki ahal izatea lortu behar dugu, besteren aurreiritziekin kargatu gabe, eta gizarteak erabaki horiek errespeta ditzala. Aldaketa hori gabe, aurrerapen formalak ez dira nahikoak izango".

Bestalde, Eider Sánchezek ere bere esperientzia partekatu zuen, bereziki sektore teknologikoan ekiterakoan emakumeek apurtu behar dituzten estereotipoak eta gainditu beharreko oztopoak gogora ekarriz.

Erakundeen babes zabala

Gipuzkoan emakumeak zuzendaritza-postuen %27ra soilik iristen diren testuinguru honetan, ekitaldiak agerian utzi zuen Leire Mugerza bezalako profilak bistaratzearen garrantzia.

ASPEGI SARIAK 2026-1528.jpg

Aspegiren sari banaketak babes instituzional oso zabala izan zuen, berdintasunaren arloan erreferente gisa duen pisua sendotuz. Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Ibone Bengoetxea Otaolea (Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea), Bakartxo Tejeria Otermin (Eusko Legebiltzarreko presidentea), Eider Mendoza Larrañaga (Gipuzkoako Diputatu Nagusia) eta Jon Insausti Maisterrena (Donostiako alkatea), beste hainbat foru eta udal ordezkarirekin batera.