Laboral Kutxa eta CEBEK-ek konpromisoa berretsi dute enpresen lehiakortasuna hobetzeko

Finantzaketa-lerro berezia gaitu da lehentasunezko baldintzetan.
Card image cap
LABORAL Kutxako Enpresen Sareko zuzendaria, Iñaki Peña, eta CEBEKeko idazkari nagusia, Francisco J. Azpiazu.
2020/09/18

Krisialdi ekonomikoaren eragina oso sakona da, eta iraun egingo du. Diagnostikoa larria da, eta ezin dugu denborarik galdu. CEBEK eta LABORAL Kutxa ados jarri dira, Bizkaiko enpresen lehiakortasuna handitzeko eta haietako askori COVID-19aren aurretik zuten egoerara itzultzen laguntzeko. 

CEBEKeko idazkari nagusi Francisco J. Azpiazu eta LABORAL Kutxako Enpresen Sareko zuzendari Iñaki Peña Bizkaiko enpresa-erakundearen egoitzan elkartu dira, eta hitzarmena sinatu dute bi lankidetza-arloren inguruan: lehentasunezko finantza-lerro bat eta Finantza Gestioko 2020 Programa handinahi bat. 

Iñaki Peñak azpimarratu duenez, LABORAL Kutxak protagonismoa hartu behar du gaur egun enpresa-ehunak bizi duen krisiaren susperraldian, eta Bizkaiko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna sustatu behar du: «Gaur, inoiz baino gehiago, denok lagundu behar dugu gure ekonomia lehenbailehen lehengoratzen. Bizkaiko ETE-ek gure laguntza jasoko dute, zulotik elkarrekin irten ahal izateko». 

Bestalde, Francisco J. Azpiazuk kezkatuta esan duenez, «pandemia kontrolatzen ez bada, ez da ekonomia suspertuko» eta erakunde publikoen, enpresaburuen eta sindikatuen artean «herrialde-akordio handi bat» behar da, lehentasunak finkatu eta COVID-19ak ekarritako krisitik «indartsu ateratzeko». Izan ere, azken hiletan bizi dugun egoera «ikaragarriari» «etorkizuna izango duen irtenbide azkar eta ordenatua ematekotan, hitzarmenetan, akordioetan eta adostasunetan oinarritu beharko gara».

Alde batetik, lehentasunezko finantza-produktu eta -zerbitzuen katalogo handi bat gaitu da, beren beregi COVID-19aren ondorioz sortutako behar berriei erantzuteko. Euskal kreditu-kooperatibak CEBEKeko enpresa-antolakunde guztien eskura jarriko du. 

Beste alde batetik, bi erakundeak bat datoz diagnostikoan: Bizkaiko ETE-entzat lehentasunezkoa da beharrezko aholkularitza jasotzea, beraien merkataritzako ezagutzak etengabe eguneratzeko eta, horrela, beraien finantza-eragiketak optimizatzeko. Ildo horretatik, merkataritzaren alorreko zenbait prestakuntza- eta sentsibilizazio-jarduera diseinatu dira, urtea amaitu bitartean emateko. Finantza Gestioko 2020 Programaren baitan, jardunaldiak, lantegiak eta enpresa-topaketak aurreikusten dira. Horietan, LABORAL Kutxako profesional adituek protagonismoa hartuko dute, ETE-en kudeaketan duten esperientzia luzean oinarrituta. 

Bi entitateok urteak daramatzate lankide izaten, ETE-ei lagundu eta aholkularitza emateko programak garatzen.

Banketxea