Irakurriena
- 1. "Kooperatibismoari kontakizuna falta zaio. Ez istorio faltagatik, baizik eta kodeak ez direlako gaur egungoekin bat etortzen"
- 2. Batzek 69 milioi euroko finantzaketa sindikatua itxi du 2032ra arteko hazkundea sustatzeko
- 3. MONDRAGONek 11.322 milioiko salmentak lortu zituen 2025ean, eta 1.346 enplegu berri sortu
- 4. Fagor Taldeak 1.735 milioi euroko salmentekin itxi du 2025eko ekitaldia
- 5. Eroskik itzulkinak emango ditu 15 urte eta gero
- 6. Erreka Medicalek Microliquid integratu du osasun arloan aurrera egiteko
“Iragana ezagutu egin behar da, oraina ulertu eta etorkizuna eraiki”
Soraluceren historiaren topaketa anbiziotsu eta inspiratzaileena izan den SUMMIT 2026 ospatu eta gero, Rafa Idigorasek atzera begiratzen du erakutsitako teknologia baino sakonagoa den balioan: duela hamar urte definitutako estrategia bat, une konplexuenetan ere sinetsita mantentzen dena.
Topaketak, makina-erremintan, automatizazioan eta digitalizazioan aurrerapenak aurkezteko ez ezik, industria-ikuspegi iraunkor batek erakunde bat eraldatu eta nazioarteko posizionamendua indartu dezakeela agerian uzteko ere balio izan du.

SUMMIT 2026 itxi berri duzue eta “Soraluceren historiako SUMMIT onena” izan dela esan duzu. Zerk egin du hain berezi?
Lehenik eta behin, SUMMIT zer den ezagutzen ez dutenentzat, 2011tik Soraluceren egoitzan antolatzen dugun eta astebeteko iraupena duen izaera komertzial nabarmena duen ekitaldia da.
Gaur egungo formatua 2019an ekin genuen eta xede talde ezberdinentzat pentsatutako hainbat ekintzataz osatuta dago. Lehenengo bi egunak gure nazioarteko merkataritza-sarea prestatzera eta haiekin elkarreragitera bideratzen ditugu, eta hurrengo hiru egunetan mundu osoko bezeroak hartzen ditugu gure merkataritza-sareen laguntzarekin. Guzti honetaz gain, bilerak eta bisitak antolatzen ditugu hornitzaile, ikasle, erakunde, sektoreko beste enpresa, bazkide eta senideekin, eta baita gure bazkide erretiratuekin ere.
2026ko SUMMIT hau gure historiako onena dela esan dezakegu fabrikazioan aurkeztutako makinen maila teknologiko altuagatik (28), zuzeneko mekanizazio-erakustaldiengatik (6) ikusgai egon diren txoko teknologikoengatik (7) eta parte-hartze errekorragatik, 30 herrialde ezberdinetako 700 lagun baino gehiagorekin.
Aurreko guztiaz gain, eta bost urtetan muntaketarako bi pabiloi berri eta jantoki berri bat eraikitzeko zein lehendik zeuden azpiegitura batzuk berritzeko inbertsio handia egin ondoren, Soraluce Campus proiektua aurkeztu eta errealitate bihurtu dugu. Proiektu honek Soraluceren irudi abangoardista eta jasangarria transmititzen du, gure produktu eta zerbitzuei balioa gehituz eta, aldi berean, Bergarako Osintxu auzoa suspertzen dihardugu 1962an makina-tresnako industria-kooperatiba gisa gure ibilbidea hasi zen tokia.
Azaldu duzu SUMMITen erakutsitakoa 2016an zehaztutako estrategia baten emaitza dela. Zer ikuspegi definitu zenuten momentu horretan?
Dagoeneko 2010 urtean, 2008tik 2010era bitarteko krisi betean, gure produktu-gama zabaltzearen eta fresaketaren azpisektorean mundu mailako lidergo teknologikoa lortzearen aldeko apustu irmoa egin genuen; horixe baitzen 2005etik 2008ra bitartean erdietsitako hazkunde-bideari berriro ekiteko modu bakarra.
Geroago, 2016an, 2017-2020 Plan Estrategikoa lantzearekin batera, estrategia hura sendotzea erabaki zen. Horretarako, produktuaren garapenean eta bereizketa teknologikoan inbertitu genuen, eta gure lan-taldeen zein pertsonen kualifikazioa areagotu genuen.
Helburua balio handiagoko merkataritza-proposamen bat egituratzea zen, produktu eta zerbitzu kategoria berriekin, horrela hazkunde kuantitatibo zein kualitatibo, errentagarri eta enplegu kooperatiboaren sortzaile izango zen ziklo berri bati ateak irekitzeko.
Hain zuzen ere, 2016tik aurrera garatu beharreko hiru kategoria berriak funtzio aniztasuna (multifuntzioa), automatizazioa eta tamaina handiko makinak ziren.
Bada, 2026ko SUMMIT honetan beren sektoreetan munduko lider diren bezero eta enpresentzat aurkeztutako proiektuak dira. 2016ko ikuspegi hartan ezarritako helburuak bete ditugula egiaztatzen duen frogarik garbiena.
Hamar urtez sutsuki eutsi diozuela diozue estrategia horri. Zerk lagundu zizuen norabidea ez galtzen?
Zalantzarik gabe, bost gako nagusiren uztarketari esker lortu dugu; guztiak ere ezinbestekoak eta elkarren osagarri: estrategia zehaztu bat izatea, gure barne-kultura, kooperatibaren gobernantza, egindako apustuen koherentzia zein sendotasuna eta, azkenik, gure harreman eta aliantzak. Azken horien artean, nabarmentzekoa da Danobatgroup-eko kide aktibo izatea, taldeak dimentsioa, nazioarteko presentzia, negoziaziorako indarra eta ezagutza ematen baitizkigu.
“Bost gako nagusiren uztarketa; guztiak ere ezinbestekoak eta elkarren osagarri: estrategia zehaztu bat izatea, gure barne-kultura, kooperatibaren gobernantza, egindako apustuen koherentzia zein sendotasuna eta, azkenik, gure harreman eta aliantzak”

Zure ikuspuntutik, nola eboluzionatu du makina-erremintak azken hamarkada honetan?
Ikuspegi teknologikoari dagokionez, gure bezero aurreratuen eta exijenteenentzat automatizazio, multi-prozesu, robotika eta digitalizazio geruzak dituzten soluzioak eskaini ahal izateko, teknologia horiek guztiak gure makinetan garatu eta integratu behar izan ditugu.
Bilakaera teknologikoaz gain, makina-erremintaren sektoreak makina-erreminta birmoldatzen ari diren bi erronka handiri egin behar die aurre: batetik, sektorearen kontsolidazioari (gero eta fabrikatzaile gutxiago egon arren, handiagoak direnak); eta, bestetik, Txinako fabrikatzaileen aldetik datorren lehia gero eta gogorragoari.
“Sektoreak makina-erreminta birmoldatzen ari diren bi erronka handiri egin behar die aurre: batetik, sektorearen kontsolidazioari (gero eta fabrikatzaile gutxiago egon arren, handiagoak direnak); eta, bestetik, Txinako fabrikatzaileen aldetik datorren lehia gero eta gogorragoari”
Zer aldaketa ekarri ditu bilakaera horrek Soraluce bezalako enpresa industrial bat kudeatzeko eta gobernatzeko moduan?
Sektorearen aldaketa hauek, alde batetik, gure inbertsio-ahalegina nabarmen handitzea eskatu digutela esango nuke.
Batez ere, honako arlo hauetan zentratu dugu indarra: produktuaren garapenean, bereizketa teknologikoan, gure muntaketa-instalazioen zein fabrikazio-bideen etengabeko handitze eta modernizazioan, eta Soraluce markaren merkataritza-sustapenean eta nazioarteko posizionamenduan.
Bestalde, fakturazioaren, lantaldearen eta konplexutasunaren hazkundeak gure Antolaketa Arkitektura egokitzera behartu gaitu. Ondorioz, egitura berriak sortu ditugu; hala nola, Zerbitzuak&Soluzioak saila, Soraluce Software Factory, Proiektuen Bulegoa edota Key Account Aero figura, besteak beste.
Azken bi alderdi horiek bezain garrantzitsua da, nire ustez, gure kooperatibaren gobernantza eta barne-komunikazioa hobetzeko egin dugun ahalegin handia. Eredu izatea, zintzotasuna eta lana izan dira gure lidergo-estiloaren ikur nagusiak. Uneoro saiatu gara gure bazkideen gaikuntza eta konpromisoa sustatzen, eta, era berean, egiten ari ginen hori guztia gurekin batera ulertu, partekatu eta bere egin dezaten: zer egiten ari ginen, zergatik, zertarako eta nola.
“Eredu izatea, zintzotasuna eta lana izan dira gure lidergo-estiloaren ikur nagusiak. Uneoro saiatu gara gure bazkideen gaikuntza eta konpromisoa sustatzen, eta, era berean, egiten ari ginen hori guztia gurekin batera ulertu, partekatu eta bere egin dezaten”
Zer rol izan dute pertsonek eta eredu kooperatiboak bilakaera horretan?
Nire ikuspuntutik, gako horiek guztiak ezinbestekoak izan dira. Soraluceren egungo irudia teknologikoki puntakoa, nazioartekotua, oso dinamikoa eta fresaketaren azpisektorean mundu mailako liderra den enpresa batena da; baina, garrantzitsuena da irudi hori bat datorrela gure nortasunarekin eta ospearekin.
Gure xedeaz eta nortasunaz hitz egiten dugunean, Soraluce gizarte-ekintzailetzat hartzea gustatzen zaigu.
Gizarte-ekintzailea arazo bat identifikatu eta, aldaketa eragiteko, enpresa-proiektu bat sortu, kudeatu eta garatzeko gai dena da, betiere aurrerapen kolektiboa negozio-aukera batekin uztartuz.
Dagoeneko 2012an zehaztu genituen gure lehen Oinarrizko Asmoetan argi utzi genuen hurbileneko ingurunearekin genuen konpromisorik handiena enplegu kooperatiboa sortzea zela. Ordutik, enpleguaren hazkundea %45ekoa izan da gurean —sektorea %5 soilik hazi den bitartean—. Hori guztia Soraluceko bazkideen erantzukizunari, eskuzabaltasunari eta konpromisoari esker lortu dugu; baita gure eredu kooperatiboak jarduera txikiko garaietan abian jartzeko aukera ematen digun doikuntza mekanismoei esker ere (aurrerakin-mailak, birkokapenak eta egutegi mugikorra). Hain zuzen ere, baliabide horietara jo behar izan genuen 2013-2017 eta 2020-2021 aldietan. Eskerrik asko hemendik ere MONDRAGONeko bazkide eta kooperatiba guztiei, baita Lagun Arori ere, behar izan dugunean emandako laguntzagatik eta erakutsitako eskuzabaltasunagatik.
Soraluce aro berri batean sartzen ari dela uste duzu?
Zalantzarik gabe. Gure terminologia eta kronologiari jarraituz, Soraluceren 64 urteko ibilbidea historiako hamarkaden eta eraldaketa-zikloen arabera egituratzen dugu. Une honetan, gure historiako zazpigarren hamarkadan eta laugarren eraldaketa-zikloan murgilduta gaude. Gure erronka nagusiak honako hauek dira: hazten jarraitzea (baina ikuspegi kualitatibo bati helduz, kuantitatiboari baino gehiago), gure burua eraldatzea (merkatu geografiko eta bezero-sektore berrietara egokituz, eta proiektu bereziei makina estandarren aldean pisu handiagoa emanez) eta Soraluce handiago, konplexuago eta belaunaldiz berrituago baterako trantsizioa kudeatzea (gogoratu behar da gure lantaldearen %35ek lau urte baino gutxiago daramatzala kooperatiban). Aro berri honetan, inbertsioa, ezagutza, zerbitzua eta merkataritza-ereduaren egokitzapena inoiz baino garrantzitsuagoak izango dira.

Nola irudikatzen duzu Soraluceren eta makina-erremintaren etorkizuna datozen urteetan?
Beti esaten dugu iragana ezagutu egin behar dela, oraina ulertu egin behar dela eta etorkizuna eraiki egin behar dela. Iraganak eta orainak erakusten digutena da erronkak gaindi daitezkeela, baina jarduna beti kolektiboa dela.
Xede ditugun bezero merkatuetan eta sektoreetan liderrak izaten jarraitzen duten Soraluce eta Danobatgroup irudikatu nahi ditut.
Xede ditugun bezero merkatuetan eta sektoreetan liderrak izaten jarraitzen duten Soraluce eta Danobatgroup irudikatu nahi ditut.
Aldi berean, gure ingurune hurbilarekin arduratsuak eta eredugarriak diren kooperatibak imajinatzen ditut, pertsonek eta enpresek elkarri laguntzeko interesa sustatzen dutenak, bidea ez baita indibiduala, sektoriala baizik.
Datu gisa, Asiari dagokio makina-erremintaren produkzioaren %60 eta munduko kontsumoaren %55. Europako makina-erremintako enpresa guztiak ezin izango dute egoera berri honen aurreran biziraun.