Iñigo Ucin: "Gobernuek produktu estrategikoak bermatu beharko dituzte"

Euskadi Irratian eskaini du elkarrizketa MONDRAGON Taldeko presidenteak, eta egungo egoerari buruzko hausnarketa egiteaz gain, etorkizunean estrategikoak izango diren ildo nagusiak aztertu ditu.
Card image cap
2021/01/25

Euskadi Irratian eginiko adierazpenetan, osasun krisialdi honetatik atera behar den ikasbide nagusietako bat da hauxe dela aipatu du Iñigo Ucin MONDRAGON Korporazioko presidenteak: Produktu hainbaten ekoizpena bertan egin behar da, "dudarik gabe". Zentzu berean aipatu du, besteak beste, "gobernuek, hemendik aurrera, produktu estrategikoak ere bermatu beharko dituzte".

Horrez gain, "Faktoria"n  egindako elkarrizketan,"erreserba estrategiko bat eduki behar da", gaineratu du, "eskaintza eta eskariaren arteko desajustea dagoenea ikusten baita zer gertatzen den". Krisialdiaren okerrenean osasun produktuekin bezala, orain txertoarekin gertatzen ari dena jarri du adibide gisa, baina baita beste hainbat industri hornigaietan gertatzen ari dena. Ildo horretan, adierazi du Asiaren eskari handiagatik, oraintxe, arazo handiak daudela automoziorako semi-eroaleekin edota, altzairuarekin.

"Just in time egiteko era kontrolatu egin behar da eta dibertsifikatu egin behar da hornidura, hemengo industrian etenak gertatuko direlako bestela", esan du.

"Mondragon nahiko ondo defendatu da 2020an"

Ikuspegi baikorraz aritu da Ucin elkarrizketan eta jakinarazi du aurreko urtean "nahiko ondo defendatu dela" kooperatiba taldea eta, ekonomiaren aldetik, okerrena pasa dela.  "Konfinamendu gogorra hasi zenean aktibitatea % 25era jaitsi zen. Baina gero, pixkanaka gauzak hobetzen joan dira eta eskaera zorroa nahiko txukuna daukagu orain", esan du.  Zehaztu duenez, talde osoan salmentak % 6 jaitsi dira eta industrian, berriz, % 12. Automozio eta osagaiekin lotutako enpresek, bigarren sei hilabetekoan, "bilakaera ona" izan dutela jakinarazi du Ucinek. Bizikleten arloak, packagingarenak eta, jakina, osasunarenak, berriz, gora egin dute. Lanpostuei dagokionez,  % 1,6ko beherakada izan du Mondragonek, aurreko urtearekin alderatuta.

Brexitak euren jardunari apenas eragin diola adirazi du kooperatiba taldeko buruak. Aldiz, Estatu Batuetako gobernu aldaketak eragin zuzena izango duela hemendik aurrera: "Ekonomian bezala, segurtasunean ere, azken lau urteak oso txarrak eta gogorrak izan dira mundu mailan. Orain, beste egoera bat zabaltzen da. Estatu batuek beti euren merkatua asko gorde dute baina hemendik aurrera izango da seguritate bat eta jakingo dugu gauzak ez direla egun batetik bestera aldatuko".

Oharra: Albistea Euskadi Irratian argitaratu da.