Irakurriena
- 1. Berdintasuna, MONDRAGONeko kooperatiben izatean
- 2. C'Mon Guys, BKI BOX eta NCLIC Shakespeare txapeldun FLL Euskadi-MONDRAGONen
- 3. Laboral Kutxak 305 milioi euroko irabazi garbia lortu du 2025ean
- 4. Mondragon Assemblyk ATP erosi du, packaging sektorean hazteko
- 5. Orbik Cybersecurity, Pedro Sanchezekin batera joan da Indiara, AI Impact Summit 2026era
- 6. MONDRAGONen Berdintasun Jardunaldiak aldaketa kulturala sustatuko duten lidergoak lantzeko deia egin du
IK4-IKERLAN eta ETH-ZURICH elkarlanean dihardute energiaren hari gabeko transmisioari buruzko ikerketan
IK4-IKERLANek lankidetza hitzarmen bat izenpetu du Zuricheko ETH Unibertsitate ospetsuarekin (Suitza), zentroaren jarduera eremu garrantzitsuenetakoa den potentziako elektronikari lotutako I+G alorrean laguntzeko. Zehazki, erakunde biek energiaren hari gabeko transmisioa landuko dute elkarrekin. Hitzarmenaren bitartez, IK4-IKERLANen asmoa da Zentroa osatzen duten pertsonen prestakuntza eta talentua bultzatzen duen lana sendotzea eta, aldi berean, berrikuntza irekiaren alde, hau da, beste erakunde batzuekin elkarlanean arituta berritzearen alde apustu sendoago egitea.
Suitzako zentroaren aldetik, Potentziako Sistema Elektronikoen departamentuko zuzendari Johann Walter Kolar doktore irakasleak izenpetuko du hitzarmena. Munduko erreferentea da alor honetan, eta sari ugari ditu: sariak eskuratu ditu Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Institutuaren (IEEE) eta Power Conversion Intelligent Motion erakundearen (PCIM) eskutik egin dituen ikerketa lanengatik, bai eta Zuricheko ETH Unibertsitatearen eta Canterburyko Unibertsitatearen eskutik ere, irakaskuntzaren alorrean egindako ekarpenengatik eta spin off-ak sustatzeko jarduerengatik.
Ikastetxe ospetsu honekin batera egindako lanari esker, IK4-IKERLANek sendotu egingo du potentziako elektronikaren alorrean egiten ari den apustua, euskal ekonomiak posizio nabarmena dueneko sektoreetan punta-puntako teknologia eta aplikazioak garatzeko.
Erakunde biek adostu duten lehen jarduera da IK4-IKERLANeko ikertzaile Ugaitz Iruretagoyenak Suitzako unibertsitatean egonaldi bat egitea, energiaren hari gabeko transmisiorako aukerak aztertu ditzan.
Ikastetxean emango duen denboran, Iruretagoyenak energia kontakturik gabe, hau da, kablerik gabe transmititzeko metodoak ikertuko ditu. Teknologia hori eremu ugaritan aplikatzeko modukoa izan liteke, bereziki garraioari lotutako eremuetan. Zehazki, IK4-IKERLANeko ikertzaileak potentziako elektronikako sistemen laborategian jardungo du bere egonaldian, doktoretzako ikasle gisa, eta potentzia transmisiorako sistemen gainean ikertuko du goi potentziako indukzio bidezko ibilgailu elektrikoetarako.