Goimekek 11,6 milioi euro inbertitu ditu mekanizazioetan eskaintza indartu eta zabaltzeko

MONDRAGONeko kooperatibak instalazio berrituak ditu, azken belaunaldiko makinekin, ekoizpen gaitasunak handitzeko eta eskaintza dibertsifikatzeko. Danobatgroupen barruan, inbertsio horiek 2021-2024 aldiko industria taldearen plan estrategikoaren baitan kokatzen dira.
2025/06/27

Doitasunezko mekanizazioetan eta mekanizazio handietan espezializatutako Goimek enpresak 11,6 milioi euro inbertitu ditu azken lau urteetan bere ekoizpena dimentsio berri batera igotzeko. Egindako lanei esker, euskal kooperatibak azken belaunaldiko instalazio eta makineria berrituak ditu, sektore aeroespazialen, ekipo ondasunen, energia eolikoaren eta itsas energiaren erronka zorrotzenei aurre egiteko.

Inbertsioak gaur aurkeztu dira Itziarren (Gipuzkoa) duen egoitzan. Bertan izan dira Andoitz Korta, Eusko Jaurlaritzaren Industria Sustatzeko sailburuordea; Jaione Ganzarain, Eusko Jaurlaritzaren Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea; Amaia Arregi, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko zuzendaria; Alazne Txurruka, Debako alkatea; Arantza Egaña, Itziarko toki erakunde txikiko alkatea; Jon Ansoleaga, SPRIren zuzendari nagusia; Xabier Ortueta, AFM Clusterraren zuzendari nagusia; Nerea Aranguren, Danobatgroupen zuzendari nagusia; Francisco Javier Fernandez, Goimeken presidentea eta Aitor Txurruka, Goimek kooperatibaren zuzendaria.

Aitor Txurruka: "Gaitasun berri horiei esker, balio erantsi handiko sektoreetako pieza handien esparruan erreferente izaten jarraituko dugu"

Alde batetik, nabarmentzekoa da sektore aeroespazialak eskatzen dituen mekanizazio eskakizun handietarako egokitutako eremu espezifiko bat sortu izana. Espazio berriak tenperatura kontrolatuko baldintzak ditu doitasun handiko piezen eta material zorrotzen mekanizazioa bermatzeko, hala nola titanioa, inconela, invarra, brontzea, kobrea, herdoilgaitzezko eta aluminiozko aleazioak, besteak beste.

evento goimek_junio 2025_portada-0ad7749e.jpeg

Era berean, ziklo honetan, enpresak bere makineria berritu du mekanizazio handien gaitasuna handitzeko, Soraluce fabrikatzailearen PR-W 17000 fresatzeko makina berritzaileenak erakusten duen bezala. Instalazio horrek 17 metroko luzera, 6 metroko zabalera eta 3,5 metroko altuera duten piezak mekanizatzeko ahalmena du, eta horrek Goimeki urrats bat harago joan eta makina berean 100 tonara arteko piezak mekanizatzeko aukera ematen dio. 

“Gaitasun berri horiei esker, balio erantsi handiko sektoreetako pieza handien esparruan erreferente izaten jarraituko dugu, egungo bezeroei beren piezetarako gaitasun eta dimentsio handiagoa eskainiz, eta, gainera, bezero berrietara sartzeko aukera emango digu”, nabarmendu du Aitor Txurrukak, Goimekeko zuzendariak.

Hori guztia, honekin guztiarekin osatu du Goimekek: Danobat SGD artezteko makina tangentzial bat eta Soraluce FP-8000 zutabe mugikorreko fresatzeko/mandrinatzeko makina bat, bost ardatzeko mekanizazio zentro bat (Hermle C42), hiru dimentsioko neurketa sistemen modernizazioa, neurri handiko pieza berrien kalitatea neurtzeko eta egiaztatzeko prestatutako ekipo berri batekin, etorkizuneko hazkunde beharretarako lurra erostea, bezeroei zerbitzu gehigarria emateko espazio berrien egokitzea eta bulego espazio berriak.

Aitor Txurruka: "Instalazio berri horiekin, gure bezeroekiko hurbiltasuna ere irabazi nahi dugu, haiek eta beren bezeroek benetako balioa ematen dien eta hazkundea bultzatzen duen partner estrategiko gisa ikus gaitzaten"

2024aren itxieran 12 milioi euroko diru sarrerekin, 90 pertsona baino gehiagoko plantillarekin eta Itziarko azalera eraikigarriko 15.000 metro koadrorekin (gaur egun eraikitakoa barne), inbertsio berri horiekin Goimeken erronka da hurrengo ziklo estrategikoan fakturazioa % 25 handitzea.

Inbertsio horiek aurkezteak esan nahi du Danobatgroupek bere azken 2021-2024 plan estrategikoan egindako inbertsio zikloa itxiko dela, 80 milioi euro inbertituta Danobat, Goimek eta Soraluce taldeko kooperatibetan. Plan honek Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Bilakatu programaren laguntza izan du.

“Goimeken eta Danobatgroupen apustua adibide argia da ikusteko euskal industria, erakundeen laguntzarekin, gai dela nazioartean erreferente eta lehiakor izateko Euskaditik, eta gainera, tokiko eta kalitateko enpleguaren jasangarritasunak markatutako balioekin”, nabarmendu du Andoitz Kortak, Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko sailburuordeak.

Goimeki buruz
Goimek doitasun handiko mekanizazioan eta mekanizazio handietan espezializatutako enpresak esperientzia handia du, eta soluzio integralak eta espezializatuak eskaintzen dizkie sektore aeroespazialeko, energia eolikoko, ekipo ondasunetako edo ontzigintzako bezeroei, besteak beste.
Goimek Danobatgroup enpresa taldeko kide da, eta pieza mekanizatuen hornidura katearen behar guztiak integratzen ditu: lehengaia erostetik pieza mekanizatuak egiaztatu eta ziurtatzeraino.

Doitasun handiko mekanizatua

MONDRAGON taldeko makina-erreminta dibisioa