Eroskik eta Lanerakok supermerkatua ireki dute, gizarte bazterketa jasateko arriskuan direnek kudeatua

Enplegu soziala sortzeko proiektu bateratua da, lan merkatura sartzeko zailtasunak bereziak dituztenentzat.
Card image cap
2025/06/12

Eroski eta Lanerako elkarrekin ari dira ekonomia sozialaren arloko proiektu batean, eta supermerkatu bat zabaldu dute gizarte bazterketa jasateko arriskuan direnek kudeatua. Berrikuntza sozialaren arloko proiektua izanik, ekimenaren asmoa da enplegua sorrarazteko aukera berriak bilatzea lan merkatura sartzeko zailtasunak dituztenentzat, bai eta beste jarduera sektore batzuetako beharrak detektatzea ere, enplegu aukera bihur daitezen.

"Gizarte bazterketa jasateko arriskuan direnek kudeatuko dute osorik supermerkatu hau, eta hori egiazko pauso bat da pertsonak erdigunean jartzen dituen ekonomia baterantz egiteko"

Alberto Madariaga Eroskiko Supermerkatuen eta Prozesuen arloko zuzendariaren arabera, proiektu honekin "aurrerapausoak" eman ditu Eroskik enplegu sozialaren arloan dituen konpromisoetan: "Frankizia erako gure denda ereduaren lehiakortasuna irekita dago ekintzaileentzat, kooperatibentzat eta ekonomia sozialeko enpresentzat, eta helburu du gure inguruko enplegu sozialaren dibertsifikazioan aurrerapausoak ematea”.

Lanerakok, laneratzen laguntzeko enpresak, lan munduan sartzeko ibilbide pertsonalizatuak lantzen ditu, lan merkatura sartzeko zailtasun handiagoak dituztenentzat, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin. Ernesto Callejo Proiektuen arloko zuzendariaren hitzetan, helburua da kualifikazio profesionaleko aukerak sorraraztea supermerkatuen sektorean, eta, behin kualifikazio profesionala eta esperientzia lortzean, sektorean modu egonkorrean sartzea: "Enplegua sortzeko aukera zabalak ematen dituen sektorea da; horregatik, baloratu dugu Eroskirekin indartzea laneratzeko proiektu hau“.

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak, berriz, esan du: “Aurrerapausoa eman dugu gizarte bidezkoago, inklusiboago eta solidarioago bat sortzeko konpromiso kolektiboan. Eroskiren supermerkatu berri hau zabalduta, proiektu aitzindaria aktibatu dugu. Izan ere, gizarte bazterketa jasateko arriskuan direnek kudeatuko dute osorik supermerkatu hau, eta hori egiazko pauso bat da pertsonak erdigunean jartzen dituen ekonomia baterantz egiteko".

Sei lagun enplegatuko ditu
Bizkaian dago Frankizia erako supermerkatu berria, Basauriko Ramon y Kareaga kaleko 1. eta 2. zenbakien artean. Eroski City izenekoa da, eta, bezeroarenganako arreta pertsonalagoa eman ez ezik, apustu indartsua egingo du tokian tokiko produktuen eta sasoiko elikagai freskoen alde; horretaz gainera, elikagai osasungarriak sustatuko ditu, eta dirua aurrezteko modu berriak eskainiko ditu eguneroko erosketetan. Sei langile ditu saltokiak.

Banaketa komertziala