Makina erreminta eta fabrikazio teknologien zentro teknologikoa
MONDRAGON taldeko makina-erreminta dibisioa
Irakurriena
- 1. Cikautxo eta Fagor Ederlan, klima-kudeaketan munduko enpresa liderren artean
- 2. Kooperatibetan berrikuntza indartuko du MONDRAGONek Zorrozaurreko proiektuarekin
- 3. "Euskaldunei buruzko topikoak ezagutzen nituen, baina niretzat oso gertuko jendea zarete"
- 4. Orbik Cybersecurity, kooperatiba mistoa bihurtu den lehen start-up teknologikoa
- 5. Euskararekin duen konpromisoa berretsi du Kidek plan estrategiko berriarekin
- 6. Ondoan eta LKS Next enpresek Legoan garatu dute, Adimen Artifizial Sortzailea arauen zaintzaren zerbitzura bideratuz
Ekoizpen Ingeniaritzako Nazioarteko Akademiaren Batzar Orokorrean parte hartu du Idekok

Ekipamendu eta prozesu produktiboen diagnostikoa optimizatzea eta hobetzea fabrikazio aurreratuaren erronka nagusietako bat da. Erronka horri erantzunez, Ideko zentro teknologikoak ikertzen eta berritzen jarraitzen du, eta horren adierazgarri izan da CIRP ekoizpen ingenieritzako nazioarteko akademiaren 74. Batzar Orokorrean aurkeztutako lana.
Idekok presentzia berezia izan du aurtengo CIRPn, bere ikertzaileek aurkeztutako lan garrantzitsuen bidez
Stockholm-en (Suedia) egin den foroan, 700 bat aditu elkartu dira mundu akademikotik eta industriatik, produkzioaren erronka zientifiko nagusiak jorratzeko.
Parte-hartze horrekin, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide den IDEKOk erreferente gisa duen posizionamendua sendotu du, prozesu eta ekipo produktiboetan aplikatutako I+Gn, eta berriro ere baieztatu du ikerketa bikaintasunarekin eta ezagutzaren transferentziarekin duen konpromisoa.
Eragin handiko lanak
Idekok presentzia berezia izan du aurtengo CIRPn, bere ikertzaileek aurkeztutako lan garrantzitsuen bidez. Alde batetik, Jokin Muñoa doktorea, Idekoko zuzendari zientifikoa eta CIRPren Fellow Memberra, "Directional factor as the key factor for chatter free robotic milling of light alloys" izeneko lanaren aurkezpena egin zuen.
Lan horrek fresaketa robotikoaren gaur egungo erronka nagusi bat aztertzen du: bibrazio baxuak agertzea, robotaren egiturazko malgutasunak eraginda abiadura handiko eragiketetan.
"Lan honetan frogatu dugu faktore direkzionala erabakigarria dela chatter fenomenoa saihesteko, eta mekanizazio-estrategia batzuk, hala nola slotting, prozesu egonkorrak eta bibraziorik gabeak bermatzeko gai direla. Emaitza teorikoak esperimentalki egiaztatu dira, eta horrek indartu egiten du haien aplikagarritasuna industria-inguruneetan", azpimarratu zuen Muñoak.
Bestetik, Xavier Beudaert doktoreak, Dinamika eta Kontrola taldeko arduraduna denak eta 2021eko Taylor dominaren irabazleak, "Aliased beating helix induced by dual-frequency vibrations in turning" izeneko lana aurkeztu zuen. Ikerketak bibrazio behartu bikoitzen eragina aztertzen du torneaketa prozesuan, zeinak nahi ez diren helize-patroiak sor baititzakete piezen gainazalean.
Idekok bere presentzia sendotzen jarraitzen du CIRPeko foroan. 2003an sartu zenetik, gaur egun ordezkaritza handiena duen Estatuko zentro teknologikoetako bat da
"Esperimentu bidez egiaztatutako eredu matematiko baten bidez, identifikatu ditugu gainazaleko patroiaren geometriaren eta erremintaren bibrazio-maiztasunen arteko harremanak, eta makina-erreminten diagnostiko dinamikorako irtenbide erabilgarria eskaini dugu”, azaldu zuen Beudaertek.
Horrela, Idekok bere presentzia sendotzen jarraitzen du CIRPeko foroan. 2003an sartu zenetik, gaur egun ordezkaritza handiena duen Estatuko zentro teknologikoetako bat da. Bi Fellow Member ditu, Jokin Muñoa eta David Barrenetxea; Emeritus Fellow bat, Mikel Zatarain; bi kide korporatibo, Gorka Agirre eta María García; eta Xavier Beudaert bera, 2019tik Associate Member.
CIRParen Batzar Orokorra funtsezko topaketa da fabrikazio aurreratuan ezagutza aurreratzeko, eta nazioarteko lankidetza sustatzeko espazio pribilegiatua. Aurten Estokolmon ospatu den edizioak indartu egiten du Idekok bikaintasun zientifikoarekin eta industriari benetako balioa ematen dioten irtenbide teknologikoen sorrerarekin duen konpromisoa.