Irakurriena
- 1. LagunAroren Batzar Nagusia: 2025 ekitaldi bikaina; 2026 zalantzati hasi da testuinguru ekonomikoan
- 2. 24. Korrika MONDRAGONen
- 3. Bost hamarkada hezkuntzaren abangoardian
- 4. Enpresen lehiakortasun globalean Txinak duen eragina, MONDRAGONen Pertsonen Kudeaketarako XVI. Foroaren ardatza
- 5. BATZek WEC enpresa aeroespazialaren %60a erostea onartu du Ezohiko Batzarrean
- 6. Ategi, 2026ko Gipuzkoako Zerbitzu Enpresa gisa aitortua
Eika, Euskararen Eguna 2024
Eikako langileen parte-hartze zabalarekin antolatutako egitarau betean, 50 bat langilek parte hartu zuten. Goizean goiz, Markinako Barroeta futbol zelaian elkartu ziren Akarregi mendira ibilaldia egiteko. Ondoren, Esperantza eraikineko areto nagusian elkartu ziren iaz Josu Martinez zuzendariak grabatutako Bizkarsoro filma ikusteko. 1914tik 1982ra bitartean euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan ziren bost istorioz osatutako filmarekin gozatu eta hunkitu ziren bertaratutakoak.
Orain dela ia 25 urte euskara plana martxan jarri zutenetik, asko dira Eikak laneko funtzionamenduan izan dituen lorpenak, euskararen erabilera ia erabateko izanik gaur

Eguerdi partean, trikitilarien kalejirarekin ibili ziren Markinako alde zaharrean, Uhagon kulturguneko zelaira iritsi zirenera arte mokadutxoa egitera. Mokaduan zehar, oraingo langileak eta erretiratutako langileak aukera aparta izan zuten giro atseginean elkarren berri izateko.

Egunarekin bukatzeko, lehiaketa umoretsuan aritu ziren partaideak jolasean Nerea Gartzia aurkezlearen gidaritzapean.
Euskaraz lan egiten duen kooperatiba
Hemeretzi urte igaro dira Eikak lantokiko ateak itxi eta euskararen eguna jai giroan ospatzeko eguna antolatzea erabaki zuenetik. Ekintza honekin, Eikak argi adierazi nahi du arlo sozio-ekonomikoa euskalduntzearekin duen konpromiso sendoa, baita Lea Artibai eskualdean euskaraz lan egiteko aukerak eskaintzearekin ere.
Orain dela ia 25 urte euskara plana martxan jarri zutenetik, asko dira Eikak laneko funtzionamenduan izan dituen lorpenak, euskararen erabilera ia erabateko izanik. Ezarrita duen hizkuntza politikak zehazten du euskara izango dela Eikako lan hizkuntza eta horren adierazle dira orain arte lortu izan dituen goi mailako hiru BIKAIN euskararen kalitate ziurtagiriak.
Horrez gain, inguruko beste enpresa eta erakundeek ere euskararen erabilera normalizatu dezaten, Eikak aktiboki eragin eta parte hartzen du Lea Artibai eskualdeko eta Mondragon korporazioko batzordeetan, baita arlo sozio-ekonomikoko Indeus zein Euskaragileak bezalako foroetan.
Eikak beharrezkoak diren baliabideak jartzen ditu urrats sendoak eman eta lortutakoak mantentzeko. Eikako langileek osatutako Euskara Batzordea da euskara planaren motorra, Eikako erabaki organoen eta kolektiboaren inplikazioarekin.