Irakurriena
- 1. Orbeak promozio berezia jarri du abian MONDRAGONentzat
- 2. MONDRAGONek interesa pizten jarraitzen du bisitari atzerritarren eta kooperatiben artean
- 3. Eskuratu TERNUA %15eko deskontuarekin
- 4. TFG-TFM MONDRAGON Sariek talentua saritu dute inoizko parte-hartzerik handienarekin
- 5. MONDRAGONek eta Fagor Electronicak Semi Zabalan inbertitu dute
- 6. Eroskik finantza egitura berrantolatu du, zorra merkeago birfinantzatuz
Berrikuntza kasu praktikoen bila ari da Innobasque
Euskadin garatutako berrikuntza kasu praktikoak aurkezteko deialdia egin du aurten ere Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Global Innovation Day ekitaldian parte hartu dezaten.
Euskal ekosistemako enpresa eta eragileak biltzen ditu urtero Global Innovation Dayk, eta hurrengo edizioa, hamalaugarrena, azaroaren 5ean izango da, Donostian. Aurten, "Zientziatik berrikuntzara" lelopean, ekitaldiaren ardatza zera izango da: zientziak, ezagutza berria sortzen duen aldetik, inpaktu nabarmena duten berrikuntzen eragile gisa duen balioa nabarmentzea.
Horretarako, modu argi eta egiaztagarrian ezagutza zientifiko-teknologikoaren eta aplikazio praktikoaren arteko lotura agerian uzten duten esperientzia errealak identifikatu nahi ditu Innobasquek; balioa sortu duten produktu, zerbitzu, prozesu edo antolamendu ereduak izan daitezke.
Hautatutako proposamenak 2025eko Global Innovation Day ekitaldiko protagonistak izango dira, eta jardunaldiko programa ofizialean txertatuko dira Euskadin zientziaren eta berrikuntzaren loturaren eredu diren kasu inspiratzaile gisa.
Proposamenek ingurune errealetan baliozkotuak izateko moduko heldutasun maila eduki behar dute
Sektore guztiei zuzendua
Deialdia zuzenduta dago zientzia eta berrikuntzaren arteko lotura argia eta egiaztagarria den ekimenetan parte hartu duten erakunde guztiei, publikoak zein pribatuak izan, tamaina edo sektorea edozein dela ere.
Helburua da aurkikuntza, ikerketa ildo, garapen esperimental edo inguruneko premia jakin batek balioa sortu duen eta egiazta daitekeen inpaktu sozial, ekonomikoa, ingurumenekoa edo instituzionala sortu duen produktu, prozesu edo antolamendu eredu bat ekarri duten esperientziak islatzea.
Deialdiak barne hartzen ditu aurretiazko ikerketa batetik abiatzen diren nahiz ingurunean detektatutako premia baten ondorioz ikerketa aplikatuko prozesuak edo ezagutzaren baterako sorkuntza eragin duten kasuak.
Proposamenek ingurune errealetan baliozkotuak izateko moduko heldutasun maila eduki behar dute. Gehiago baloratuko dira Euskadin garatu direnak edo, lurraldetik kanpo sustatu direnen kasuan, euskal ekosistemara transferitu eta bertan eredu gisa edo inspirazio gisa erabili ahal direnak.
Hautagaitzak aurkezteko epea irekita egongo da urriaren 3a arte. Proposamenen ebaluazioa urriaren 17an amaituko da, eta urriaren 20ra arte jakinarazpenak bidaliko zaizkie hautatutako kasuei.
Erakunde interesdunek hautagaitza bakarra edo gehiago aurkeztu ahalko dituzte. Horretarako, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren webgunean eskura dagoen inprimakia deskargatu eta behar bezala beteta bidali beharko dute kasupraktikoak@innobasque.eus helbide elektronikora.