Irakurriena
- 1. Fagor Arrasatek altzairua mozteko lineak hornitu dizkio Mexikoko Termium handiari
- 2. LagunAroren etorkizuneko erronkak aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken zenbakian
- 3. Danobatgroupek fakturazio marka hautsi du berriro 2024an, 344 M€ fakturatuta
- 4. Emakume kooperatibisten lidergoaren aitortza, M8an
- 5. MONDRAGON, konpromisoaren indar eraldatzailea
- 6. "MONDRAGON proiektu kooperatiboa, gertukoa, berrikuntzan oinarritua, eraldatzailea eta irekia da"
Ander Terradillos: "Fagorren ikuspegi eta misioarekin bat egiten du Basque Culinary Center proiektuak eta horrexegatik gaude hasieratik Patronatoan"

Basque Culinary Center egi bihurtu da eta Fagorrek hasieratik babestu du proiektua. Zergatik erabaki zenuten egitasmoan parte hartzea?
Mondragon Unibertsitatekoak proiektua azaltzera etorri zitzaizkigun orain dela lau urte, baina ordurako dagoeneko lanean genbiltzan berrikuntza eta gastronomia arloetan, batez ere Andoni Luis Adurizekin.
Oso interesgarria iruditu zitzaigun Iosu Zabalak eta Jose Mari Aizegak proposatutakoa eta hasieratik egin genuen bat, Patronatuko lehenengo enpresa bilakatuz. Urteekin lan handia egin dugu eta egiten dugu sukaldari ospetsuekin; Berasategirekin, Subijanarekin, Arzakekin… izan ere, gure sustraiak eta balioak hemen daude, herri honetan, eta gastronomia herri honetako balio handia da. Gainera, BCCk nazioarteko ikuspegia eta izaera du, eta guk ere bat egiten dugu izaera horrekin.
Zein da Fagor Group-en helburu nagusia proiektu honetan?
Goi mailako sukaldaritza demokratizatzea da gure helburu nagusia. Bizitza erosoagoa izaten lagundu nahi dugu eta eta gastronomiaren izar handiek egiten dituztenak herritarrengana bideratu. Basque Culinary Centerreko patronatuan dauden sukaldariak ameslariak dira, idealistak… eta beraien ametsak milioika etxebizitzetara helaraztea da gure egitekoa, bizitza erraztuz, gastronomia eta osasun arloetan soluzioak eskainiz. Alor honetan BCCren proiektuak eta gure proiektuak bat egiten dute. Gastronomiaren unibertsitateak bat egiten du gure erronkekin.
MONDRAGONek presentzia handia du Basque Culinary Centerren, erakusleiho bat da guztiontzat?
Ezbairik gabe, esango nuke garrantzitsua dela MONDRAGONentzat proiektu hau. Egon beharra geneukan eta bagaude.
Zeintzuk dira proiektu honek helarazten dituen baloreak?
Fagor orain dela 56 urte sortu zenean, balio argi batzuk zituen: konpromisoa, esfortzua, umiltasuna, gertutasuna, berrikuntza ulertzeko era… balio horietan errotu da Fagorren historia, eta proiektu honek ere balio parekoak ditu, horrexegatik elkartu gara proiektura. Gainera, ezberdinen arteko ulermenaren erakusle ere bada. Instituzio publikoek eta enpresa pribatuak bat egin dute, eta hori ere gure izaeraren ezaugarri bat da.