2024ko gaindiki garbi gehienak ondarea indartzera bideratzea erabaki du Eroskik bere Batzar Nagusian

Iazko ekitaldiko gaindikinen %10 berriro COFIP funtsari esleitzea onartu dute, eta langile guztiek Eroskiren eraldaketan egindako ahalegina azpimarratu, "Eskerrak eman eta aurrera egin” lelopean.
Card image cap
2025/06/03

Ohiko Batzar Nagusia egin du Eroskik, Barakaldon (Bizkaia). Bertara deituak ziren langile bazkideen eta kontsumitzaile bazkideen kolektiboetako 500 ordezkari, hau da, kooperatibaren erabaki organo gorena.

Kooperatibaren 2024ko banakako kontuak eta kontu kontsolidatuak onartu dituzte bertan, baita 2024ko ekitaldiaren kudeaketa txostena ere. Horretaz gain, kooperatibaren funts propioak indartzea erabaki dute 2024ko ekitaldian izan diren gaindikin garbi gehienekin (EMFEen interesak ordaindu eta gero). Hain zuzen ere, emaitza bikain horrek aukera ematen du bazkideen kapitalak indartzeko eta, zenbait urtez egin ezinik izan badira ere, gaindikin horren %10 hona bideratzeko: heziketa eta sustapen kooperatiborako eta interes publikoko beste helburu batzuen ekarpenerako (COFIP).

"Bidezkoa da urteotan egin den eginahal guztia aitortzea: egoera konplikatua kudeatu behar izan dugu, eta, bide horretan, bazkideak partaide izan dira, beren erabakiekin eta erakundearen eraldaketaren kudeaketarekin"

Batzarrean hitza hartu duenean, honela esan du Eroski Taldeko CEOak, Rosa Carabelek: "2024an errendimendu bikaina erakutsi dugu, eta aurrera egin dugu efizientzian, emaitzetan eta kontsumitzaileen konfiantzan, non eta testuinguru zail batean. Aurten, handitu egin ditugu salmentak, 2023ko kopuru apartak gainditzeraino".

Carabelek balioan jarri du ere Eroskiren finantza egoera kontsolidatu izana, "kudeaketa zorrotza eginez eta erabaki estrategikoak hartuz". Eta gaineratu du: "Bidezkoa da urteotan egin den eginahal guztia aitortzea: egoera konplikatua kudeatu behar izan dugu, eta, bide horretan, bazkideak partaide izan dira, beren erabakiekin eta erakundearen eraldaketaren kudeaketarekin. Bide horrek garai baikor honetara ekarri du kooperatiba eta Eroski Talde osoa. Izan ere, pauso irmoz egin dugu aurrera, eta etorkizuna, nahiz eta erronka ugari datozen, aukeraz betea dator".

Era berean, Batzar Nagusiak baimena eman dio Kontseilu Erretoreari etorkizuneko operazio batean zorra birfinantzatzeko, baldintza batekin: ez gainditzea egungo nominala gehi operazioari lotutako kostuak; helburu nagusia da finantza kostua murriztea eta zorraren egitura sinplifikatzea. Erabaki horrek Eroskiren finantzabidea malgutuko du, eta ahalmena emango dio zorraren egitura modu eraginkorrean optimizatzen jarraitzeko.

Alde aurreko parte hartze prozesu zabala
Batzarrerako bidean, parte hartze prozesu handi bat egin dute Eroskiko Langile Bazkideekin eta Kontsumitzaile Bazkideekin, non prestaketa batzarrak egin diren aurrez aurreko konexio digitalak erabilita, 42 guztira.

Kontseilu Erretoreko presidenteak, Leire Mugerzak, eredu kooperatiboaren balioa azpimarratu du, eta garrantzia eman dio lurraldean sustraituta egoteari eta lan kolektiboari: "Prozesu parte hartzaile eredugarri baten isla da Batzar Nagusi hau. Gaur, elkarrekin lortu dugun guztia aitortzen dugu, eta aurrera egiteko prestatuko gara, oinarri sendo batzuen gainean: negozio eredu indartsua, lurraldean sustraitua, kontsumitzaileen iritzi ona, gure emaitzen kaudimena eta gure taldeen profesionaltasuna. Azkarki goaz erronkaz beteriko etorkizunerantz, zimendu mardulekin eta asmo kooperatiboa inoiz baino biziago dagoela".

Gaur egun, Eroskik 27.600 langile baino gehiago ditu, eta horietatik 9.016 dira bazkide eta jabe. 1.502 saltokiko sare komertziala du, denda propioak zein frankizia erakoak. Horri esker, Espainia iparraldean elikagai banaketan dagoen talde liderretako bat da.

Banaketa komertziala