Irakurriena
- 1. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 2. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 3. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 4. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 5. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 6. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 7. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 8. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 9. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
- 10. Cocoon bioteknologikoak lantoki berria inauguratu du proteina birkonbinatuak ekoizteko
“Erreka ausarta izan da hazkundearen bidean, eta horrek bereizten gaitu”
Erreka kooperatibako presidente berriak bere lehen hilabeteak aztertu ditu, eta taldeko erronkak eta proiektuak partekatu dizkio TU Lankideri: merkatu eta gizarte aldaketei aurre egiteko prest daude.
Joana Ibarretxe, Zornotzan jaio eta bertan bizi den 44 urteko ingeniaria, Erreka kooperatibaren presidente berria da maiatzetik. Polimeroen ingeniaritza ikasketak eta berrerabilitako materialetan egindako ikerketak landu ondoren, 2018an sartu zen Errekan, hasieran behin-behineko postu batean. Berehala, produkzio arduradun izateko aukera eskaini zioten, eta 2019tik posizio horretan dihardu. Orain, presidente moduan, bere esperientzia eta ikuspegia partekatu ditu, etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest. Ibarretxek estrategia, kultura kooperatiboa eta pertsonen arloko proiektuen garrantzia azpimarratu ditu.
Errekaren presidente zara maiatzetik, hilabete gutxi daramatzazu karguan… Zer balantze egin dezakezu denbora honetan?
Denbora gutxi daramat, baina ez naizela aspertu esan dezaket. Hilabete biziak eta interesgarriak izan dira, eta horrela jarraituko dute izaten. Aurreko urteetan kontseilu errektorekide izan arren, aldaketa handia izan da. Gustura nago, baina lan handia dugu aurretik. Errekan aldaketa ugari izan ditugu azken hilabeteetan, zuzendaritza aldatu da eta organoetan ere berrikuntza handia egon da. Horrek dinamika berriak ekarri ditu eta lan erritmo bizia mantendu behar dugu.
Zein dira talde mailan aurre egin beharreko erronkak, bai negozio mailan zein arlo sozialean?
Momentu honetan gure erronka nagusiena plan estrategikoa da. Erreka hiru negozio-ildo desberdin dituen taldea da, eta bakoitzak bere ekosistema propioa du. Plan estrategikoak hori guztia jaso behar du eta, era berean, erronka berriei aurre egiteko prest egon behar dugu. Sozialki, dibertsitate plana eta berdintasun plana lantzen ari gara. Pertsona guztiei aukera berdinak eskaintzea da gure helburua, eta horretarako kontzientziazio kanpainak egiten ari gara. Kontziliazioa ere indartu nahi dugun beste proiektu garrantzitsu bat da.
“Kooperatibaren balioak eta printzipioak oinarri hartuta, gaur egungo erronka eta egoeretara egokitu behar dugu”
Kultura kooperatiboa indartzea da azken aldian kooperatibetako erronka garrantzitsu bat. Zure iritziz, zer pauso eman beharko lirateke norabide horretan?
Kultura kooperatibo sendo batek onura handiak ekartzen dizkio kooperatibari, barne talentua zaintzetik, garapen teknologikoa bultzatzera. Kooperatibaren balioak eta printzipioak oinarri hartuta, gaur egungo erronka eta egoeretara egokitu behar dugu. Aldaketa handiak bizi ditugu gizartean, merkatuan eta ekonomian, eta kooperatibak ere egoera berri horretara moldatu behar dira.
Azken urteotan gazteak erakartzeko estrategia garatu duzue. Ze emaitza eman ditu estrategia horrek?
Gazteek lehentasun desberdinak dituzte gaur egun, eta kontziliazio baldintzak oso garrantzitsuak dira haientzat. Elkarrizketetan, aspektu ekonomikoak ez dira bakarrak; familia eta lana uztartzeko baldintzak ere mahai gainean jartzen dira. Guk ere aldaketa horretara egokitu behar dugu, eta horretan ari gara lanean.
Zerk bereizten du Erreka?
Erreka kooperatibak bere ibilbidean ausardia handia erakutsi du. Tailer txiki bat izatetik, automoziorako torlojuak egiten zituenetik, hiru negozio-ildo sendo dituen enpresa bat izatera igaro gara, mundu osoko filial eta delegazioekin. Hazkunde bidean jarraitzen dugu, eta hori da gure bereizgarrietako bat: aukera berriak bilatzeko eta lantzeko ausardia.
Erreka Taldeko kolektiboari helarazi nahi diozun mezuren bat?
Errekaren etorkizuna guztion artean eraikiko dugu. Gizartea, merkatua eta ekonomia etengabe aldatzen ari dira, eta aldaketa hauek geroz eta azkarrago gertatzen dira. Gu ere malguak eta arinak izan beharko gara horiei aurre egiteko.