Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketak Aspacelagun saria jaso du

Aspace Gipuzkoak saria eman dio Arizmendi Ikastolako Hasierako Lanbide Heziketari, azken 17 urteotan elkarrekin egindako jarduerak eta partekatutako bidea atiortzeko. Omenaldia pasa den urriaren 3an egin zen Donostian, X. Aspace Egunaren barruan.
Card image cap
2026/10/08

Bidean elkarrekin ikasi, gozatu eta haztea da Arizmendi Ikastolako hezkuntza-komunitatearen oinarrietako bat. Oinarri horren erakusgarri, Aspace Gipuzkoak Aspacelagun Saria eman dio Arizmendi Ikastolako Hasierako Lanbide Heziketari, azken 17 urteotan bi erakundeen artean egindako jarduerak eta partekatutako bidea aitortzeko.

WhatsApp Image 2026-10-03 at 13.54.07.jpeg

Aitor Guridi, eskuinetik hasita bigarrena.

Omenaldia pasaden urriaren 3an egin zen Donostian, X. Aspace Egunaren jai giro ederrean. Arizmendi Ikastolaren izenean, Aitor Guridik, Hasierako Lanbide Heziketako arduradunak, jaso zuen saria. Urte hauetan guztietan askotariko ekimenak eraiki dituzte elkarrekin: paseoak, boccia jokoa, toketak eta beste hainbat topaketa.

"Sari honek urte hauetan guztietan jardueretan parte hartu duten pertsona guztien ekarpena balioesten du, baita elkarlana posible egin duten guztien konpromiso eta gogoa ere"

Jarduera horiek guztiak elkar ezagutzeko, gozatzeko eta pertsonen arteko harremanak sendotzeko aukera paregabea izan dira, parte hartu duten pertsona guztiei esperientzia aberasgarriak eskainiz. Arizmendi Ikastolatik poz eta ohore handiz jaso dute aitortza: "Sari honek urte hauetan guztietan jardueretan parte hartu duten pertsona guztien ekarpena balioesten du, baita elkarlana posible egin duten guztien konpromiso eta gogoa ere", adierazi dute ikastolatik. Era berean, eskerrak eman dizkiote Aspace Gipuzkoari sariagatik zein partekatutako une guztiengatik, aurrerantzean ere elkarrekin ikasten eta esperientzia berriak bizitzen jarraitzeko konpromisoa berretsiz.