Fagor Taldeak 1.735 milioi euroko salmentekin itxi du 2025eko ekitaldia

Fagor Taldeko kooperatibek hazkundeari eutsi diote nazioarteko lehia gero eta handiagoa den testuinguruan; aldi berean, garapen teknologiko berrietan aurrera egin eta gizartearekiko konpromisoa indartzen jarraitu dute.
Card image cap
2026/06/01

Fagor Taldeak 1.735 milioi euroko salmentekin amaitu du 2025eko ekitaldia. Ostiral honetan Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan egindako Batzar Nagusian, taldeko kooperatibek nazioarteko ziurgabetasunari aurre egiteko erakutsi duten egokitzeko gaitasuna nabarmendu dute.

Fagorreko presidente Joxean Alustizak azaldu duenez, azken urtean merkatuaren ezegonkortasunak eta nazioarteko egoerak eragin handia izan dute jarduera ekonomikoan. Hala ere, kooperatibek egoera berrietara moldatzeko eta erabaki estrategikoak hartzeko gaitasuna erakutsi dute.

Azken urtean merkatuaren ezegonkortasunak eta nazioarteko egoerak eragin handia izan dute jarduera ekonomikoan. Hala ere, kooperatibek egoera berrietara moldatzeko eta erabaki estrategikoak hartzeko gaitasuna erakutsi dute.

Lehia globalari erantzunez

Taldeko arduradunen esanetan, Europako merkatuan Txinako enpresen presentzia gero eta handiagoak hainbat sektoretan eragin zuzena izan du, eta horrek estrategia berriak garatzera behartu ditu kooperatibak.

Horren adibide da Fagor Ederlan. Kooperatibak laster hasiko ditu Leapmotor marka txinatarraren hainbat ibilgailu elektrikotarako egitura-osagaien hornidurak. Jarduera berri horri esker, Zaragozako ekoizpen planta berriz martxan jarri da.

Bestalde, Fagor Taldeko kooperatibek dibertsifikazioaren aldeko apustua indartzen jarraitu dute. Ildo horretan, Fagor Arrasatek eta Funditec ikerketa-zentroak elkarlanean robot humanoide industrialak diseinatzeko, garatzeko eta fabrikatzeko proiektu bat abiatu dute.

Presidente aldaketa Fagor Taldean

Aurtengo Batzar Nagusia Joxean Alustizak zuzendu duen azkena izan da. Hamasei urtez Fagor Taldeko presidente izan ondoren, kargua utziko du, eta haren lekukoa Igor Herrartek hartuko du. Herrarte  Mondragon Assembly kooperatibako presidentea da gaur egun.

Agur mezuan, Alustizak adierazi du lasai uzten duela ardura, Fagorrek bere izaera kooperatiboari eusten diola eta etorkizunerako oinarri sendoak dituela ikusita.

Alustizak adierazi du lasai uzten duela ardura, Fagorrek bere izaera kooperatiboari eusten diola eta etorkizunerako oinarri sendoak dituela ikusita.

3,1 milioi euro gizarte-ekimenetara

Gizartearekiko konpromisoari dagokionez, Fagorrek bere irabazien %12 bideratu du helburu horretara. Guztira, 3,1 milioi euro eman ditu 2025ean komunitateari, Debagoienari, Euskal Herriari eta nazioarteko hainbat ekimeni laguntzeko.

Babestutako proiektuen artean daude Debagoieneko elikadura-burujabetza sustatzen duen Tokixan ekimena, eskualdeko hezkuntza-proiektuak, Argitzen energia-trantsizioari buruzko herritarren deliberazio-prozesua, Arizari (Arizmendi Ikastola) Haize Berri eta Shifa erakundeen gizarte-ekimenak, eta  Mundukide Fundazioaren jarduerak.

Zortzi kooperatibek osatzen dugu Fagor Taldea