Irakurriena
- 1. Kreanek eraikiko du Lascaray-LEAren lantegiaren aro berria
- 2. Gutun irekia Arizmendiarrietari
- 3. Fagor Arrasatek HERPASAren ekoizpen-unitatea erosi du, altzairu herdoilgaitzezko deposituen espezialista
- 4. Orbea saritua izan da 2026ko Euskadi GJHen sarietan
- 5. Ruben Gabilondo, Orbeako presidentea: “Orbeako urte onenetako batzuk bizitzea tokatu zait”
- 6. Bazkide eta birkokatuentzako birkualifikazio programa amaitu du Fagor Ederlanek
Aprendizak programaren bigarren promozioaren graduazioa egin dute Mondragon Goi Eskola Politeknikoak eta Amazonek
Mekatronika Industrialeko Aprendizak programaren bigarren promozioaren graduazio-ekitaldia egin dute Mondragon Goi Eskola Politeknikoak (MGEPk) eta Amazonek. Bi urteko prestakuntzaren ondoren, 53 ikaslek —39 programa nazionalekoak eta 14 transnazionalekoak— Goi Mailako Heziketa Zikloko titulua lortu dute Mekatronika Industrialean. Promozio berriak hazkunde handia izan du lehenengo edizioarekin alderatuta —20 ikasle graduatu ziren—; beraz, bilakaera positiboa izan du martxan jarri zenetik.
Amazonek eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoak batera bultzatutako lanbide heziketa dualaren eredua aintzatesten du sariak, prestakuntza akademikoa eta esperientzia praktikoa uztartzen baititu
Programaren barruan, graduatutako ikasleetako 14k jarraipena emango diote prestakuntza-ibilbideari, Mekatronikako titulua Alemaniarekin homologatzeko, Espainiarako Alemaniako Merkataritza Ganberaren lankidetzari esker. Ziurtagiri horrek garapen profesionalerako aukerak zabaltzen ditu, eta jasotako prestakuntzaren nazioarteko proiekzioa indartzen du.
"Amazonek talentuaren eta lanbide-heziketa dualaren alde egindako apustua erakusten du Aprendizak programak. Gainera, bigarren promozioaren graduazioak agerian utzi du profesional teknikoen garapenarekin eta ikaskuntza akademikoa eta esperientzia praktikoa uztartzen dituen prestakuntza-ereduarekin dugun konpromisoa. Mondragon Goi Eskola Politeknikoarekin lankidetzan jarraitzea funtsezkoa da, etengabe aldatzen ari den sektore honen erronkei aurre egiteko prestatutako profesionalak trebatzen jarraitzeko", nabarmendu du Marta Casasayasek, Amazoneko Aprendizak programaren arduradunak.
Logistika-sektorearen beharrak
Amazonen eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren arteko lankidetza, 2023an hasitakoa, Mekatronika Industrialeko Goi Mailako Heziketa Zikloaren bidez gauzatzen da, eredu dualari jarraituta. Arrasateko prestakuntza-aldi teoriko trinkoak eta Amazonek hainbat probintziatan (Madrilen, Sevillan, Gironan, Murtzian eta Toledon, besteak beste) dituen zentro logistikoetako praktika profesionalak uztartzen ditu programak. Mekatronika Industrialean goi-mailako kualifikazioa duen talentu teknikoa prestatzea da helburua, logistika-sektorean asko eskatzen baita profil hori. Horrela, Amazonentzat bereziki sortutako formatu batean ematen da programa, eta enpresak langileen prestakuntzan dituen behar zehatzei erantzuten die.
Proposamena Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin lankidetzan eraman da aurrera, hiru aldeek baitute prestakuntza sektorearen benetako beharretara egokitzeko konpromisoa. Testuinguru horretan, enpresen beharretara egokitzeko gaitasuna duela erakutsi du, beste behin, Mondragon Goi Eskola Politeknikoak; hain zuzen, Mekatronika Industrialeko Goi Mailako Heziketa Zikloaren formatua doitu egin du, Amazonen eskakizun bereziei erantzuteko eta konpainiak bere eragiketa-zentroetan behar duen talentu teknikoa prestatzeko.
Programaren eduki akademikoari eutsiz, irakaste-modalitate honek aukera ematen die ikasleei prestakuntza teorikoa Arrasaten egiteko, eta zati praktikoa Amazonek hainbat probintziatan dituen zentro logistikoetan gauzatzeko. MGEPko irakasleen eta Amazonen zentro logistikoetan tutoretzaz arduratzen diren pertsonen lanari eta konpromisoari esker jarraitzen du programak aurrera; pertsona horien lana funtsezkoa da laguntza, koordinazioa eta ikaskuntza praktikoaren kalitatea bermatzeko.
Bikaintasunagatik aintzatetsitako programa
Aprendizak programak Lanbide Heziketako Bikaintasunaren 2026ko saria jaso du duela gutxi, Bertelsmann Fundazioaren eta CEOE Fundazioaren eskutik. Horren bidez, lanbide-heziketako ekimenak saritzen dira, kalitatea, berrikuntza eta enplegagarritasunean duten eragina aintzat hartuz. Amazonek eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoak batera bultzatutako lanbide heziketa dualaren eredua aintzatesten du sariak, prestakuntza akademikoa eta esperientzia praktikoa uztartzen baititu, etorkizuneko profesionalak espezialitate teknikoetan prestatzeko, hala nola Mekatronika Industrialean.