Irakurriena
- 1. Fagor Arrasatek HERPASAren ekoizpen-unitatea erosi du, altzairu herdoilgaitzezko deposituen espezialista
- 2. Orbea saritua izan da 2026ko Euskadi GJHen sarietan
- 3. Ruben Gabilondo, Orbeako presidentea: “Orbeako urte onenetako batzuk bizitzea tokatu zait”
- 4. Bazkide eta birkokatuentzako birkualifikazio programa amaitu du Fagor Ederlanek
- 5. Arizmendiarrieta Gunea zabalik da Otaloran
- 6. Eroski Taldeak 17,8 milioi euroko emaitza positiboa izan du 2026ko lehen hiruhilekoan
Second Step: zapatilei bigarren aukera bat emateko ekintzailetza-proiektua
Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, proiektuak Garberan jarriko du abian esperientzia pilotua, eta Gipuzkoa aitzindari bihurtuko du konpondu eta berrerabiliko diren oinetakoak biltzeko ereduan. Jasangarritasunaz harago, Second Stepek erakusten du unibertsitateko ekintzailetzak gizartean eragina sor dezakeela, baita tokiko ekonomia indartu eta kontsumo arduratsuaren erronkei erantzun berriak eskaini ere.
TU Lankiden Alema Sáenzekin hitz egin dugu, Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza (LEINN) Graduko ikaslearekin, ideiaren jatorriaz, ikasgeletatik proiektua martxan jarri arte egin duten bideaz eta, batzuetan, aukerarik onenak bigarren urrats batekin hasten direla erakutsi nahi duen proiektu honen atzean dauden ikasketez.
Oraindik Second Step ezagutzen ez dutenentzat, zertan datza proiektua eta zer behar ikusi zenuten martxan jartzeko?
Second Step irabazi-asmorik gabeko proiektua da, erabiltzen ez ditugun zapatilei bigarren bizitza bat ematea helburu duena. Horretarako, edonork erabiltzen ez dituen zapatilak uzteko edukiontzi bat jarri dugu. Ondoren, jasotako zapatilak sailkatu egiten ditugu: oraindik erabil daitezkeenak tokiko zapatagileen esku uzten ditugu, haiek konpondu eta berriz erabiltzeko moduan utz ditzaten. Erabili ezin direnak, berriz, birziklatzera bideratzen dira.
Ideia sortu zen konturatu ginelako zapatila asko zakarrontzira botatzen direla, oraindik erabilgarriak izan arren. Aldi berean, tokiko merkataritza babesteko aukera ere ikusi genuen, kasu honetan zapatagileen lanbidea. Askotan oharkabean pasatzen den eta pixkanaka galtzen ari den ofizioa da. Horrez gain, gizartean zein ingurumenean eragin positiboa sortu nahi genuen.
Second Step unibertsitateko proiektu gisa jaio zen. Nolakoa izan da ikasgelan garatutako ideia bat Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa duen ekimen bihurtzeko bidea?
Guk LEINN gradua ikasi dugu, egiten ikasiz (learning by doing) oinarritutako ikasketa eredua. Gradu honetan ez da nahikoa ideia bat izatea; kalera irten, jendearekin hitz egin, proiektua baliozkotu eta benetako zerbait bihurtzea da helburua.
Ez da bide erraza izan, ezta laburra ere, baina pertsona askoren laguntzari esker, Jonek eta biok sortutako ideia Gipuzkoako Foru Aldundiari aurkeztea lortu genuen, zehazki Jasangarritasun Departamentuari. Hasieratik bertatik konfiantza osoa erakutsi zuten ekimenarekiko.
Guretzat oso pozgarria da, erakusten duelako unibertsitatean sortutako ideia batek benetako eragina izan dezakeela gure lurraldean.
Guretzat oso pozgarria da, erakusten duelako unibertsitatean sortutako ideia batek benetako eragina izan dezakeela gure lurraldean.

Proiektuak ez du hondakinak murriztea bakarrik bilatzen; tokiko zapatagileekin eta gizarte-erakundeekin elkarlanean, lurraldean ere eragina sortu nahi du. Zergatik zen garrantzitsua zuentzat Second Stepek dimentsio sozial eta tokiko ekonomiaren aldeko ikuspegia ere izatea?
Hasieratik ulertu genuen benetako balioa ez zegoela zapatilak biltzean bakarrik. Gure helburua zen jasotzen genuen zapatila pare bakoitzak eragin positiboa sortzea. Alde batetik, hondakinak murrizten laguntzen dugu, berrerabilpena sustatzen dugu eta kontsumo arduratsuagoa bultzatzen dugu. Bestetik, tokiko zapatagileen lana babestu eta ikusgarritasuna ematen diegu, oinetakoen bizitza erabilgarria luzatzeko funtsezko lana egiten baitute.
Gainera, jasotzen ditugun 100 zapatila paretik 10 gizarte-erakundeei ematen dizkiegu, benetan behar dituzten pertsonengana irits daitezen. Azkenean, zapatila pare bakar batek ingurumenari, ekonomiari eta gizarteari mesede egin diezaioke.
Jasotzen ditugun 100 zapatila paretik 10 gizarte-erakundeei ematen dizkiegu, benetan behar dituzten pertsonengana irits daitezen. Azkenean, zapatila pare bakar batek ingurumenari, ekonomiari eta gizarteari mesede egin diezaioke.
Datozen hilabeteetan Garberako esperientzia pilotuarekin probatuko duzue proiektua. Zer erakutsi nahiko zenukete pilotu honekin eta zein izango lirateke hurrengo urratsak harrera ona izango balu?
Pilotuaren helburua da erakustea eredu honek funtzionatzen duela eta herritarrek parte hartu nahi dutela. Zenbat zapatila biltzeko gai garen, horietatik zenbat berrerabili daitezkeen, zenbat pertsonari lagundu ahal diegun eta, batez ere, jendeak horrelako ekimen bati nola erantzuten dion ikusi nahi dugu.
Harrera ona izango balu, beste leku batzuetan bilketa-puntu gehiago jartzea gustatuko litzaiguke, eta gero eta kolaboratzaile sare handiagoa sortzen jarraitzea, bai negozioekin bai erakundeekin. Helburua da etorkizunean erreferente izan daitekeen eredua baliozkotzea, Second Step beste udalerri batzuetara eta baita beste autonomia-erkidego batzuetara ere zabaltzeko.

Ikasle askok ideiak dituzte, baina ez dira beti ausartzen haiek garatzera. Zuen esperientziatik abiatuta, zer aholku emango zeniekete unibertsitateak eskaintzen dituen aukerak baliatuz ekin nahi dutenei?
Esango nieke ez itxaroteko ideia perfektua iritsi arte, ziurrenik inoiz ez delako iritsiko. Garrantzitsuena kalera ateratzea da, jendearekin hitz egitea eta ideia horrek benetako arazo bati erantzuten dion egiaztatzea.
Era berean, "ez" hitzari beldurrik ez izateko esango nieke. Guk asko jaso ditugu, eta bakoitzak proiektua hobetzen lagundu digu. Ezezkoa ez da porrota; ikasteko eta aurrera egiten jarraitzeko aukera bat da.
"EZ" hitzari beldurrik ez izateko esango nieke. Guk asko jaso ditugu, eta bakoitzak proiektua hobetzen lagundu digu. Ezezkoa ez da porrota; ikasteko eta aurrera egiten jarraitzeko aukera bat da.
Akatsak bidearen parte dira, eta askotan proiektu erreal bat eraikitzeko bidelagun onenak bihurtzen dira. Eta, batez ere, gauzak egitera ausartzeko. Ideia on asko ez dira inoiz gauzatzen lehen pausoa emateko beldurragatik. Unibertsitatea une ezin hobea da probatzeko, huts egiteko eta berriro saiatzeko. Eta, batez ere, laguntzeko prest dagoen jende onez inguratzea.