Espainiako Ganberak bertatik bertara ezagutu ditu MONDRAGONen eredu kooperatiboa, industriala eta teknologikoa.

Bisita instituzionalak bi erakundeen arteko harremana sendotzeko eta lehiakortasunaren, berrikuntzaren eta nazioartekotzearen arloko erronka komunak partekatzeko aukera eman zuen.
Card image cap
2026/09/23

Espainiako Merkataritza Ganberaren ordezkaritza batek, Jose Luis Bonet presidentea buru duela, MONDRAGON bisitatu du, MONDRAGONen eredu kooperatiboa, industria-gaitasunak eta berrikuntzaren zein eraldaketa teknologikoaren aldeko apustua bertatik bertara ezagutzeko. Bonetekin batera, Inmaculada Riera zuzendari nagusiak, Adolfo Díaz-Ambrona idazkari nagusiak eta Pau Herrera Presidentetzako aholkulariak parte hartu dute bisitan.

MONDRAGONen aldetik, anfitrioi lanak egin dituzte Pello Rodriguez Korporazioaren presidenteak eta Oskar Goitia MONDRAGON Internacionaleko presidenteak. Agenda Danobaten hasi da, Nerea Aranguren Makina-Erreminta eta Automatizazio Dibisioaren presidenteordearekin, eta ondoren Ikerlanen jarraitu du, Ion Etxeberria zuzendari nagusiak egindako harrerarekin. Amaitzeko Zentro Korporatiboan zein Otaloran ere egon ziren.

MONDRAGONen industria- eta teknologia-dimentsioa, eraldatzekoa zein etorkizuneko negozio eta enplegu berriak sortzeko duen gaitasuna ezagutu zuten Espainiako Ganberaren ordezkariek. Topaketak, halaber, bi erakundeen arteko harremana sendotzeko balio izan zuen, partekatzen dituzten interesetan oinarrituta: nazioartekotzea, industria-lehiakortasuna, berrikuntza eta Europako subiranotasun teknologiko eta industriala.

MONDRAGON Espainiako Ganberaren Osoko Bilkurako kide da 2017az geroztik —gobernu eta ordezkaritza orokorreko organo gorena—, eta aktiboki parte hartzen du hainbat batzordetan, hala nola Nazioartekotze, Industria, Europako Gai, Nekazaritzako Elikadura eta Hezkuntza eta Enpresa batzordeetan; hain zuzen ere, MONDRAGONeko kooperatibek jarduera duten sektoreak dira horiek.